Sortzea, EZ errepikatzea. Artium Bildumaren funtseko lan grafikoak. Ediciones La Taller Bilduma

Hasiera: Larunbata, 17 Otsaila 2018

Amaiera: Igandea, 18 Martxoa 2018

Lekua: ZabalArte, Agurain; La Casona, Amurrio

Erakusketan 31 egileren lana aurkezten da —gehienak gure inguru hurbilekoak—, azken 10 urteetan egina.

Egoitzak:
ZabalArte, Agurain, 2018ko otsailaren 17tik martxoareb 18ra
La Casona erakustareoa, Amurrio, 2018ko martxoaren 23tik apirilaren 22ra

Artistak: Natalia Albéniz, Izaskun Álvarez Gainza, Miren Arenzana, Itziar Barrio, Mikel Belakortu, Toni Crabb, María Domínguez Campelo, Oier Etxeberría, César Fernández Arias, Charo Garaigorta, Amaia Gracia Azqueta, Cristina Gutiérrez-Meurs, Jabier Herrero, Eduardo Hurtado, Gema Intxausti, Zuhar Iruretagoiena, Miriam Isasi, Jeleton, Gabriela Kraviez, Eunkang Koh, Olaf Ladousse, Nerea Lekuona, Elena Mendizabal, Jasone Miranda, Antonio Ruiz Montesinos, Mónica Ortuzar, Mario Paniego, Javier Pividal, Iker Serrano, Aristide Stornelli, Susana Talayero eta Juan Pablo Villalpando.

Komisarioa: Enrique Martínez Goikoetxea

Bere funtsak Arabako herrietara eramateko gonbidapena luzatu zaio Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoari. 1960ko hamarkadan hasita, gure inguruan egiten den artearen bilduma bikaina bilduz joan da Arabako Foru Aldundia bere funtsetan. Gogoetaren sinonimotzat jotzen dugun artea, esperientzia eta irudi bihurtua, pentsarazten duten objektuak eta, gure eguneroko bizitza baldintzatzen duten mugez harago, mundua norabide askotan hedatzen dutenak.

Oraingo honetan Bildumaren azken eskuratzeetako bat ezagutarazteko eta nabarmentzeko aukera dugu, gogoeta eginarazteko eta ideiak zabaltzeko eraginkorrenetakoa den teknika baten eskutik, irudi-mundu intimo baina, aldi berean, boteretsu baten eskutik: grabatuarenetik. Sortzea, EZ errepikatzea erakusketan 31 egileren lana aurkezten da —gehienak gure inguru hurbilekoak—, azken 10 urteetan egina. Sortzeko prozesuaz eta ikerketa plastikoaz mintzo zaizkigu lan horiek, topaketaz eta komunikazioaz, eta beste irizpide garrantzitsu batez: artearen demokratizazioaz. Izan ere, irizpide horri esker, arte garaikidean eta haren esperimentatzeko eta mundua pentsatzeko moduan interesatuta dagoen gero eta jende gehiagorengana hurbildu da artea. 

Objektu horiek, Maite Martínez de Arenazak Bilbon duen La Taller izeneko estudioan eginak, bi ezaugarrik bereizten ditu inprimatzailearen esanetan: arretak eta kalitateak, «ondo biziz joateko eta, ahal dela, astiro». 39 pieza dira guztira, eta erabilitako teknikak era guztietakoak, hasi tradizionaletatik (xilografia, litografia, ur bortitza…) eta berrienetara (sortzeko modu digitalak, prozesuak eta objektuak konbinatzeko ahalbidea…).

Artista parte-hartzaileak beste teknika bisual batzuetatik iritsi dira arte grafikora. Eskulturan, margolaritzan, instalazioan, marrazkian, bideoan nahiz ekintzan izandako esperientziari inprimatzearen prozesu xehearen berotasuna gehitzen zaio, idaztearen jardunaren antzekoa, prozesu gogoetatsu eta limurtzailea. Teknika eta hizkuntza —ikerketa artistikorako espazio gisa— eta prozesua, gai sentibera gisa, dira sorta honen argudio tematiko nagusiak. Artearen esperientzia aldarrikatzen da, eta irudien elkarreragina, ikusten denaren eta sentitzen denaren artean.

Grabatuak, teknika gisa, bi eginkizun izan ditu historikoki: sortzea, batetik, eta informazioa zabaltzea eta publiko bati ezagutaraztea, bestetik. Baina gaur egun, mendekotasun hori hautsirik eta gainerako arte bisualetan gertatzen denarekin bat eginez, kontzeptuan oinarritzen da prozesuan baino gehiago. Sortzea, EZ errepikatzea izenburuak hori nabarmendu nahi du, hain zuzen ere: mezuaz eta bitartekoaz jabetzeak hartu duen garrantzia. Areagotu egiten du funtzio poetikoa, genesi sortzailearena, eta prozesuaren alderdi bakoitzetik —matrize bat sortzea, frogak egitea, estanpazioa, formalizazioa eta aurkezpena— eduki txit esanguratsuak ateratzen ditu. Oso teknika zorrotzean oinarritzen da ekoizpena —sortzeko motibazioaren makulu gisa erabiltzen da askotan zorroztasun hori—, eta transmititzen duenaren konpromisoan, esanahia sortzeko konpromisoan. Bestalde, objektuak sortzetik lerratzen da anizkun izatea , «guztiontzako» irisgarria den arte bat sortzeko asmoz, banatzeko gaitasun horretan bermatuz.

Azkenik, aipatu nahiko genuke artelan horietatik 4 erakusketa honetarako dituztela propio arabar testuinguruko beste hainbeste artistak: Nerea Lekuona, Natalia Albéniz eta Miriam Isasi gasteiztarrek eta Mario Paniego amurrioarrak. Beren proposamenak proiektuari gehitu zaizkio. Hala, lan berri horiek Museoaren funtsetan sartuta, jendaurrean jarriko dira, publiko interesatuaren gozamenerako, haien kostua eragozpen izan gabe.

Inaugurazio- eta jarduera-programa (pdf)

Aguraingo jarduera-programa

Otsailaren 17an, larunbata, 12:00etan, inaugurazioa eta erakusketaren bisita iruzkinduna
Ordutegia: Asteartetik igandera: 10:00etatik 14:00etara
Doako jarduera

Grabatu-lantegia
Irudiak errepikatzeko metodo tradizionalen multzoa da grabatua. Lantegi honetan bi teknika klasiko ezagutzera gonbidatu nahi zaitugu: punta lehorra eta linoleografia.
Irakaslea: Maite Martínez de Arenaza (La Taller)
Non: ZabalArten (Kale Nagusia 8, Agurain)
Noiz: otsailaren 23an, ostirala, 17:00etatik 19:00etara
Adina: 6 urtetik gora
25 lagun gehienez ere (izena emandako hurrenkeraren arabera)

Serigrafia-lantegia
Lantegi honetan serigrafi a egiten ikasiko dugu, inprimaketa sortzailea egiteko teknika bat, gure arte- eta hezkuntza-proiektuetan eta etxean erabiltzeko. Diseinuak, marrazkiak eta argazkiak inprimatuko ditugu oihalaren gainean.
Irakaslea: Ibon Sáenz de Olazagoitia
Non: ZabalArten (Kale Nagusia 8, Agurain)
Noiz: I- martxoaren 2an, ostirala, 17:00etatik 20:00etara; II- martxoaren 3an, larunbata, 10:30etik 13:30era
Adina: 14 urtetik gora
10 lagun gehienez ere (izena emandako hurrenkeraren arabera)

Izen-ematea:
Aurrez aurre: Aguraingo udaletxean
Helbide elektronikoaren bidez: kultura@agurain.com
Telefonoz: 954 300 155

Amurrioko jarduera-programa

Martxoaren 23an, ostirala, 18:00etan: erakusketaren bisita iruzkinduna; 19:00etan: inaugurazioa
Ordutegia: astelehenetik ostiralera: 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara;  larunbatak, igandeak eta jaiegunak: 10:00etatik 13:00etara
Doako jarduera

Grabatu-lantegia
Irudiak errepikatzeko metodo tradizionalen multzoa da grabatua. Lantegi honetan bi teknika klasiko ezagutzera gonbidatu nahi zaitugu: punta lehorra eta linoleografia.
Irakaslea: Maite Martínez de Arenaza (La Taller)
Non: Kulturetxean (Eskola artistikoaren margolaritza-lantegian)
Noiz: apirilaren 20an, ostirala, 17:00etatik 19:00etara
Adina: 6 urtetik gora
25 lagun gehienez ere (izena emandako hurrenkeraren arabera)

Serigrafia-lantegia
Lantegi honetan serigrafi a egiten ikasiko dugu, inprimaketa sortzailea egiteko teknika bat, gure arte- eta hezkuntza-proiektuetan eta etxean erabiltzeko. Diseinuak, marrazkiak eta argazkiak inprimatuko ditugu oihalaren gainean.
Irakaslea: Ibon Sáenz de Olazagoitia
Non: Kulturetxean (Eskola artistikoaren margolaritza-lantegian)
Noiz: I- apirilaren 13an, ostirala, 17:00etatik 20:00etara; II- apirilaren 14an, larunbata, 17:00etatik 20:00etara
Adina: 14 urtetik gora
10 lagun gehienez ere (izena emandako hurrenkeraren arabera)

Izen-ematea:
Aurrez aurre: Amurrioko Kulturetxean

produccion no reproduccion logos

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand