Norberak eraikitzea. Pieza solteak. Jolasa eta esperientzia. Antonio Ballester Moreno

Norberak eraikitzea. Pieza solteak. Jolasa eta esperientzia. Antonio Ballester Moreno Irudia: Antonio Ballester Moreno, 2020

Hasiera: Ostirala, 2021(e)ko Ekainaren 25a

Amaiera: Astelehena, 2021(e)ko Azaroaren 01a

Lekua: A3 aretoa

Plazaraturen testuinguruan txertatuta, Norberak eraikitzea. Pieza solteak. Jolasa eta esperientzia hasiera batean erakusketa-proiektu gisa formulatu zen, lehenik eta behin, ohiko erakusketa bat ez izateko eta, bigarrenik, dagoenaz bestelako espazio batetik ulertu ahal izateko. Plaza batetik, parke batetik, eskola baten patiotik edota egunero gabiltzan kaleetatik. Horretarako, agertokia museoko aretoetako bat izan arren, planteamendua ate atzean dago, orain baratzeak hartzen duen kanpoko esparru horretan, zeinak, azkenik, begiak lurpeko aretoen barrualdera ere zabaldu baititu, eta auzotar batentzat edo hiri oso batentzat jolasleku bihurtzeko borrokan ari baita, jolasa haurren ondare esklusiboa denik ukatuz, jakina.

Horri guztiari itxura emateko, jolasa ikaskuntza-prozesu gisa harturik «norberak eraikitzean» oinarritutako praktika historiko multzo bat berrikusi da. Praktika horiek —ia guztiak 1960ko eta 1970eko hamarkadetan sortu edo aldarrikatuak— magma teoriko-praktiko bat osatzen dute, eta hori abiapuntu hartuta lantegi bana proposatu da, bat Barrutia Ikastolarekin (Vitoria-Gasteiz) eta bestea Dinamoa Sormen Gunearekin (Azpeitia), eta horien emaitza da orain topaketarako eta ikaskuntzarako gune hau eratzen duen instalazioa. Aldi berean, erakusketa honen bi muturretan, hitzaurre eta epilogo gisa, dokumentu-multzo bat aurkitzen da, eta bertan, esperientzia horietatik eratorritako materialez gain, bibliografia-aukera zabala dago kontsultatzeko. Saiakera pedagogiko historikoekin loturak sortu nahi dituzten hainbat dokumentu dira, esate baterako Lady Allen of Hurtwoodek, Emmi Pikler-ek, Palle Nielsenen edo Simon Nicholsonek proposatutakoekin (azken honen «pieza solteen» teoria erabakitasun handiz sartu da hemen, eta azkenean ez da kasualitatea proiektuaren izenburuan agertzea); baina baita diseinu demokratikoko ereduekin ere, hala nola Enzo Marik edo Lina Bo Bardik sortutakoekin.

Prozesu horri amaiera emateko, eta Antonio Ballester Morenoren egiteko moduekin elkarrizketan, Abraham Cruzvillegas, Carme Nogueira eta Raphael Escobar artistei gonbidapena luzatu zaie, erakusketa honen helburuekin bat datozen hainbat lan espazio honetan txertatzeko.
 
Norberak eraikitzea. Pieza solteak. Jolasa eta esperientzia erakusketak prozesuari, jarduerari, gauzak egiteko bultzadari, eraikitzeari, berreraikitzeari, konpontzeari eta birmoldatzeari lotutako jolasaren nozioa esploratu nahi du, baita ekintza nola jolas bihurtu eta, beraz, ikasteko, prestatzeko eta bizitzeko modu nola bihurtu. John Dewey pedagogoak zioen «heziketa esperientziatik abiatutako prestakuntza» dela, eta haurrek benetako lanetik eta esperientzia zuzenetik ikastea defendatzen zuen, aulki bat eginez eta ez arotz izatera jolastuz.

Antonio Ballester Morenok bakarkako erakusketak egin ditu Valladolideko Patio Herreriano Museoan, Madrilgo La Casa Encendida museoan, Mexikoko Guadalajarako MAZ museoan, Leongo MUSAC museoan, Madrilgo MaisterraValbuena galerian, Lisboako Pedro Cera galerian, Santa Monicako Christopher Grimes museoan eta Berlingo zein Los Angeleseko Peres Projects museoetan. Talde-erakusketetan ere parte hartu du, hala nola Sao Pauloko 33. biurtekoan, artista eta komisario gisa, Michigango MSU Broad Museum-en, Madrilgo CA2Men, eta New York, Berlin eta Los Angeleseko galerietan, besteak beste. Bere lana bilduma hauetan dago: Reina Sofía Arte Zentro Nazionalean, MUSACen (Leon), CA2Men, Iberdrola Bilduman eta Fundación Helga de Alvear-en.

Argitalpena  Lista de obras  Prentsa 

 

Komisariotza: Ángel Calvo Ulloa
Barrutia Ikastolarekin eta Dinamoa Azpeitiko Sormen Gunearekin elkarlanean

logo dinamoa         Barrutia Ikastola

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand