José Félix González Placer (Vitoria-Gasteiz, 1951-1991) Bilboko Arte Ederren Goi Eskola/Fakultatean sortutako artista izan zen, eta jarduera zabala garatu zuen joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran eta laurogeiko hamarkada osoan. Haren interes artistikoak oso zabalak izan ziren. Nabarmentzekoak dira pintura, ilustrazioa eta animazio zinematografikoa. Aitzindari izan zen Euskadin arlo horietan.
Bereziki interesatu zitzaizkion gizakia, haren nortasun ugariak eta alderdi sozialak. Figurazio ireki bat praktikatzen zuen, lerro-dotoretasun handiarekin eta, askotan, Kitaj eta Hockneyren pop britainiarraren eragina nabari zitzaion, besteak beste. Azterketa-kasu honetan Bildumako obrak erakutsiko dira, artistaren artxiboko dokumentu sorta zabal batekin batera.