101. Ondare publikoa eraikiz

Hasiera: Osteguna, 17 Otsaila 2022

Amaiera: Igandea, 24 Apirila 2022

101 dira Museoaren Bilduman 2021era arte Eusko Jaurlaritzaren komodatu eran sartu diren piezak.

Gehienak 1982. eta 1995. urteetako Gure Artea sarietako lanak dira. Urte horien arteko edizioetan 96 sari eman ziren, diziplinen arabera antolatuak —pintura eta eskultura lehen edizioan, horiei grabatua gehitu zitzaien bigarren deialdian, eta argazkia 1989. urtetik aurrera—. Hurbileko publikoari zuzendutako erakusketetan parte hartzen zuten lanak ziren, garai bateko egiteko moduen kartografiak, eta, ondoren, euskal administrazioaren funtsen parte izatera pasatzen ziren.

Gure Artea Sariek 40 urte bete dituzte 2022an sortu zirenetik. Gaur egun duen sari hirukoitzaren—artista bati, kudeaketari eta ibilbideari— formatura iristeko bidean, hainbat aldaketa izan ditu, baina, zalantzarik gabe, ikusgarritasuna emateko espazio berezi bat sortzeko balio izan du, eta bertan bat egin dute Euskal Herriko artearen esparruan piztutako eztabaiden berri eman izan duten hizkuntza eta proposamen anitzek.

101, gainera, pauso garrantzitsua da ondarea eta oraintsuko historia kontserbatzeko eta aztertzeko. Sariaren parte diren artista eta obra multzo izugarria —lehen sorta bat aurkezten da orain— une konprometitu eta definizio-egarri baten isla da. Kultura-berrikuntza eta gizarte-aldarrikapena bat zetozen aldi batena, non borondate politikoak oinarrizko eragile gisa ikusten zituen artistak, guztiona denaren iruditeria berri bat eraikitzeko.

101ek museoaren lan-ildo nagusi batzuk nabarmentzen ditu, ondare publiko garaikidea kontserbatzeko, ikertzeko eta zabaltzeko eginkizunei lehentasuna ematen dietenak, hain zuzen ere. Ia 2.500 artelanek osatzen duten Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren ondare funts paregabean 101 artelan horiek sartzea urrats berri bat da oraina aztertzen eta hausnartzen laguntzeko zereginean.

Irudia: Izenbururik gabe, 1985. Juan Luis Moraza

Argitalpena Lan zerrenda

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand