Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean

Hasiera: Ostirala, 16 Urtarrila 2026

Amaiera: Igandea, 30 Abuztua 2026

Lekua: A2 aretoa

Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean erakusketak modu kritikoan eta espekulatiboan aztertzen du mugimendudun irudiak bestetasunaren (modernitatetik eratorritako gailu epistemologiko osoa oinarri hartuta Mendebaldetik eraiki eta definitua) kontakizunaren eta irudikapenaren eraikuntzan duen papera, zinema etnografikoaren askotariko tradizioa osatu baitzuen. Erakusketa-proiektua osatzen duten lanek askotan deseraiki egiten dituzte finkatutako metodologiak edo zalantzan jartzen dituzte irudiak ekoizteko teknologiak, baina kamera autoirudikapenaren zerbitzura jartzen dute orobat.

Maya Deren (Kiev, 1917 – New York, 1961) zinemagileak Haitin egindako lanaren inguruko hausnarketak hartzen ditu proiektuak abiapuntu, batetik, eta uhartera egin zituen bidaietan —vodouaren munduan sartuz— erregistratutako material filmikoa argitaratzeari uko egin izana, bestetik. Derenek Divine Horsemen. The Living Gods of Haiti (1954) liburuaren lehen orrialdeetan definitu zuen bere jarrera: «artista gisa hasi nintzen, errealitateko elementuak nire sormen-osotasunaren araberako artelan bihurtzeko manipulatuko zituen norbait izateko asmoz; azkenean, bere osotasuna onartzera eta nire manipulazioak uztera behartu ninduen errealitate baten logika erregistratu nuen ahalik eta apaltasun eta zehaztasun handienarekin». Zinema-formatua alde batera utzi eta idazketaren alde egite horrek zenbait elementu ematen dizkigu, dokumentu-formatuetako irudikapen-eragiketa inplizituei buruzko hurbilketa kritikoa eraikitzen hasteko.

Erakusketaren izenburua Trinh T. Minh-ha (Hanoi, 1952) zinemagile eta teorialari feminista vietnamdarraren Reassemblage (1982) filmetik hartutako aipu bat da. Senegalen filmatua, Reassemblage beste errealitate bat irudikatzeko asmotik urruntzen da, berez, zinemaren teknologiaren bidez irudi batzuk filmatzeko ekintzari berari buruzko hausnartzeko, eta irudi horiei Trinhen off-eko ahotsa gainjartzen zaie. Ez du errealitatearen azalpen antolatu eta objektibo bat eman nahi, eta bere asmoa ez da «inori buruz hitz egitea, inoren hurbiletik baizik». Hara zer dioen zinemagileak: «Bizitza ikusten dut niri begira. Zirkulu batetik begira nago begiraden zirkulu batean». Zirkulu horrek, kameraren leiarrak, filmatutako begiradak erregistratzen ditu, filmatzen ari denari begirada itzuliz; horrek guztiak agerian uzten du sortzen diren harreman-sareen konplexutasuna, subjektibotasun batzuen eta besteen arteko distantzia-oszilazioa tarteko, baina tarteko, orobat, desira ere.

Hala, erakusketak pentsamendu dekolonialaren, zibernetikaren eta feminismoen eragina jaso duten praktiken genealogia proposatzen du eta, gainera, mugimendudun irudiez gain, Vilem Flusserrek «irudi teknikoak» izena eman zien horien eta beste jardunbide artistiko batzuen artean proposatutako loturak ugaltzen dituzten beste lan batzuk biltzen ditu. 

Artistak: Sammy Baloji, Louidgi Beltrame, Minia Biabiany, Edgar Calel (Fernando Pereira dos Santosekin elkarlanean), Lastenia Canayo (Pecon Quena), Raymonde Carasco, Colectivo Los Ingrávidos kolektiboa, Maya Deren, Juan Downey, Sheroanawe Hakihiiwe, Aida Harika, Edmar Tokorino & Roseane Yariana, Helena Producciones, Hector Hyppolite, Morzaniel Ɨramari, Fratz Jacques «Guyodo», Karrabing Film Collective, Sarah Maldoror, Sueli Maxakali, Beatriz Santiago Muñoz, Rosalind Nashashibi, Deborah Stratman, Trinh T. Minh-ha, Santiago Yahuarcani

Catalina Lozano Artium Museoaren komisarioburuak komisariatua, Louidgi Beltrame artistarekin egindako elkarrizketak eta trukeak laguntzarekin. 

[Irudia: Colectivo Los Ingrávidos, 'The Sun Quartet, Part 4: Far from Ayotzinapa', 2017 (fotograma)]

Artelanen zerrenda   Argitalpena

Irudi sorta

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand