Patti Smith. Polaroids

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Patti Smith abeslari, musikagile eta artista bisualaren (Chicago, AEB, 1946) 17 argazkiko sorta bat du bere bilduman.

2008an artistari buruz antolatutako erakusketarekin bat etorriz, Gasteizen, Gernikan eta Donostian ibili zen Smith, aldean zeramatzala ohar-koadernoa eta argazki-kamera —Polaroid Land 250 bat—, eta argazkiak atera zituen zenbait tokitan: zuzeneko eta berehalako argazkiak, kamera-mota horri dagokion moduan. Hala, argazki horiek bidaia baten ohar eta memoria moduko bat osatu dute.

Irudi haietako batzuk dohaintzan eman zizkion artistak Museoari, eta haien sorta hautatu bat aurkeztuko da, orain, Bilduma, ikusgai egitarauaren barruan. Proiektu horrek helburu du, hain zuzen ere, Museoak eraikineko zenbait espaziotan txandaka aurkeztea bere funtsetan gorderik dituen obrak, obren mugimendua aktibatzeko eta haiek bisitariei ezagutzera emateko horrela.

Patti Smithek marrazketari loturiko sorkuntza landu zuen bere ibilbide musikalari ekin aurretik. Artistak berak dioenez, «abeslaria naiz, baina ez da hori garrantzizkoena. 1967an hasi nintzen arte bisualetan. Eta 1975ean grabatu nuen lehen diskoa».

Smith hirurogeiko hamarkadatik ari da marrazten, eta laurogeita hamarreko hamarkadan heldu zion argazkilaritzari, haren senarra, Fred Sonic Smith, hil zenean. Zuri-beltzeko argazkiak egiten ditu. Biran dabilenean arreta ematen dioten espazio eta objektuen, eraikinen edo kaleen irudiak. Bere poesian edo abestietan jarraitzen dion prozesuaren antzeko bidea eginez, haren irudiek zenbait esanahi-geruzaren artean jolas egiten dute, lausodurak proposatuz —batzuetan, hitzaren zentzu hertsian—, interpretaziorako tartea doi-doi utziz. Iradokitzen dutena baino gutxiago ezkutatzen duten irudiak dira —batzuetan lausoak, ez argiak, itzal ugarikoak edo ezohiko moduan laukiratuak—. Prozedura horrek zuzeneko lotura du haren letrekin, non ezer ez baita inoiz hitzez hitzezkoa. Hizkuntza batean nahiz bestean —argazkilaritzan nahiz musikan—, baita poesian ere, etengabe baliatzen du eremutik kanpokoa; objektuen eta eguneroko egoeren irudi intimistak, erresistentziaz mintzo zaizkigunak eta deklarazio politiko bihurtzen direnak.

 

Artelanak ikusgai 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand