Zinema Zikloa: Hasieratik. Zinema feministaren historiak

Zinema Zikloa: Hasieratik. Zinema feministaren historiak Irudia: "The Watermelon Woman". Cheryl Dunye, 1996

Kanonetik kanpo gelditu diren emakume zuzendariak eta beraien pelikulak ezagutzeko eta historia berri posible bat osatzeko ziklo bat

Historia guztiek daukate hasiera bat. Baina ez dago historia bakar bat. Kontalari bakoitzak sortzen du bere historia hitzez hitz. Pelikulaz pelikula zinemaren historiaren kasuan. Eta historia guztiek hasiera bat daukaten bezala, zinemaren historia bakoitzak lehenengo pelikula bat dauka. Askotan Lumière anaien La sortie de l’usine à Lyon izaten da lehenengo pelikula hori.

Alice Guy zinemagilearekin emango diogu hasiera ziklo honi. Guy zuzendari aitzindaria izan zen, berak zuzendu zuen fikziozko lehenengo filma 1896an. Bera hor zegoen hasieratik eta horregatik nahi dugu gure hasiera izan dadin. Beste hainbat zuzendari aitzindariren eskutik jarraituko diogu ibilbideari, zinema feministaren historia hau osatzen joango diren emakumeen ahotsek lagunduta.

Emakumezko zinemagileak eta horien filmak, zinemaren historiaren kanonetik kanpo geldituak, ezagutuko ditugu, eta zinemaren historia berri bat osatuko dugu. Izan ere, zinemaren historia, beste edozein historia bezala, etengabe berridatzi behar da.

Tabakaleraren eta Artium Museoaren arteko elkarlana

 

Zazpigarren saioa

Otsailaren 6an, larunbata
Aurkezlea: Sara Hernández, Tabakalerako zinema sailaren koordinatzailea

The Watermelon Woman, Cheryl Dunye, Estatu Batuak, 1996, 90 min, DCP, JB EN, Azp. ES
The Watermelon Woman filma zinema feministaren klasikoa da dagoeneko. 1996an Cheryl Dunye izan zen film luze bat zuzentzen zuen lehenengo emakumezko afroamerikar lesbiana. Urte horretan bertan Berlinalen Teddy Award saria irabazi ondoren, funtsezkoa izan da Queer Zinema Berrian. Eta, Zer da The Watermelon Woman (emakume sandia)? Cheryl-ek, zuzendariak berak interpretatutako filmaren protagonistak, galdera hori bera egingo dio bere buruari 40ko hamarkadako Hollywoodeko film bateko kredituetan neskamea interpretatzen duen antzezle afroamerikarraren izena agertu ordez The Watermelon Woman agertzen denean. Cherylek bideoklub batean lan egiten du, VHS ugariz inguratuta, eta galdera hori bera egingo dio berriro bere buruari gauza bera gertatzen denean beste film bateko kredituekin. Cherylek izenik gabeko antzezle horri buruz ikertzea erabakitzen du, eta ikerketa lan hori erakutsiko du filmean.

Saio guztiak Emanaldi aretoan. Aurkezpena 18:00etan. Proiekzioak 18:30ean
Tarifa: 2,00€ saioko.  Ziklo osorako txartela: 10,00€
Museoaren Adiskideen tarifa: €1,00 saioko. Txartela: 5,00€

Artium tABAKALERA mc

Aurreko saioak

Lehen saioa

Martxoaren 7an, larunbata. Las pioneras
Aurkezlea: Lur Olaizola Lizarralde (Donostia, 1988). Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa.

Les résultats du feminisme, Alice Guy, 1906, 7 min (Saint-Mandé, 1873 - Wayne, AEB,1968)
Madame a des envies, Alice Guy, 1906, 4 min (Saint-Mandé, 1873 - Wayne, AEB, 1968)
La souriante Madame Beudet, Germaine Dulac, 1923, 35 min (Amiens, 1882 - Paris, 1942)
Étude cinématographique sur une arabesque, Germaine Dulac, 1929, 7 min (Amiens, 1882-Paris, 1942)
At land, Maya Deren, 1946, 15 min (Kiev, 1917 - New York, 1961)

 

Bigarren saioa

Irailaren 5ean, larunbata
Aurkezpena 18:00etan. Proiekzioak 18:30ean
Aurkezlea: Maider Oleaga, zinema zuzendaria

Saute ma ville, Chantal Akerman, 1968, 13'
1968 urtean Chantal Akermanek (Brusela, 1950 – Paris, 2015) bere lehenengo laburmetraia egin zuen, Saute ma ville. 18 urteko Chantal Akerman ikusiko dugu txuri beltzean sukalde batera sartzen. Pixkanaka pixkanaka eta jolasten arituko balitz bezala, sukaldea hankaz gora jarriko du erabat lehertu arte. Askotan 68a kaleak hartu ziren urtea bezala gogoratzen da. Garrantzitsua da jakitea urte horretan ere Chantal Akermanek sukaldea hartu zuela eta horrela, zinea ere hankaz gora jarri zuela narratiba konbentzionalak lehertuz

Daisies, Věra Chytilová, Txekiar Errepublika, 1966, 76’, JB eta ingelesez eta gaztelaniaz azpitituluekin
1968ko Pragako Udaberria baino hiru urte lehenago, Věra Chytilová (Ostrava, 1929 – Praga, 2014) zuzendariak Daisies filmatu zuen. Kasu honetan, emakumearen errebolta Marie izeneko bi nesken eskutik ikusiko dugu. Kolorez, efektuz eta testuraz betetako filmean Marie eta Mariek arau guztiak puskatuko dituzte. Besteak beste, gizon dirudunei iruzur egingo diete edo festa ofizial bat hondatuko dute. Hainbat egoera absurdo eta dibertigarrien bitartez autoritarismoa eta moral anakronikoa agerian jarriko dituzte. Eta protagonisten koherentzia jarraituz, Věra Chytilovák istorio hau zinearen lengoaiaren konbentzioak desartikulatuz kontatuko digu. 1966 urtean Txekiar Errepublikak pelikula debekatu zuen filmearen tonu anarkikoarengatik eta urteetan zehar ezinezkoa izan zen ikustea. Daisies garaikidetasuna galtzen ez duen pelikula feminista klasikoetako bat da.

 

Hirugarren saioa

Urriaren 3an, larunbata
Aurkezlea: Garbiñe Ortega, Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren zuzendari artistikoa, eta Zinema Gaur programaren komisarioa.

Réponse de femmes: Notre corps, notre sexe, Agnès Varda, Frantzia, 1975, 8'
Antenne 2 telebista kateak zazpi emakumezko zuzendariri eskatu zien pieza bat egin zezaten «emakume bat zer da?» galderari erantzuteko. Réponse de femmes: Notre corps, notre sexe Agnès Vardak (Ixelles, 1928) – Paris 2019) proposamenari emandako erantzun zinematografikoa da. Sexua, desira, gizartea, amatasuna. Hainbat gorputz anitzek umorez eta rabiaz erantzungo diote galderari eta, aldi berean, galdera gehiago sortuko dituzte performance-a, egunerokoa eta manifestu politikoaren artean mugitzen den pieza honetan.

Daguerréotypes, Agnès Varda, Frantzia, 1976, 80'
Agnès Vardari eskainitako saioa Daguerréotypes luzemetraiak osatuko du. Zuzendariak Daguerre kalea filmatuko du, bera bizi den kalea, bere kalea, Pariseko 14. distrituan kokatua. Kalearen erretratua biztanleen erretratuen bitartez eraikiko du: dendariak, harakina, okina, bizilagunak. Egunerokotasunaren keinu txikiei omenaldi ederra da filma.

 

Laugarren saioa

Azaroaren 7an, larunbata
Aurkezlea: Arantza Santesteban, zinema zuzendaria eta ikertzailea.

Delphine et Carol, Insoumuses, Callisto McNulty, Frantzia-Suiza, 2019, 70'
Istorio ederra da film honek dakarkiguna: 1970 urtean lehenengo bideokamera atera zen merkatura (Sony Portapak) eta Carole Roussopoulos Frantzian hauetako bat erosi zuen lehenengo emakumea izan zen. Formatu berri honek aukera berriak eskaintzen zituen: kameraren arintasuna, erabiltzeko erraztasuna, kalean filmatzeko aukera, eskuragarritasuna. Roussopoulos bideo tailer ezberdinak eskaintzen hasi zen jendeari kameraren erabilerak erakusteko. Emakumeei zuzendutako hauetako tailer batera Resnais edo Truffaut-ren filmetan azaldutako Delphine Seyrig aktoresa ezaguna apuntatu zen. Elkar ezagutu eta hirugarren emakume batekin batera, Ioana Wieder, Les insoumuses izeneko kolektiboa sortu zuten bideokamera tresna emanzipatzaile gisa erabiliz eta Frantziako 70eko hamarkadako bideofeminismoa sortuz.  50 urte beranduago Callisto McNultyk (Paris 1990), Carole Roussopoulosen bilobak, kolektiboaren memoria eguneratu eta iraunaraziko du garaiko materiala eta protagonista iraultzaileen testigantzak jasoz.

Bostgarren saioa

Abenduaren 12an, larunbata
Aurkezlea: Irati Gorostidi, zinema zuzendaria

Riddlles of the Sphinx, Laura Mulvey, Peter Wollen, Erresuma Batua, 1977, 92'
1975 urtean Screen aldizkarian Laura Mulveyk (Oxford 1941) Visual Pleasure and Narrative Cinema artikulu iraultzailea argitaratu zuen zinearen teoria feminista betirako aldatuz. Lehenengo aldiz psikoanalisiaren bidez aztertu zituen Hollywoodeko pelikulak eta ondorio bat atera zuen: filmak gizonezkoanetzat eginak dira. Bi urte beranduago, Peter Wollenekin (Londres 1938 – Haslemere 2019) batera, bere teoria zinematografikoa praktikara eraman zuen Riddles of the Sphinx (Esfingearen enigma) saiakera pelikula eginez. Laura Mulveyk berak irekiko du filma ikusleari zuzenean hitz egiten eta pelikularen elementu guztiak azaltzen. Aurrerago, Louiseren istorioa ikusiko dugu: banandu eta gero lana eta umearen zaintza aurrera ateratzen saiatzen ari den ama gazte bat. Istorioa 13 planotan dago kontatuta. Plano bakoitza 360 graduko panoramika bat da. Plano hauen bitartez Louisen eraldaketa ikusiko dugu bere buruaz jabe egin eta emakume ahaldun bilakatzen den arte.

Euskal emakumeak, Mirentxu Loyarte, 1981, 10'
Kasu honetan, emakume batek zuzendu zuen Ikuska bakarra da (1978-1982 urteen artean euskaraz egin ziren 21 dokumental sorta) eta pelikularen bitartez, Laura Mulveyk Londresetik teoria zinematografikoa astintzen zuen bitartean Euskal Herriko emakumeek emakumearen inguruan zer pentsatzen zuten ikusi ahal izango dugu.

Seigarren saioa

Urtarrilaren 9an, larunbata
Sahatsa Jauregi artistak aurkeztua

Born in Flames, Lizzie Borden, Estatu Batuak, 1983, 85 min, DCP, JB EN, Azp. ES.
Sasi-dokumental modura, filmak matxinada feminista proposatzen du sozialdemokraziaren kontra, berdintasuna eta aurrerabidea agintzen baititu sozialdemokraziak baina horietatik bazter uzten baititu gutxiengoak eta emakumeak. Born in Flames kultuko filma da, elezaharren mailara iritsi diren horietakoa: lau urtez jardun zuten hura errodatzen, 40.000$-ko aurrekontua izan zuen, dozena erdi argazki zuzendari aritu ziren lan taldean, eta antzezle ez-profesionalak igaro ziren denbora horretan Lizzieren kameraren aurretik. Emaitza, obra berdingabe bat, ikonikoa, gaurkotasun-izpirik galdu ez duena.

 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand