Juncal Ballestín Ikerketarako Nazioarteko Beka 2023

Hasiera: Asteartea, 13 Abendua 2022

Amaiera: Asteartea, 31 Urtarrila 2023

Artium Museoa - Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak Juncal Ballestín Nazioarteko Beka deitu du, arte feministaren historiografiari eta museoko bildumarekin zerikusia duten emakume artistei buruzko ikerketa-proiektuei laguntzeko.

Euskal Emakume Artisten eta Praktika Artistiko eta Artearen Teoria Feministen Ikerketa eta Dokumentazio Zentroari atxikia, deialdi honen helburua ikerketa-proiektu bat aukeratzea da, Euskal Herriko eta nazioarteko arte feministaren historiografiari ekarpen esanguratsua egingo diona eta/edo museoaren eta bere Bildumaren programazioarekin zerikusia duten emakume artista eta pentsalarien ekoizpena aztertuko duena. Parte-hartzeko oinarriak Artium Museoaren web-orrian daude eskura.

Deialdi honetara edozein nazionalitateko ikertzaileak aurkeztu ahal izango dira, adin-mugarik gabe, nahiz banaka, nahiz hautagaitza bateratua aurkezten duen kolektibo baten kide gisa. Eskatzaileek bekaren iraunaldian garatzekoa izango den ikerketa-proiektu bat, argitaragabea, aurkeztu beharko dute. Iraunaldi hori bederatzi hilabetekoa izango da, onartzen den egunetik zenbatzen hasita.

Ikerketa garatzeko bideratutako gehieneko zenbatekoa 7.000 eurokoa izango da, eta honako hauek jaso beharko ditu: ikertzaile(ar)en ordainsariak eta ikerketaren garapenak eragindako gastuak. Eskabideak aurkezteko azken eguna 2023ko urtarrilaren 31 da. Hauek dira hautapen-batzordeak kontuan hartuko dituenak: proiektuaren interesa, eskatzailearen profil profesionala eta ikerketa-proposamenaren egokitasuna Artium Museoaren helburuen artean.

Informazio gehiago izateko eta deialdiaren oinarriak kontsultatzeko, interesdunek Artium Museoaren web-orria ikus dezakete, edo helbide elektroniko honetara jo: ikerketa_investigacion@artium.eus.

Euskal Emakume Artisten eta Praktika Artistiko eta Artearen Teoria Feministen Ikerketa eta Dokumentazio Zentroa Artium Museoak artearen orainarekin eta historiarekin duen konpromisotik sortua da, bai eta emakume artistak eta teorialari feministak diziplinaren narratibetan sartzeko ─haien ekintza-eremuetan zeharka sartzeko─ duen betebehar horretatik ere.

Zentroaren helburuen artean honakoak daude: euskal emakume artisten eta museoaren bildumarekin eta haren programekin zerikusia duten emakume artista eta pentsalarien dokumentazioa eta artxiboak biltzea, kontserbatzea eta zabaltzea, bai eta praktika artistikoari eta pentsamendu feministari buruzko ikerketari laguntzen dioten iturri bibliografiko eta dokumentalak identifikatzea eta zabaltzea ere.

Artium Museoak antolatzen duen nazioarteko ikerketa-bekak Juncal Ballestín (Gasteiz, 1953-2015) artistaren izena darama. Ballestínen bizi-ibilbidea konpromiso feministak markatu zuen, eta, bere obrari dagokionez, askotariko materialak, bitartekoak eta teknikak erabiltzeagatik bereizi zen: pintura, marrazkia, instalazioa, bideoa, lan grafikoa... 2021ean, Anesvad GKEak, haren ondarearen oinordeko denak, artistaren obra eta artxiboa eman zizkion museoari. Urte horretan bertan, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak ikerketa-beka bat sortu zuen artistaren oroimenez, orain beste deialdi bat plazaratzen duen hauxe.

Deialdiaren oinarri osoak ikusi  Eskabide-orria 

Euskal Emakume Artisten Ikerketa eta Dokumentazio Zentroa

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand