edonor denok inor ez: Udaberri festa

edonor denok inor ez: Udaberri festa [NIZE. Argazkia: Irantzu Yaldebere]

Hasiera: Larunbata, 15 Ekaina 2024

Amaiera: Larunbata, 15 Ekaina 2024

edonor denok inor ez erakusketaren esparruan, 1978tik 1991ra bitarteko Euskal Herriko arte-hezkuntzaren instituzionalizazio-prozesuei buruzko hainbat ikerketa kasu aztertzen dituena, Artium Museoak Arte Ederren Fakultatearen espiritua ekarri nahi du museora, eta horretarako, Udaberri Festa jardunaldia antolatu du, erakusketan parte hartu duten hainbat ahots protagonista bildu eta campusetik igaro diren azken belaunaldiekin bat egitera gonbidatzeko.

Susana Talayerok, Julia Irazustabarrenak eta Miguel Ángel Gaüecak —1980 eta 1990 bitartean Arte Ederretako artista eta irakasle izanak—, Ismael Manterola Artearen Historiako irakasle eta fakultateko gaur egungo dekanoarekin batera, hainbat alderdiri buruz hitz egingo dute, hala nola AAEEn Goi Mailako Eskola Fakultate bihurtu ondorengo arte-ikasketen sendotzeari buruz edo artearen irakaskuntzari buruz eta egungo errealitate sozial eta artistikoarekin dituzten loturei buruz.

Gainera, Josu Rekalde ere, 1982/1983 ikasturtean sortutako Ikus-Entzunezkoen Saileko ikasle eta irakasle ohia, gure artean izango dugu. Haren eskutik, mugimendudun irudiak arte ikasketetan sartzeak izan zuen eragina ezagutuko dugu, Espainian sortutako lehen saila izan baitzen. Sarrera horren ondoren, Arte Ederren Fakultatean graduatu berri diren sortzaileen bideo proiekzio saio bat egingo da. Jon Otamendik eta Natalia Vegasek egin dute hautaketa.

Udaberri Festa Jardunaldia Nizeren kontzertu batekin amaituko da. Fakultatearen inguruan sortutako talde hau rock alternatibotik gertu dagoen estiloen nahasketan mugitzen da.


11:00etan - Mahai ingurua
Parte hartzaileak: Miguel Ángel Gaüeca, Julia Irazustabarrena, Ismael Manterola, Susana Talayero
Emanaldi aretoan

12:30ean - Mugimendudun irudia sail bihurtu da: Josu Rekalde

12:45ean - UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatean azken bost urteotan graduatu diren artisten ikus-entzunezko materialen proiekzioa, gaur egun bertan irakasle diren Jon Otamendik eta Natalia Vegasek hautatuak.
Hautatutako artistak: Imanol Abad Martinez, Ander Amuriza, Maria Cascon, Jone Erzilla, Koba Gomez, John Mark Hill, GIULIA TESTA (Leire Aranberri & Maialen Olite).
Emanaldi aretoan

13:30ean - NIZE, kontzertua
Plaza aretoa

 

Miguel Ángel Gaüeca (Bilbo, 1967)
Euskal Herriko Unibertsitatean eskulturaren espezialitatean lizentziatu ondoren, gizarte postkapitalistetan identitate indibidual eta soziala eraikitzeko prozesuak landu ditu. Haren lana hainbat espaziotan egon da ikusgai: Guggenheim Museoan, Budapesteko Mücsarnok Kunstallen, Berlingo Arteen Akademian, Vigoko MARCOn, Australian Centre for Photographyn, Palmako March Fundazioan, Leongo MUSACen, Bragako Museu da Imagemen edo Badajozeko MEIACen. Haren lana Centro de Arte Dos de Mayon, Reina Sofia Arte Zentro Museo Nazionalean, Coca Cola Fundazioan, Arte Garaikidearen Aragoiko Institutuan, Pilar Citoler Bilduman, BilbaoArte Fundazioan eta Artium Museoan dago.

Julia Irazustabarrena Nazabal (Beasain, 1961)
Arte Ederretan lizentziatutako artista, Pintura eta Ikus-entzunezkoen espezialitateetan, 1985-1986an, Euskal Herriko Unibertsitatean. Tarteka pedagogian aritua, artista gisa esperimentazioa eta prozesuaren formatua ezaugarri dituen ibilbide bat garatu du sormen-ekoizpenean, bai pinturaren, ikus-entzunezkoen, grabatuaren eta eskulturaren arloan, eta baita tamaina handiko eskultura publikoan ere. Posibilitate poetiko baten inguruan eraikitako pentsamendu baten isla eta ondorio gisa proiektatu ditu bere lanak. Gaur egun, Ocultadores izeneko sail batean murgilduta dago, eskuz egindako altzariak, diziplinarteko prozesu baten irakurketa berria. Bilakaera

Ismael Manterola Ispizua (Zumaia, 1966)
Arte Historian lizentziatua Valentziako Unibertsitatean eta Arte Historian Doktorea EHU/UPVn. Bertako Arte Ederren Fakultateko Artearen Historia irakaslea da. Egunkarian, Berrian eta Gara egunkariko Mugalari gehigarrian arte kritika idatzi du. Erakusketa ugari antolatu ditu. MHLI ikerketa taldeko kidea. CYXAC masterraren arduraduna izan da, eta orain Arte Ederren Fakultateko dekanoa da.

Susana Talayero (Bilbo, 1961)
1986an UPV/EHUn Arte Ederretan lizentziatu ondoren, Erromara joan zen bizitzera, eta hamar urte eman zituen han lanean. Hiri horrek eta garaiko testuinguru artistikoak eragin handia izan dute haren lanean, margolaritzaren inguruan eratuan. Gaur egun, pinturaren eta espazioaren arteko harremanean esku hartzen du, formatu handiko plastikozko oihal eta pleguen muntaketen bidez. Duela gutxi Meteora erakusketa aurkeztu du Bilboko Carreras Múgican (2024), eta edonor denok inor ez erakusketan parte hartu du Artium Museoan. Ibilbide artistikoaren Gure Artea 2023 saria jaso du.

Josu Rekalde-Izagirre (Zornotza, 1959)
Diziplina anitzeko arte-sorkuntzak egiten dituen euskal artista, bideo esperimentala eta eskultura-instalazioa teknologia berriekin konbinatuz. Bere lan-eremua zabala da, baina bere alderdirik ezagunenak bideoarekin, soinuarekin eta teknologia berriekin du zerikusia. 2020ra arte, sorkuntza artistikoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren fakultatean katedradun gisa egindako irakasle-lana uztartu zituen. Estatuko eta nazioarteko leku askotan erakutsi eta zabaldu du bere lana.

Nize
2018 urtean, Intza Arakistainek, Niko Bortolinik eta Andrea Plazak Nize taldea osatu zuten. Haien lana rock alternatibotik gertu dagoen arren, ez dira esparru horretan modu estuan kokatzen. Aitzitik, hainbat estiloren artean mugitzen dira. Une honetan, urrian aterako den disko berria grabatzen ari dira E t e n Espazio Sonoron Urtzi Izarekin batera. 2020 Ezin deituriko lehen diskoa grabatu zuten toki berean. 2021ean, El Tigre Estudioetan, Jon Aguirrezabalarekin eta Xabi Eguiarekin batera grabatutako Zu Lo Han diskoa kaleratu zuten.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand