amarauna: 2026ko otsailetik maiatzera

Hasiera: Larunbata, 21 Otsaila 2026

Amaiera: Larunbata, 16 Maiatza 2026

Familientzako ekimen berria. Hileko hirugarren larunbat arratsaldeetan 

amarauna familientzako hilean behin egiten den programa bat da, hizkuntza artistiko ezberdinetara hurbiltzea proposatzen duena.

Saioetan dantza, musika, arte eszenikoak, antzerkia edo narrazioa elkartzen dira, eta helduek eta txikiek arteaz gozatzeko espazio bat eraikitzen dute.

 

Otsailaren 21ean, larunbata, 17:00etan
Bach Desbariazioak. Andrea Berbois & Peru Galbete (Kontzertu fisikoa)

Desvariaciones Bach biolin-ahots eta gorputzerako obra bat da. Soinu-keinuaren eta gorputz-keinuaren arteko mugak igarotzen dira. M. Feldman, G. Scelsi, J.S. Bach eta H. Lachenmannen sonoritateak erabiltzen dira. Biolindun gorputz bat eta besorik gabeko beste bat aurrez aurre, eta hala hasten da. Antzeztutako obra klasikoen bidez, hainbat gai jorratzen dira: komunikazioa/komunikazio eza, entzutea, adiskidetasuna, desadostasuna, polaritateak, hauskortasunaren indarra, berpiztea...

Andrea Berbois Laspiur (Eibar, 1988)
Musikoa eta performerra. Bere praktika soinua eta performantzearen artean mugitzen da. Tripak kolektiboaren parte da. Bere lana gorputzaren eta soinuaren bitartez presentzia eszenikoan zentratzen da, memoriako material fresko zein solidifikatuak momentu presentera ekarriz eta erabiliz.

Peru Galbete (Usurbil, 1987)
Ahotsarekin eta irudiarekin egiten du lan, batzuetan bakoitza bere aldetik eta beste batzuetan elkar erlazionatuz. Ahots-esperimentazioa, inprobisazioa, performancea eta kantuaren malgutasuna ditu interes gune. Bi film labur eta lau musika album argitaratu ditu.

4 urtetik gorako haurrentzat, heldu bat lagun dutela
30 min. Parte hartzeko jarduera, euskaraz

 

Martxoaren 21ean, larunbata, 17:00etan eta 17:45ean
Play. Aiala Etxegaray. InPut Konpainia (dantza) 

Play jolasean oinarritzen den dantza-duetoa da. Elkar manipulatzen duten bi interpreteren arteko jolasa, askotariko gorputzak eta formak sortzen dituena. Joko horretan generoa desagertu egiten da, eta bi dantzariek emakumearen eta gizonaren irudiari lotutako estereotipoak hausten dituzte. Jolas honek haurren une dibertigarri eta errugabeetara garamatza, non dena desio batetik hasi eta aspertzean amaitzen den.

Aiala Etxegarai koreografoa, dantzaria eta pedagogoa da, Mariemma Dantza Kontserbatorio Profesionalean Dantza Garaikideko tituluduna. 2013an, Contact-Improvisación delakoaren munduan sartu zen. 2015ean InPut konpainia sortu zuen, eta hainbat eskolatan dantza garaikidea eta Contact-improvisación irakasten du ordutik.

Bi emanaldi, 17 :00etan eta 17:45ean
6 urtetik gorako haurrentzat, heldu bat lagun dutela

 

Apirilaren 18an, larunbata, 17:00etan
Kantu kontari. Maider Lasa (musika-saio parte-hartzailea, ahozko narrazioa, zuzeneko musika, kantu parte-hartzailea eta gorputz-elkarreragina uztartzen dituena)

Kantu kontari haurrentzat diseinatuta dago bereziki, irudimena, ahotsaren, gorputzaren eta jolasaren bidez adierazpen artistikoa eta konexio emozionala sustatzeko. Hunkitzeko, jakin-mina pizteko eta haurren irudimena elikatzeko sortutako esperientzia artistikoa da. Istorioak kontatzeko antzea eta musika uztartuz jaio zen Kantu kontari, esperientzia interaktibo, ludiko eta guztiz aberasgarria sortuz.

Maider Lasa Santamaría abeslaria, antzezlea eta diziplina anitzeko interpretea da. Bere lanean gorputzaren eta ahotsaren arteko harremana aztertzen du testuinguru eszenikoaren barruan, performancean, antzerki fisikoan eta soinudun sorkuntzan gauzatzen den hizkuntza propio bat garatuz.

4 urtetik gorako haurrentzat, heldu bat lagun dutela
50 min. Parte hartzeko jarduera, euskaraz

 


Maiatzaren 16an, larunbata
Fla Fla Fla. Eneka Bordato (koreografia-pieza)

Fla Fla Fla pieza koreografikoa dantzarekin bat egiteko abagunea da. Dantzari bat eta propio aukeratutako hainbat objektu: 21 pilota zuri, manta bat, kristalezko entsaladera bat eta 12 metroko zinta itsaskor zuria. Bola batek beste bola batera darama; bola horren ibilbideak lerro bat marrazten du; beste pilota bati lotzen zaio, eta horrek beste norabide bat hartzen du mugara iritsi arte. Oso gutxirekin asko erakusteko jakinaren gaineko joera: oin bat lurrean, pilota baten soinua beiraren kontra, gorputzaren marruskadura lurrean. Aldi berean organikoa eta poetikoa.

Eneka Bordato, Parisko Goi Mailako Musika eta Dantza Kontserbatorio Nazionalean ikasi ondoren, Ballet de l’Opéra de Lyon-en kide izan zen sei urtez. 2020an Dantzalai konpainia sortu zuen.

Bi emanaldi, 17:00etan eta 18:30ean
4 urtetik gorako haurrentzat, heldu bat lagun dutela
20 min. Parte hartzeko jarduera, euskaraz

 

 

6 urtetik gorako haurrentzat (ziurtatu ikuskizun bakoitzean, salbuespenak egon daitezke eta), heldu bat lagun dutela.
Sarrera doan, toki mugatua. Erreserba egitea gomendatzen da, 945 20 90 20 telefonoan (jarduera hasi baino hamar minutu lehenago arte gordeko dira erreserbak)

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand