Artxibo eta funts dokumentalak

Artium Museoan, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoan, ikerketa-proiektu bat bultzatzen ari gara, oroimena gorde eta ezagutza sortzeko, arte garaikidearen testuinguruan. Praktika artistikoekin lotutako artxiboak sortu eta garatzea eskatzen duen proiektu bat da, gaur egun eskuragarri dagoen informazioa bateratu, sistematizatu, osatu eta aberasteko xedez. XX. eta XXI. mendeetan Euskadin garatutako praktika artistikoak ulertzen eta testuinguruan kokatzen lagunduko duen ekimen bat da.

Artxibo eta funts dokumentalak

Juana Cima (Caibarién, Las Villas, Kuba, 1951)

Juana Cima AgiritegiaBere familiarekin batera, Kubatik Santanderrera joan zen bizitzera 1961ean. 1975ean, Bilboko Arte Ederren Goi Eskolan sartu zen, eta 1980an amaitu zituen ikasketak. 1980ean hasita hainbat ikastaro eman ditu Euskal Herriko Unibertsitatean, baina 1990-1991 ikasturtean hasi zen EHUko Arte Ederren Fakultatean irakasten. 1980ko hamarkadan, Cimak paper garrantzitsua izan zuen mugimendu feministaren ikonografian, eta bere lana Euskal Herriko hainbat lehiaketa eta erakustaldi esanguratsutan parte hartzeko hautatu zuten. Haren erakusketa-jarduerak 1977-2011 aldia hartzen du. Juana Cima Artxiboa dohaintzan eman dio artistak Artium Museoari. Artxibo horrek artistaren ibilbide profesionalarekin zein pertsonalarekin lotutako dokumentazioa biltzen du.

Juana Cima Artxiboa

Juncal Ballestín (Vitoria-Gasteiz, 1953-2015)

Juncal Ballestin AgiritegiaArtista interdiziplinarra, bere bizitzan arlo artistiko askotan lan egin zuena. Artium Museoan egin zen Juncal Ballestín. Bizitza ariketa gisa erakusketarako erabilitako materialaren zati bat digitalizatu eta katalogatu egin zen artista gasteiztarraren ondarea ezagutarazteko. 2021eko abenduaren 20an, museoak hitzarmen bat sinatu zuen Anesvad Fundazioarekin, eta, horren bidez, dohaintzan jaso zuen artista arabarraren ondare artistiko eta dokumentala, 40 artelan baino gehiagok eta dokumentu multzo zabal batek osatua.

Juncal Ballestín Artxiboa

 

Rafael Lafuente (Vitoria-Gasteiz, 1936-2005)

Rafael Lafuente AgiritegiaAutodidaktatzat zuen bere burua, baina prestakuntza sendoa zuen marrazkigintzan. Berak behin baino gehiagotan adierazi izan duen bezala, bere lanaren bilakaerak joera nabarmena izan du emoziotik intelektualera: figurazio espresionista (1954-1964), figurazio organikoa (1964-1970), pop figurazioa (1970-1975), abstrakzio geometrikoa (1975-1992) eta abstrakzio gestuala (1992-2005). Museoak, bertsio digitalean, Rafael Lafuentek bere bizitza osoko jarduera profesionalean bildutako dokumentazioa gordetzen du batetik, eta, bestetik, bere familiak bildutakoa.

Rafael Lafuente Artxiboa

 

Gerardo Armesto (Vitoria-Gasteiz, 1949)

Gerardo Armesto AgiritegiaMargolaria, marrazkilaria, eskultorea eta ikus-entzunezkoen sortzailea da. Gerardo Armesto artxiboak 1981 eta 1990 urteen artean bideoan egindako lanen inguruan sortutako materiala, 1990 eta 2021 urteen artean egindako margolan eta eskulturen erakusketekin lotutako dokumentazioa eta bere ibilbidean zehar argitaratutako prentsa zatiak eta aldizkari-artikuluak biltzen ditu.

Gerardo Armesto Artxiboa

 

 

Nestor Basterretxea (Bermeo, Bizkaia, 1924 – Hondarribia, Gipuzkoa, 2014)

Nestor Basterretxea AgiritegiaBatez ere eskultore gisa egindako lanagatik da ezaguna, baina Basterretxea artista polifazetikoa izan zen, eta zinemarekin, argazkigintzarekin, diseinu grafikoarekin eta arkitekturarekin esperimentatu zuen. Bi talde artistiko garrantzitsuren sortzaileen artean nabarmentzen da: 1957an Equipo 57 osatu zuen Jorge Oteiza eta Agustin Ibarrolarekin batera, besteak beste, eta 1966an GAUR Taldea, Oteizarekin eta Eduardo Chillidarekin batera. 2005ean Euskadiko Kutxaren Eusko Ikaskuntza Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Saria jaso zuen eta 2008an Lan Onari ematen zaion domina.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand