Osteguna, 17 Ekaina 2010 14:26

Jacobo Castellano-k Mahai zapia eta oihala proiektua garatuko du, espazio huts batean hasiz eta ARTIUM-en bisitarien aurrean

ARTIUM, Vitoria-Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak Praxis programaren gertaldi honetan Jacobo Castellano artista andaluziarra aurkeztu du. Castellanok, belaunaldi gazteen artean proiekzio handiena duten sortzaileetako bat, Mahai zapia eta oihala izeneko proiektua garatzeko proposamena egin du, ia hutsik dagoen areto batean hasiz eta fax hartzaile baten eta helbide elektroniko baten laguntzaz. Artistak «piramidal» esan ohi zaien horietako sistema bat sortuko du lankidetza kate bat sortzeko —marrazkiak, ideiak, iruzkinak—, eta horien bidez bere proposamenari forma eta edukia emanez joango da, gehien kezkatzen duten gaietako bati loturik: oroimena eta gatazkagune diren gure bizilekuak. Jacobo Castellanok eta laguntzaile batek aretoan bertan lan egingo dute, aste banako lau alditan eta, Praxis programan ohikoa denez, gasteiztar zentro-museoaren bisitarien aurrean.

Jacobo Castellanok (Jaen 1976; Madrilen bizi da eta han lan egiten du) aspaldidanik darabiltza oroimena eta «bizitzeko egokiak diren espazioak, gatazkagune» gaiak bere lanean. Zentzu horretan, adibide gisa aipa daiteke Izenik gabe (2005) lana, ARTIUM Bildumakoa, une honetan Denbora mendekatzailea erakusketan ikusgai dagoena. Lan hori objektu askoren metaketa itxuraz kaotikoa da: besteak beste, bizikleta zatiak eta antzinako argazkiak, etxez aldatu eta beste hiri batera alde egitean utzitako haurtzaroko etxetik berreskuratuak. Oroitzapenekin berriz elkartze bat da, disekzioa eginez eta zehatz analizatuz; elementu bakoitza arrazoiren bategatik aukeratu da, bere oroimenean esanahi bat duelako. Eta hori guztia harakin kako batetik dago zintzilik, oroitzapen batzuen samintasuna gogora ekarriz.
Praxis programaren barruan Jacobo Castellanok ARTIUMen garatuko duen Mahai zapia eta oihala proiektuaren abiapuntua duela urtebete New Yorken zegoela Coney Island-eko jolas-parkea ikustera joan eta bisita hark eragin zion zirrara da. Hain zuzen ere, atrakzioetako batean «munduko emakume txikiena», Elisabeth izenekoa, iragartzen zen, eta emakume itxuragabe, argal-argal eta narras hura ikusteak eragin zion ondoeza eta doilortze sentipena dira proiektu honen jatorria.
Mahai zapia eta oihala areto ia huts batean hasiko da. Jacoboz eta honen laguntzaileaz gainera, fax bat, ordenagailu bat eta eskultura bat baizik ez dago aretoan. Eskultura, inolako idazkunik gabeko oroigarri plaka bat da, errezel batek estalia, oraindik zer inauguraturik ez dagoela aditzera emanez. Espazio horretatik abiatuz eta ia ezer gabe, Mahai zapia eta oihala garatzeko Jacobo Castellanok «kanpoko agenteen» laguntza izatea espero du. Piramide tankerako kate baten bidez sortuko du haiekiko harremana, faxa eta posta elektronikoa erabiliz. Lehen aipatu den esperientziarekin loturiko marrazki sail bat faxez bidaliz abiaraziko du artistak katea. Hamar pertsonari bidaliko dizkie, eta hauek faxez edota e-mailez bidali ahal izango dituzte berriz ere marrazki horiek.
Hartzaileek, berriz, beren marrazki, iruzkin, eskema nahiz ideiak bidali ahal izango dituzte proiektuaren faxera edo helbide elektronikora, Mahai zapia eta oihala etengabe garatzen jarraitzeko. Bisitariek gertatu ahala ikusiko dituzte aldaketak, eta bidalketa soil batekin lana aldatzeko aukera ere izango dute. Praxis-en inguruan argitaratu den fantzineak dioen eran, «Jasotako edozein dokumentuk ustekabeko norabide-aldaketa eragin dezake lanaren ibilbidean».
Jacobo Castellanok aste banako lau egonaldi egingo ditu Praxis-en gunean. Castellanos bertan egongo ez den aldietan jasotako faxen eta mezuen bidez jarraituko du proiektuaren bilakaerak. Mezu horiek mundu guztiak ikusi ahal izango ditu, eta artistak berak ere bide horietatik bidalitako aginduen bidez aldaketak egin ahal izango ditu artelanean.

Praxis
Jacobo Castellano. Mahai zapia eta oihala

Hegoa aretoan, ekainaren 14tik irailaren 5era
Jacobo Castellanok aretoan lan egingo du, aste banako lau alditan

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand