Osteguna, 22 Urria 2015 13:40

PUNK. Arte garaikidean utzi dituen arrastoak erakusketa aurkeztu du Artiumek

Punk jarrerak, 70etan lehertu zenak, gaur egungo ekoizpen artistikoan oraindik ere duen eragina uzten du agerian erakusketak
Nazioarteko 50 artista baino gehiago bildu dituen erakusketa hau Artiumek eta Móstoleseko Centro 2 de Mayo-k ekoitzi dute elkarlanean

Erakusketa
PUNK. Arte garaikidean utzi dituen arrastoak
Komisarioa: David G. Torres
Artistak
Carlos Aires, Martin Arnold, Fabienne Audeoud, Bill Balaskas, Jean Michel Basquiat, Laurent P. Berger, Chris Burden, Tony Cokes, Jordi Colomer, Detext, Brice Dellsperger, Christoph Draeger, Jimmie Durham, Tracey Emin, Mario Espliego, Hans Peter Feldmann, Claire Fontaine, Chiara Fumai, Iñaki Garmendia, Kendell Geers, Gelitin, Nan Goldin, Douglas Gordon, Dan Graham, Eulàlia Grau, Johan Grimonprez, Guerrilla Girls, Antoni Hervas, Mike Kelley, Martin Kippenberger, João Louro, Christian Marclay, Raisa Maudit, Paul McCarthy, Jonathan Meese, Jordi Mitjá, Joan Morey, Janis E. Müller, Matt Mullican, Itziar Okariz, João Onofre, Antonio Ortega, Tony Oursler, Mabel Palacín, Maria Pratts, Juan Pérez Aguirregoikoa, Raymond Pettibon, Maria Pratts, Tere Recarens, Jamie Reid, Tim Reinecke, Martín Rico, Aida Ruilova, Pepo  Salazar, Santiago Sierra, Federico Solmi, Natascha Stellmach, T.R. Uthco/Ant Farm, Gavin Turk, Valie Export
Hegoa aretoan, 2015eko urriaren 23tik 2016ko urtarrilaren 31ra
Inaugurazioa: 2015eko urriaren 23an, ostirala, 20.00etan
Jarduerak:
Ostiralean, urriak 23
18.30ean. Erakusketaren bisita gidatua, David G. Torresen (komisarioa) eskutik. Artium Adiskideentzat bakarrik
19.00an. David G. Torresen hitzaldia
20.00an. Erakusketaren inaugurazioa
20.45ean. Performancea. João Onofre: Box Sized DIE Featuring Sorgerth (2007-2015). Death metal-eko Sorgerth taldearen parte-hartzearekin
21.30ean.  Kontzertua. Piztu Punk!
Inaugurazio ondoko asteburua
Larunbatean, urriak 24, eta igandean, urriak 25, ZUK NAHI DUZUNA (Zure esku dago ordaintzen duzun eta zenbat) tarifa ezarriko zaie bisitari guztiei
Ordutegia: 11.00etatik 20.00etara, etengabe
Artiumek (Vitoria-Gasteiz) eta CA2M-ek (Móstoles) ekoitzitako erakusketa
Babeslea: Arabako Foru Aldundia
Laguntzaileak: Etxepare Institutoa, ProHelvetia, British Council eta Goethe Institut

Prentsa oharra (pdf) Lan eta artisten zerrenda Prentsarako irudiak PUNK. Arte garaikidean utzi dituen arrastoak

Artium, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak PUNK. Arte garaikidean utzi dituen arrastoak erakusketa aurkeztu du (Iparra aretoan, 2015eko urriaren 23tik 2016ko urtarrilaren 31ra). David G. Torres komisario izan duen erakusketa honetan agerian utzi nahi da egungo artean, «artisten eta joeren arteko desadostasunak gorabehera, sortzaile asko uztartzen dituen amorruzko zarata bat dagoela», eta punk jarrerak bizirik dirauela ekoizpen artistiko garaikidean. Erakusketak nazioarteko berrogeita hamar artista baino gehiago bildu ditu eta hirurogei artelan baino gehiago, era guztietako teknikak erabiliz eginak: argazkiak, bideoak, margolanak, instalazioak, eskulturak eta dokumentuak, besteak beste. Inauguraziorako João Onofre-k performance bat eskainiko du, death metal-eko Sorgerth taldeak lagundurik, eta gero Piztu Punk! taldeak kontzertu bat emango du. PUNK. Arte garaikidean utzi dituen arrastoak Artiumek eta Móstoles-eko Centro de Arte 2 de Mayo-k ekoitzi dute, David G. Torres-ek egin du komisariotza-lana eta Arabako Foru Aldundiak babestu du Vitoria-Gasteizen.   

Punkak musika-mugimendu gisa, leherketa labur eta indartsua izan zuen joan den mendearen 70etako bigarren erdian. Guztiarekin ere, punka «sistema ekonomiko, politiko, sozial eta kulturalaren aurreko deserosotasunaren adierazpen» gisa, David G. Torres-en hitzetan, «amorruz, abiaduraz, zarataz, gisagabekeriaz, ezkonformismoz, anti-z, ukazioz, aurkakotasunez eta probokazioz osatutako jarrera bat da, xx. mende osoan aurkitzen dena, 70etatik aurrera luzatzen dena, eta baita testuinguru anglosaxoiaz harago eta musika-giroaz harago ere».

Leherketaren aurretik, dadaismoan eta situazionismoan aurki daitezke punk jarreraren oihartzunak, baina, batez ere, eta erakusketan ikus daitekeenez, bizirik diraute eta arte garaikidearen erreferente bat dira. «Asegabetasuna, inkonformismoa, aurrerabidean fedea galtzea eta sistema ekonomiko eta sozialaren ikonoei kritika zorrotza egitea eragiten duten arrazoiak bizirik diraute, eta artista askoren jardunean barneratuta».
 
Sei esparru
PUNK. Arte garaikidean utzi dituen arrastoak erakusketak Artiumeko Iparra aretoko 1.500 metroak hartzen ditu, sei esparru kontzeptualetan antolatuta. Lehendabizikoa azalekoak punk mugimenduan duen garrantziarekin lotuta dago: moda, diseinua eta kanpoko itxura, konbentzionalismoari aurre egiteko bitarteko gisa. Esloganen, abestien eta pertsonaien berreskuratzean ikusten da eragin hori, eta baita feismoaren, diseinu traketsaren, zarataren eta punk musikaren erabileran ere. Joera horretan sailka genitzake João Onofre, Pepo Salazar, Jamie Reid, Carlos Aires eta Dan Graham.

Punkak desberdintasunari ere tokia egin behar zaiola aldarrikatzen du, mugak ezartzen dituen eta irtenbide gutxi uzten dituen gizarte batean. Alienazioa, gorea, psikosia… oso sarri agertzen ziren punk eszenan, eta Martin Kippenberger-en, Paul McCarthy-ren, Raymond Pettibon-en, Santiago Sierra-ren eta Jordi Colomer-en artelanetan aurki ditzakegu, erakusketako bigarren esparruan ikus daitekeenez.

Bestalde, Jean Michel Basquiat, Jimmie Durham, Nan Goldin, Chris Burden, Claire Fontaine eta Pepo Salazar artistengan aurkitzen dugu punka mutiritzat daukan sistema bati ematen zaion erantzun mutiri gisa. Ondoren, mugimendu honetako protagonista askok anarkismoarekin izan zuten lotura dakar gogora erakusketak. Haien arrastoa punkaren ezaugarri nabarmenenetakoa da, eta jarrera hori arte garaikidean ere aurki daiteke, Federico Solmi, Claire Fontaine, Juan Pérez Agirregoikoa, Tere Recarens eta Itziar Okariz artisten lanetan, esate baterako.

David G. Torres-ek gogora dakarren eran, «terrorismoak eta ekintza mutiriek markatutako testuinguru batean sortu zen punka 70eko hamarkadan». Erakusketaren bosgarren esparruak marka hori darama, DETEXT, Chiara Fumai, Mabel Palacín, Tony Cokes, Christoph Draeger eta Joan Morey artisten lanetan.

Sexua aipagai duten artelan multzo batek ixten du erakusketa, gai hori oso garrantzitsua izan baitzen punk mugimenduan askatasun-aldarrikapen gisa. Salaketa gisa, aldarrikapen gisa eta sarkasmoa berreskuratzeko arma gisa aurkituko dugu sexua Guerrilla Girls, Tracey Emin, Raisa Maudit eta María Pratts artisten lanetan.

Inaugurazioa eta katalogoa
PUNK. Arte garaikidean utzi dituen arrastoak erakusketarekin batera katalogo bat argitaratu da. Idazleak, David G. Torres-ez gainera, Glòria Guso, Eloy Martínez Porta, Servando Rocha eta Iván López Munuera izan dira. Elkarrizketa bat ere badago liburuan, David G. Torres-ek eta Glòria Guso-k Greil Marcus-i egina, Lipstick Traces. A Secret History of the XX Century (‘Ezpainetako margoaren arrastoak. XX. mendeko istorio sekretu bat’) liburuaren egileari. 1989an argitaratu zen, baina erreferentzia garrantzitsua izaten jarraitzen du musikari, artista eta idazle askorentzat. Bertan, musikaren baitako gizarte-kritika eta artea aztertzen ditu Greil-ek (abangoardiak, dadaismoak eta nazioarteko situazionismoa), eta punkean eta mugimendu kontrakulturaletan izan duten eragina.  

Beste alde batetik, erakusketa zabalduko den egunean (ostiralean, urriak 23), David G. Torres-ek hitzaldi bat emango du punk mugimendua lehertarazi zuten jarrera eta egoerei buruz, eta punkak adierazpen artistiko garaikidean duen presentziaz (19:00etan, sarrera librea). Erakusketa ireki ondoren, João Onofre portugaldar artistak Box Sized Die performancea aurkeztuko du, Bermeoko Sorgerth death metal-eko taldearen laguntzarekin (20:45ean). Piztu Punk! taldearen kontzertuak biribilduko du programa. Cover-band hori Arabako eta Gipuzkoako punk giroko musikariek, eta RIP, Obligaciones eta Señor No taldeetako kide ohiek osatzen dute.

"PUNK. Arte garaikidean utzi dituen arrastoak ez da punkari buruzko beste erakusketa bat. Ez da erakusketa historiko bat, aitzitik, proiektu honen asmoa da punkak arte garaikidean utzi dituen arrastoak arakatzea. Uste bat egiaztatu nahi da: artisten eta joeren artean ezar daitezkeen zatiketak gora behera, sortzaile asko elkartzen dituen amorru-hots bat dagoela (…). Asegabetasuna, inkonformismoa, aurrerabidean fedea galtzea edota sistema ekonomiko eta sozialaren ikonoen kritika zorrotza bizirik dirauten jarrerak dira eta artista askoren jardunaren ezaugarriak. «Punk is (not) dead» esaldi ezaguna berreskuratuz, hori horrela dela baieztatu nahi da, punka hil bizia dela, aldekoak egiten jarraitzen duen zonbi bat. Azkenik, punkak, kultura ulertzeko (eta, luzapenez, munduan egoteko) modu bat erakusten du: kritikoa, deserosoa, arauen aurkakoa"…
David G. Torres, PUNK. Arte garaikidean utzi dituen arrastoak erakusketaren komisarioa

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand