Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak Santos Iñurrietaren Ondo ibili erakusketa aurkeztu du (Iparra aretoa, 2018ko urtarrilaren 7 arte). Erakusketak formatu handiko 60 margolan eta 16 gouache biltzen ditu, arabar margolariaren azken lanen artean hautatuak. Artista Vitoria–Gasteizen jaio zen 1950ean baina Mallorcan bizi da joan den mende laurdenetik hona, eta bere lanetan artearen historiaren erreferentziak, masen kulturako pertsonaiak eta eguneroko bizitzako eszena xumeak nahasten ditu. «Irakaspenik eta kontakizunik gabeko margolan hauek egoera limurtzaileak aurkezten dituzte eta hausnarketa egitera gonbidatzen gaituzte». Iñurrietaren hasierako bi margolanek osatzen dute erakusketa, Artium Bildumakoak biak. Ondo ibili Artium Museoak ekoitzi du, Daniel Castillejo izan da komisarioa eta El Correo-ren, Euskaltel-en, EDP Energia-ren eta Vital Fundazioaren babesa izan du.
Santos Iñurrietak (Vitoria-Gasteiz, 1950) biziki parte-hartu zuen bere jaioterrian 70eko eta 80eko hamarkadetan margolaritzaren munduan, Euskal Eskola esan zitzaionak eta, haren barruan, Arabako Orain taldeak (haren dizipulutzat jotzen da) sustatutako hizkuntza artistikoaren berrikuntzan. Ildo berean «arteak eta artistek gizarte- eta kultura-errealitatearekin zuten eginkizun eta harreman konplexuaren» bilakaeran ere parte hartu zuen. Hala dio Enrique Martínez Goikoetxeak: «Esperimentazioak liluratua, bere lanetan abstrakzioa eta figurazioa erabili eta konbinatu zituen, eta geroago, baita figurazio adierazkor eta kitsch askotariko eta adeigabea ere, bere gaur egungo hizkuntzari itxura eman diona».
Zentzu horretan, Santos Iñurrietak Ondo ibili erakusketan aurkezten dituen azken aldiko lanak txit figuratibo eta narratzaileak dira. Elkarrizketa batean margolariak esan zuen «margolari gisa erabat naif naiz. […] Nire teknika eta marrazteko era landugabe hori erabiltzen dut kontatzeko oso egokia iruditzen zaidalako». Bere margolanetan eszenak eta egoerak, kanpoko eta barruko paisaiak agertzen dira «gogoetatsu atsedenean dauden, eguneroko ekintza batean parte hartzen dute, jaten, lan egiten edota margolan berri bati begira daude pertsonaien artean», «aurkezten dituzten egoerek limurtu egiten gaituzte, eta gogoeta egitera gonbidatzen».
Erakusketa honen zati handi bat formatu handiko lanek osatzen dute, bi bider bi metroko margolanek eta triptiko erraldoiek, zeinetan arreta berezia eskaintzen baitzaio eszenen konposizioari. Horri dagokionez, Javier San Martín katedradunak dio «ez hainbeste bere hedadura fisikoagatik —formatu handia—, ezta pertsonaien eta egoeren ugaritasunagatik ere, bere konposizio-balio zentrifugoagatik baizik, direna baino ere handiagoak ematen dute Iñurrietaren koadroek».
San Martínek zera gaineratzen du: «Santos Iñurrietaren triptiko handiek ez dute gordetzen kolpetik antzematen diogun irudi bat; gehiago izaten da poliki-poliki ezagutzen dugun azalera bat, azaleraren euskarri zabalaren gainean trebeki ipinitako objektuen, pertsonaien eta eszenen hurrenez hurreneko irakurketa baten bitartez». Eta amaitzen du esanez «dudarik ez dago Santos Iñurrietak ikuslea txunditu nahi duela bere koadroen tamaina eta formatuarekin, baina berebat gonbidatzen du xehetasunetara hurbiltzera, sudurra oihalean itsastera pintura txiki-txiki baten aurrean bezala».
Tamaina txikiagoko margolan sorta bat ere badago erakusketan, eta baita gouache sail bat ere, guztiak, gainerako obra guztiak bezala, duela gutxi onduak.
Santos Iñurrieta-ren Ondo ibili Artiumek ekoitzi du eta El Correo-ren, EDP Energia-ren, Euskaltel-en eta Vital Fundazioaren babesa izan du.
«Lo egin ordez, festan jarraitzen du Iñurrietak, bere gonbidatuekin, zeinak ikur erabilgarriak bihurtu baitira. Ikur horiek koloreak paleta baten gainean bezala zabaltzen dira, elkarrekin konbinatzeko eta desiratzen zen nahasketa eskuratzeko. Balegoke pentsatzea badela ezkutuko sistema bat, etekin piktoriko handiena eskuratzeko xedea duen prozedura bat, baina halakorik ez dago: erabilitako sistema, besterik gabe, ez da existitzen; wandering, alderraia, mugikorra da, zentrorik gabea eta laukirik gabea. Baina, horren ordainetan, liluragarria da hazten eta sakabanatzen den kontakizuna. Bi edo hiru minutu ematera, gutxienez, Iñurrietaren koadro handietako atal narratiboak korritzen gonbidatzen ditut irakurleak. Nahikoak dira bi edo hiru minutu liluratuak geratzeko, lehen emozioa sentitzeko, baina gehiago ere bada. Hain zuzen ere, artistaren konposizio-arkitekturaren konplexutasuna, osorik zatikatua, eta haietan ehuntzen den kontakizunen testu-mordoiloa direla-eta, energia garbiko biltegi agortezinak gertatzen dira koadro hauek. Ikuslearen gorputza begi miatzaile aseezina bihurtzen da, eta poliki-poliki zabaltzen, puzten, hazten edo lekuz aldatzen dela dirudien kuadroa dauka bere aurrean, ase nahian sekula asetzen ez den begi hori, ikuspegi “irensle” hori, Merleau-Pontyk pintoreari aplikatzen dion hitz bat erabiltzeagatik, ikuslearentzat ere baliagarria dena. Ikusleak ez baitu festa bukatu eta atsedetera joan nahi; eta, bere desirari kasu egiten badio, bi edo hiru minutu baino askoz gehiago beharko du koadroaren aurrean.»
Francisco Javier San Martínek, Ondo ibili katalogoan
Prentsarako irudiak Argibide gehiago Inaugurazio-programa
Ondo ibili. Santos Iñurrieta
Iparra aretoa, irailaren 16tik 2018ko urtarrilaren 7ra
Komisarioa: Daniel Castillejo
Jarduerak:
Irailaren 15ean, ostirala
18:30ean: inauguratu aurreko bisita gidatua Santos Iñurrietarekin eta Daniel Castillejorekin. Artiumen Adiskideentzat bakarrik.
19:00etan: Santos Iñurrietaren eta Daniel Castillejoren hitzaldia. Doako jarduera
20:00etan: erakusketaren irekiera
Erakusketaren katalogoa. Aurki argitaratuko da. Testuen egileak: Benito Herreruela eta Francisco Javier San Martín.
Santos Iñurrietaren Ondo ibili Artiumek ekoitzi du (Vitoria-Gasteiz, Araba), eta ondokoen babesa izan du:
Sarrerak Online
Denda Online