TOPAKETALK topaketa programaren aurkezpena egin da gaur Artium Vitoria-Gasteizko Arte Garaikidearen Zentro-Museoan. MondragonLingua-k antolatu du Artiumekin eta Save the Children erakundearekin batera eta komunikazioa, sormen artistikoa eta hizkuntzen arteko harremanak ditu ardatz, alderdi emozionaletik jorratuta. Euskal kulturako eta gizarteako pertsonaia ezagunak izango dira topaketen protagonistak. Eta ez dira ohiko hitzaldiak izango, formatu originalak dituzten diziplina anitzeko ekintzak baizik, eta bertan bizitzaren fase desberdinetan artean, musikan, lan humanitarioan edo kirolean izandako esperientzia pertsonalak kontatuko dituzte, zenbait kasutan zuzeneko musika-emanaldiekin txandakatuta.
Programa, astelehenean hasi eta urriaren 20ra arte luzatuko dena, Vitoria-Gasteizen (Artium Museoa), Donostian (Koldo Mitxelena Kulturunea), Bilbon (Espacio DOCK), Arrasaten (Kulturate) eta Oñatin (Kultur Etxea) egingo da eta ondokoen parte hartuko dute bertan besteak beste: Gorka Urbizuk, Kepa Junkerak, Iñaki Perurenak, Izaro Andrések, Txaro Arrazolak eta Alberto Iñurrategik. Batzuetan protagonistek ezagutzen dituzten hizkuntzekin izandako harremanari buruz eta ikaste-prozesuaz hitz egingo dute. Beste batzuetan, elkarrizketak adierazpide kulturalak, hizkuntzak eta komunikatzeko beste modu batzuk jarriko dira harremanetan.
Bestalde, topaketa hauek Vitoria-Gasteizko Artium Museoan egiten direnean ekintza aberastu egingo da, unean uneko gaiarekin lotutako Bildumako pieza baten egongo baita ikusgai. Artista gonbidatuek artelan hori izango dute, besteak beste, hizpide.
Hala, esate baterako, Iñaki Perurena eta Kepa Junkera protagonista izango dituen TRIKIHARRIA performancera hurbilduko direnek Jorge Oteizaren harrizko eskultura bat ikusteko aukera izango dute: 1973an egindako Estela funeraria señalando la proximidad de Lemóniz, hain zuzen. Gorka Urbizuk eta Izaro Andrések, berriz, Turn on the radio izeneko Eduardo Balanzaren instalazio bat eta Patti Smith-en argazki bat aukeratu dituzte ROCKOMUNIKAZIOA izeneko beren esku-hartzerako. Azkenik, HIZKUNTZEK BIZIAK SALBATZEN DITUZTENEAN saioak Txaro Arrazolaren hiru margolan izango ditu ikusgai: Campos de refugiados, Cincuenta y tres años (Oriente Medio) eta Cola de la historia.
TRIKIHARRIA: KEPA JUNKERA & IÑAKI PERURENA
Bigarren urtea du aurten TOPAKETALK programak, eta TRIKIHARRIA performancearekin emango dio hasiera aurtengo sailari, Iñaki Perurena eta Kepa Junkera protagonista dituela. Leitzako harri-jasotzaileak harriaren esanahi ugariei buruzko gogoeta bat eskainiko du euskaraz bederatzi pasarte laburretan. Trikitilari bizkaitarrak musika tartekatuko du bakarrizketan zehar, aukera honetarako bereziki ondutako pieza argitaragabeak joz. 41 urtez harriak jasotzen aritu ondoren badu Perurenak zer kontatua. Bere mintzaldiak, kutsu autobiografiko handikoak, kirolari baten sentimenduak ezagutaraziko dizkigu.
Irailaren 25ean: Donostia (Koldo Mitxelena Kulturunea).
Urriaren 4an: Bilbo (Espacio DOCK).
Urriaren 5ean: Vitoria-Gasteiz (Artium Museoa).
Ordua: 19:00etan
ROCKOMUNIKAZIOA: GORKA URBIZU & IZARO
Gorka Urbizu eta Izaro Andrés musikariek elkarrizketa lasai bat izango dute euskaraz eta eskarmentudun rock musikari baten —Berri txarrak taldearen sortzailearen— eta ibilbidearen hasieran dagoen artista baten —Mallabia taldearen kantariaren— esperientziak alderatuko dituzte. Lanaren ezegonkortasuna, errepidea, sortze-prozesua eta abestiak idazten dituzten hizkuntzekin (gaztelania, euskara eta ingelesa) duten harremana izango dira jorratuko dituzten gaietako batzuk. Amaiera gisa, artista bakoitzak besteak egindako abesti bat joko du gitarra akustikoarekin.
Urriaren 5ean: Oñati (Kultur Etxea)
Urriaren 6an: Donostia (Koldo Mitxelena Kulturunea)
Urriaren 10ean: Vitoria-Gasteiz (Artium Museoa)
Ordua: 19:00etan
MOUNT HIZKUNTZA: ALBERTO IÑURRATEGI & XABIER LEIBAR
Alberto Iñurrategi eta Xabier Leibar izango dira TOPAKETALK programaren aurtengo hirugarren proposamena. Edozein giza-jardueraren adibide gisa hartuko da mendia, ikasketa, ahalegina, jarraitutasuna eta gozamena biltzen baititu.
Eliteko kirolariak behar duen prestaketaz mintzatuko da Leibar sendagilea, mito batzuk argituko ditu eta elikadurari buruzko jarraibide batzuk emango. Aretxabaletako mendigoizaleak, berriz, maila goreneko alpinismoa egiten bizitako esperientziak eta anekdotak kontatuko ditu. Azkenik, gonbidatu biek —biak poliglotak— hizkuntzak ikastearen eta mendira igotzearen artean dauden antzekotasunak aipatuko dituzte.
Urriaren 9an: Bilbo (DOCK gunea)
Urriaren 17an: Arrasate (Kulturate)
Ordua: 19:00etan
HIZKUNTZEK BIZIAK SALBATZEN DITUZTENEAN: TXARO ARRAZOLA & AICHA IGLESIAS
Iheslariak izango dira azken topaketaren gaia eta Vitoria-Gasteizko Museoan egingo da soilik. HIZKUNTZEK BIZIAK SALBATZEN DITUZTENEAN izenburupean Save the Children erakundearen kide baten, Txaro Arrazola artistaren eta Siriatik ihes egin ondoren Euskadin bizi den Aicha Iglesias margolariaren parte-hartzea izango du, besteak beste. Ekintza honetan Mediterraneoan babestutako iheslarien egoerari buruzko bideo bat proiektatuko da, Save the Children GKEaren ordezkari batek iruzkindua. Ondoren, Txaro Arrazola artistak iheslari-esparruez duen ikuspegian oinarrituta sortu duen pieza bat aurkeztuko du eta Aicha Iglesias-ekin arituko da solasean. Bigarren artista plastiko hori Alepon bizi izan zen ia 20 urtez, bere herriko liskarrak zirela-eta familiarekin batera ihes egin behar izan zuen arte. Arteak beren bizitzan izan duen paperaz mintzatuko dira biak, eta bizia salbatzeko milioika pertsona ihes egitera bultzatu duen gatazka baten zentzugabekeriaz. Hizkuntzek Bbiziak salbatzeko eta iheslarien eguneroko bizitzan duten garrantzia ere aipatuko dute.
Urriaren 20an: Vitoria-Gasteiz (Artium Museoa) 19:00etan
Ekitaldi guztiak doan dira, tokia bete arte, HIZKUNTZEK BIZIAK SALBATZEN DITUZTENEAN saioa izan ezik. Egun horretan 5 euro ordaindu beharko da, eta diru horrekin bi igerigailu eta hiru pixoihal-pakete erosiko dira iheslari-esparruetarako.
Sarrerak https://www.ticketea.com/entradas-cuando-los-idiomas-salvan-vidas/ gunean edota Artium Museoaren txartel-leihatilan eros daitezke.
Ekitaldiren batean parte hartzeko izena eman behar da MondragonLingua-n, nahiz zentro batera joanda, nahiz www.mondragonlingua.com webgunean sartuta.
Elkarrizketak, material grafikoa edo argibide gehiago nahi izanez gero:
Karolina Almagia prentsa@kalmagia.com Tel: 616 84 14 77.