Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak Liburutegiak tapiz gorriaren gainean erakusketa dokumentala aurkeztu du (Mintegi aretoan, 2017ko azaroaren 17tik 2018ko apirilaren 7ra), zinemaren historian zehar liburutegiek eta han lan egiten duten profesionalek izan duten islaren errepaso bat. Liburuzainak protagonista diren eszena batzuk berreskuratu dira erakusketarako, asko eta asko estereotipoz beteak, eta Artiumen Liburutegiko kontsulta-liburuak eta pelikulak bildu dira. Elena Roserasek komisariatutako erakusketak webgune bat dauka gainera gaiari eta hautatutako pelikulen artean esanguratsuenei buruzko informazio gehigarriarekin.
Harold Shaw-ek Mary Fuller protagonista zela 1912an zuzendutako The librarian (‘liburuzaina’) da liburuzain baten pertsonaia aurkezten duen lehendabiziko pelikula, protagonistaren paperean, gainera. Ez da melodrama mutu horren irudirik gorde —agiri dokumentalak bai ordea—, baina haren ondoren, era guztietako generotako pelikula ugaritan agertu dira profesional hauek garrantzi handiagoko edo txikiagoko paperetan, hasi marrazki bizidunetatik eta akzioko pelikuletaraino.
Artiumen Dokumentazio-Zentroak egindako Liburutegiak tapiz gorriaren gainean erakusketak pelikula horien artean garrantzitsuenetako batzuk berreskuratu eta aurkeztu dizkie bisitariei. Alde batetik pelikula ezagun batzuen fotogramak eta elkarrizketak jarri dira ikusgai, batzuk klasikoak, esate baterako No man of her own (gaztelaniaz Casada por azar), Clark Gable eta Carole Lombard protagonista dituen melodrama, edota zientzia fikziozkoak, esate baterako Star Wars, Episode III: Attack of the clones (gaztelaniaz Star Wars, episodio III: El ataque de los clones), George Lucas-en sail ezagunekoa.
Bestalde, zinemaren historiari buruzko hogeita hamar bat liburu ere jarri dira erakusketan, Artiumen Liburutegiaren funtsetakoak. Batzuk, Dario D’Alessandro-ren Silenzio in sala! La biblioteca nel cinema, esate baterako, erakusketaren gaiari buruzkoak dira. Erakusketan aipatzen diren pelikula batzuen kartelak ere berregin dira, hormetan jartzeko.
Azkenik, berrogeita hamar pelikula baino gehiago hautatu dira Liburutegiaren funtsen artean, eta ohiko lekutik atera eta erakusketako apaletan jarri dira. Gainera, pantaila batean, liburutegiak eta liburuzainak agertzen diren pelikula horietako eszenak ikusteko aukera ere badago.
Liburutegiak tapiz gorriaren gainean erakusketak webgune dokumental bat du Artiumen DokuArt atarian. Bertan, erabiltzaileak informazio osoa izan dezake zinemak liburutegiei eta liburuzainei eman dien tratamenduari buruz eta erakusketarako hautatutako pelikulen inguruko hainbat daturi buruz. Erakusketaren bisitariek bertan kontsulta dezakete web orri hori, aretoan kokatutako ukimen-pantaila baten bidez.
Liburu-erakusketa
Liburutegiak tapiz gorriaren gainean
Mintegi aretoa (Liburutegia), 2017ko azaroaren 17tik 2018ko apirilaren 7ra
Komisarioa: Elena Roseras
Liburutegiak tapiz gorriaren gainean erakusketa Gasteizko Artiumen ekoizpena da
Sarrerak Online
Denda Online