Artiumek, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak Carmen // Shakespeare. Desiraren iragarpenak erakusketa aurkeztu du, Olga Mesaren eta Francisco Ruiz de Infanteren proiektua (Iparra aretoa, 2018ko maiatzaren 1era arte). Erakusketa, era askotako instalazio eta bideo-instalazioren muntaketa konplexu eta labirintozkoa da, eta maitasunaren gaia jorratzen du fikziozko arketipo batetik (Carmen) eta egiazko beste batetik (Shakespeare) ahabiatuta. Erakusketa lau gunetan antolatuta dago, baina batzuen eta besteen arteko mugak ez dira beti garbiak. Maitasunaren gai orokorraren barruan, gune bakoitzean azpigai bat jorratzen da: sedukzioa, gatazka, deriba eta, azkenik, heriotza. Ikuslea, haren presentzia eta jarrera, osagai garrantzitsuak dira Ruiz de Infanteren eta Mesaren proiektua pizteko. Erakusketa zabalik egongo den garaian zenbait ekintza burutuko dituzte egileek: performanceak, hitzaldi gauzatzaileak, eszena-muntaketa… Carmen // Shakespeare. Desiraren iragarpenak Artiumen (Vitoria-Gasteiz) eta Tabacalera Promoción del Arte-ren (Madril) ekoizpena da.
Prentsarako irudiak Argibide gehiago Inaugurazio-programa
Carmen // Shakespeare proiektua ibilbide desberdineko bi artistaren elkarrizketaren eta aurrez-aurrekoaren emaitza da. Asmoa da, lurralde artistiko desberdinen mestizajearen bidez, harreman pertsonalen alderdi ugariren ikuspegi bat osatzea. Antzerkigile ingelesaren maitasun-sonetoen eta Bizet-en operaren soinu oroitarazlea da abiapuntua. Artiumen labirinto bat da, «proposamen hibrido bat, maitasunaren eta giza-harremanen inguruko kontuak jorratzen dituena, haiek anplifikatzen, isilarazten, arretzen edota are teknologiaren bidez sortzen direnean».
Erakusketa lau gune tematikotan banatuta dago, nahasiak baina elkarrekin lotuak, eta Carmen // Shakespeare proiektuaren lau denborei dagozkienak: sedukzioa 1. gunean, gatazka 2. gunean, deriba 3. gunean eta, azkenik, heriotza 4. gunean. Gune bakoitza erdiko instalazio handi baten eta zenbait antena sakabanaturen bidez antolatu da. Desiraren, konfiantzaren, askatasunaren eta botere-harremanen inguruko ideiak zabaltzen dira erakusketaren ibilbidearen hogei etapetan.
Desiraren iragarpenak erakusketak kontakizun mitiko, poetiko eta eguneroko bat eraikitzen du. Ibilbide espazial eta denborazko txit dramatizatu baten eran planteatua, zenbait aldiz piztuko da jarduera gauzatzaileen bidez. Horretarako bisitariaren irudia, haren gorputza, mugimendua, oroimena… garrantzitsuak dira. Labirintoaren, organismo konplexu baten, barrenera egindako paseo itxuraz gidatuak itzalak, argiak, irudiak, islak eta zaratak sortzen ditu, azkartzea, atzera itzultzea eta kontenplaziorako gelditzea eragiten dutenak.
Carmen // Shakespeare
Olga Mesak eta Francisco Ruiz de Infantek Hors Champ // Fuera de Campo elkartea osatzen dute. Olga Mesa (Avilés, 1962), koreografo eta ikusizko artista, dantza garaikidearen irudi garrantzitsuenetako bat da Espainian. Haren lanaren ezaugarri nabarmenena da ikusizko arteak eszenara eramaten dituela esperimentazioaren eta zinemaren eta literaturaren osagaiak dituen hizkuntza pertsonal baten bidez. Haren sortze-lanak Europan, Latinoamerikan, Estatu Batuetan eta Afrikan aurkeztu dira. 2016an Chevalier des Arts et des Lettres izendatu zuen Frantziako Errepublikak, Frantzian kulturaren munduan nabarmentzen diren atzerritarrei ematen zaien ohorezko sari nagusienetakoa.
Francisco Ruiz de Infante (Vitoria-Gasteiz, 1966), berriz, artista multimedia da. Kontrolerako eta jostetarako ikus-entzunezko makinen eta beste material itxuraz sinpleago eta egunerokoagoen topaketak eta aurrez-aurrekoak markatu du haren belaunaldiaren sentsibilitatea. Konplexurik gabe mugitzen da goi teknologiaren eta premiazko brikolajearen artean, eta nazioarteko museo askotan izan du ikusgai bere lana.
2006an elkartu ziren lehendabiziko aldiz, Estrasburgon, sortzeko lantegi batean, eta topaketa hartatik jaio zen elkarlaneko proiektu hau, Carmen // Shakespeare, lurralde askoren gainjartze ausarta: dantza, performancea, ikus-entzunezko instalazioa, Internet, soinudun artea… Denboran luzatzen den lan bat da, gainera, eta horrek forma artistiko ugari eta publikoarekin elkartzeko modu desberdin asko sortzen ditu: koreografia-lan beregainak, eszena-eremuak ez diren tokietarako performanceak, ikus-entzunezko instalazioak, hitzaldi gauzatzaileak, Interneteko esku-hartzeak eta esperimentazio-laborategiak.
Orain Artiumen aurkezten duen proiektuaren aurretik, 2017ko neguan Proklama programaren barruan eta Azalarekin elkarlanean Carmen // Shakespeare-ren zenbait kapitulu aurreratu zituen: Tablao nº21: resistencias, frotamientos, magnetismos... y viceversa hitzaldi gauzatzailea; Carmen // Shakespeare. Acto 1 (el de la niebla) aurkezpen eszenikoa; Cabaret del precipicio (under pressure) esperientzia gauzatzailea eta gorputzari, oroimenari, haren presentziari eta teknologiaren bidezko anplifikazioari buruzko sortze-laborategi bat.
«Carmen // Shakespeare-n erakusten dugu, modu kaleidoskopikoan, nola gure garaia gure gorputzak eta gure irudiak kontrolatzen dituzten teknologiaz beteta dagoen. Hemen erakusten dugu, era berean, nola teknologia horiexek botere-, sedukzio, beldur, desira-, lilura-, ez ulertze-, koonplizitate-, jelosia- eta pasio-harreman berriak baimentzen dituzten… maitasuna?». Olga Mesa-Francisco Ruiz de Infante.
«Maite zaitut nire zalantza bera baino gehiago». William Shakespeare
«Maite ez banauzu, nik maite zaitut… eta maite bazaitut… argi ibili!». Bizet-Mérimée, Carmen operako El amor es un pájaro rebelde habanera
Erakusketa
Carmen // Shakespeare. Desiraren iragarpenak
Olga Mesaren eta Francisco Ruiz de Infanteren erakusketa-labirintoa
Iparra aretoa, 2018ko urtarrilaren 26tik maiatzazren 1era
Proiektuaren zuzendaritza: Enrique Martínez Goikoetxea eta Hors Champ
Jarduerak:
Urtarrilaren 26an, ostirala
18:30ean inaugurazio aurreko bisita gidatua, Olga Mesarekin eta Francisco Ruiz de Infanterekin. Artiumen Adiskideentzat bakarrik.
19:00etan: hitzaldi gauzatzailea: Tablao nº 24: El del principio (Roberto Fratiniren parte-hartzearekin). Doako jarduera
20:00etan: erakusketaren irekiera, pizgarri gauzatzaileekin
Carmen // Shakespeare proiektuaren gunea
Sarrerak Online
Denda Online