Astelehena, 15 Urtarrila 2018 13:05

Francisco Ruiz de Infantek eta Olga Mesak abiatuko dute Artiumen 2018ko erakusketa-programa, Joan Brossaren erakusketa antologiko bat ere izango duena

Francisco Ruiz de Infanteren eta Olga Mesaren erakusketa batek eta Joan Brossaren atzerabegirako batek emango diote hasiera egun gutxi barru 2018ko erakusketa-programari Artiumen

Francisco Ruiz de Infanteren eta Olga Mesaren erakusketa batek eta Joan Brossaren atzerabegirako batek emango diote hasiera egun gutxi barru 2018ko erakusketa-programari Artiumen, Vitoria-Gasteizko Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoan. Museoaren Bildumak, aurten ere bi erakusketa izango dituenak, eta Menchu Lamasen margolan sorta batek osatuko dute erakusketa handien agenda. Horri Museoko Liburutegiaren bi proposamen gehitu behar zaizkio eta Hezkuntza arloaren beste bat. Artiumek kultur jardueren programa zabal bati eutsiko dio gainera, eta kultura garaikidearen esparruko beste eragile batzuekiko lankidetza ere mantenduko du.

Irudiak

Erakusketak
Azken urteotan erabili dituen irizpide berberetan oinarritu da 2018rako Artium Museoaren erakusketa-programa, hau da, sorkuntza garaikidearen analisia, artearen hizkuntza batzuen eta besteen ikerketa eta zabalkundea eta bertako eta testuinguru globaleko sorkuntzen arteko elkarrizketa hartu ditu erreferentzia gisa.

Hala, Artiumen 2018ko programa urtarrilaren 26an hasiko da, Francisco Ruiz de Infanteren eta Olga Mesaren Carmen // Shakespeare. Presagios del deseo erakusketarekin (Iparra aretoa, 2018ko maiatzaren 1era arte). «Erakusketa-labirinto» gisa definitzen dute egileek beren proposamena, eta 2012an hasita garatuz eta aldatuz doazen Carmen // Shakespeare proiektuaren beste kapitulu bat da. Instalazio eta bideo-instalazio askoren muntaketa konplexu eta labirintikoa da, fikziozko arketipo batetik (Carmen) eta benetako beste batetik (Shakespeare) abiatuta maitasunaren gaiari heltzen diona. Erakusketa lau gunetan antolatuta dago, eta haien arteko mugak beti garbiak ez diren arren, gune bakoitzean egoera bat jorratzen da maitasunaren gai orokorraren barruan: sedukzioa, gatazka, galera eta, azkenik, heriotza. Francisco Ruiz de Infanteren eta Olga Mesaren proiektuak ikuslearen laguntza behar du, eta haren presentzia eta jarrera ezinbesteko osagaiak dira lanari bizia emateko. Erakusketaren inaugurazio inguruan hainbat ekintza burutuko dituzte egileek: performanceak, hitzaldi gauzatzaileak, muntaketa eszenikoak…Artiumek zuzendu eta ekoitzitako erakusketa honek adarrak izango ditu beste espazio batzuetan, esate baterako Arte Ederren eta Artearen Historiaren fakultateetan, Montehermoso Kulturunean. Artiumeko aldia amaitzean Madrilgo Centro de Arte Tabacalera-ra eramango da.  

Martxoaren 2an Artium Bildumaren Artea erakusketaren (hasiera batean Artea eta (artearen) sistema izenekoa eta hiru ekitalditan banatua) hirugarren kapitulua irekiko da. 2. Ekitaldia amaiturik —Artium Bilduma abiapuntu harturik artearen sistemari buruzko dokumentazio-lan zehatza—, erakusketaren «1. ekitaldian» Bildumako artelan esanguratsuenak badaude ikusgai, «3. ekitaldi» honetan, nolabait, etorkizunerantz doan sorkuntza erakutsiko da, hau da, artista gazteen lana edo duela gutxi burututakoa. Artea (1. eta 3. ekitaldiak) zabalik egongo da Hegoa aretoan 2018ko irailaren 2ra arte.  

Beste zentro batzuekiko lankidetzari esker lehen mailako proiektuak aurkeztu daitezke Artiumen. Hala gertatzen da, esate baterako, Poesía Brossa erakusketarekin (Iparra aretoa, maiatzaren 29tik irailaren 23ra). Bartzelonako MACBArekin elkarlanean antolatu da eta Pedro G. Romerok eta Teresa Grandasek egin dute komisariotza-lana. Proiektuak Joan Brossaren lanaren ikuspegi zabala ematen du, hasi haren lehen liburuetatik eta azken ikerketa plastikoetaraino, tartean antzerkia, zinema, musika eta ekintzazko artea daudela. Erakusketa honetan, kataluniar egilearen lana erakusteaz gainera, beste artista batzuen poesiarekin (Marcel Mariën belgiarra, Nicanor Parra argentinarra eta Ian Hamilton Finlay eskoziarra) aurrez aurre eta haiekin solasean jarri nahi da, eta baita letrismoaren poetekin, poesia bisualarekin, poesia konkretuarekin, esperimentalarekin, hedatuarekin eta fluxusekin.  

Irailaren 21ean, udazkenaren etorrerarekin, Bildumaren aurkezpen berri bat zabalduko du Artiumek, egungo Artea ordezteko. Erakusketa horrek —oraindik erditzeke—, Hegoa areto osoa beteko du eta 2019ko udaren amaiera arte iraungo du.

Menchu Lamas galiziar artistaren erakusketak (Iparra aretoa, 2018ko urriaren 11tik 2019ko urtarrilaren 13ra) osatzen du erakusketa handien programa. Margolaritzaren jarduna eta errealitatearen eta irudikatuaren arteko topaketa daude Lamasen lanaren oinarrian. Gutxik bezala mamitzen du haren lanak teknika horren bilakaera Espainian. Atlántica taldearen sortzaileetako bat izan zen eta 1982an egin zuen lehendabiziko bakarkako erakusketa Madrilgo Buades Galerian. 1986 urtetik dago haren lana Artium Bilduman, eta horrez gainera espainiar bilduma nagusietan dago, nahiz publiko nahiz pribatuetan.

Aldi berean, Artiumen Liburutegiak erakusketa bibliografikoak egiten jarraituko du eta 2018an bi proiektu berri aurkeztuko ditu: Ikus-poesia (Mintegi aretoa,2018ko apirilaren 20tik azaroaren 3ra), Joan Brossaren erakusketarekin eta Liburuen Nazioarteko Egunarekin bat, eta Bizitza binetatan (Mintegi aretoa, 2018ko azaroaren 16tik 2019ko apirilaren 6ra arte), biografiaren generoak komikietan duen trataeraren inguruan. Azkenik, jarraipena izango du, orobat, Mirarien Horma hezkuntza-proiektuak, erakusketa formatuan eta Artium Bildumako artelanekin. Erakusketa iraunkorraren formatua du eta eboluzionatu egiten du bisitarien ekarpenekin.

Kultura garaikidea
Vitoria-Gasteizen eta Araban kulturaren erreferente gisa duen kokapenari eusten eta hura indartzen saiatuko da Artium 2018an, Horretarako, batetik, kultura garaikidearekin lotutako jarduera-programa zabal bat proposatuko du, sorkuntzara, parte-hartzera, aurkikuntzara, topaketara, ikerketara, gogoetara, kritikara eta miaketara bideratuak eta era guztietako publikoentzako pentsatuak. Gainera, hitzaldi, mahai inguru, lantegi, ikastaro, zinema-ziklo, bideo-proiekzio, eszena garaikideko jarduera, kontzertu eta erakusketen gaiarekin lotutako beste programa berezi batzuen eskaintza mantenduko du Museoak.  

Nabarmentzekoa da, orobat, 2018ko urrian egingo direla Arte Garaikidearen Dokumentazio Zentroen IX Topaketak. 2002an hasi ziren profesionalen topaketa horiek Artiumen eta bi urtez behin antolatzen dira. Zentro horiek sorkuntza garaikidearekin lotutako ondare dokumentala zaindu eta zabaltzeko esparruan garatzen dituzten ezagutzen eta jardunbide egokien eztabaidarako eta zabalkunderako foroa da.

Bestalde, inguruko beste kultur eragile batzuekiko lankidetza bultzatzen saiatuko da Artium, kultura garaikidearen esparruan lan-sare bat mantendu eta zabaltzeko. Ildo horretan, Proklama, inTACTO, Bernaola Festival, Mugako eta Korterraza proposamenekin aurrera jarraitzeaz gainera, Ingurumeneko Zinemaren Nazioarteko Jaialdi batekin eman zaio hasiera 2018. urteari. Azken horri bere ekarpena egin dio Artiumek artearen ikuspuntutik.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand