Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak Oroi. Queda mucho pasado por delante erakusketa aurkeztu du. Artium Bildumari loturiko proiektua da, eta memoria du aztergai, ikuspegi askotatik. Zentroaren arte-funtsa osatzen duten ia hiru mila obren artetik ehun hautatuta, gai horren berrazterketa proposatzen du Artiumek, hain zuzen, kontuan hartuta haren inplikazio politiko eta kulturalak, historiarekin, ekonomiaren eta boterearekin duen lotura eta etorkizunaren hautematea baldintzatzeko duen ahalmena. Oroi. Queda mucho pasado por delante erakusketa Enrique Martínez Goikoetxeak komisariatu du, eta Artiumen ekoizpena da (Vitoria-Gasteiz).
Abiapuntuko ideia gisa harturik bilduma oro garai baten memoriaren eta zibilizazioaren aburuz baliagarri den ororen adierazpena –kulturaren, arteen, teknikaren, balioen, identitatearen… adierazoena– direla, Oroi ekimenak ehun obra proposatzen ditu aniztasunaren eta pentsamendu-askatasunaren ikuspegitik azterketa egiteko tresna modura, alde batera utzirik sinplifikazioa eta diskurtso unibokoa. Artium Bildumaren erakusketetan ohikoa denez, askotariko teknikak erabiliz landutako eta genero askotako obrak bildu dira honako honetarako ere: pinturak, eskulturak, marrazkiak, instalazioak, argazkiak eta bideoak.
Lau espaziotan egituratu da erakusketa, espazio horietako bakoitzean memoriaren gaira hurbiltzeko beste hainbat ikuspegi lantzen direla. Lehen atala Memoriaren egitura da. Atal horretan bildutako obrek memoriaren berezko izaeraren hainbat alderdiri buruz dihardute: haren ahultasuna, konplexutasuna, iragankortasuna, alderdi emozionalarekiko lotura… Egile hauen lanak ikus daitezke atal honetan, besteak beste: Darío Urzay, Fernando Sinaga, Benjamín Palencia, Concha Prada, Mirari Exhávarri eta Mateo Maté.
Jarraian, Memoria politikoa. Historiaren kontakizunak dator, maiz eztabaida sortzen duten auzietarako hurbilketa, hala nola memoria historikorako edo “kontakizunaren lehia” deritzonerako hurbilketa. Arteak, dela ezkutuan egondakoa agerian uzteko hurbilketa modura, dela boterearekiko hurbilketa anbiguo eta analitikoago modura, memoria politiko sozialaren kontzeptua ere nabarmentzen du. Txomin Badiola, Ibon Aranberri, Jorge Oteiza, Antoni Tàpies, Francesc Torres eta Ixone Sádaba dira espazio honetan obrak dituzten artistetako batzuk.
Antimonumentuak eta oroitzapen-aurkakoak du izena erakusketaren hirugarren atalak. Hemen, historiaren bertsio ofiziala finkoa eta zalantzan jarri ezinezkoa balitz bezala instituzionalizatzen eta zilegitzen duten espazioen nolabaiteko ugaritzea aztertzen da. Horri aurre eginez, desorekara, distortsiora, gainbehera datozen eta ikono hautsi bihurtzen diren sinboloen deskribapenera jotzen du arteak. Ildo horri jarraitzen diote esparru honetan ordezkatutako artistek, hala nola: Ignasi Aballí, Elena Mendizábal, Cambalache taldea, Haroon Mirza, Fernando Sánchez Castillo eta Elena Aitzkoa.
Azkenik, Malenkonia vs nostalgia. Litezkeenen proiekzioa izeneko esparru batekin amaitzen da erakusketa. «Nora?» baino gehiago «noiz arte?» (noiz arte izango da ura, elikagaia, energia…?) galdetzen duen orainari eta iraganarekiko mira saihestezin eta akritiko bati malenkoniaz, kontzientziaz, sistemarekiko kritikaz, ezinegonaz eta mundua ikusteko eta munduan egoteko modu berriak bilatuz aurre egiten dio arteak. Diskurtso horretan kokatzen dira, hain zuzen ere, Azucena Vieites, Ignacio Sáez, Jiri Georg Dokoupil, Bleda y Rosa, Joana Vasconcelos eta Carlos Irijalbaren obrak, besteak beste.
Oroi. Queda mucho pasado por delante 2019ko abuztuaren 25era arte egongo da ikusgai, eta hamaika hilabete hauetan hainbat jarduera-programa garatuko ditu Artium Museoak erakusketari loturik: topaketak Artium Bildumako artistekin, hitzaldiak, zinema-emanaldiak eta irakasleentzako prestakuntza-jarduerak, besteak beste.
Erakusketari buruz Lan zerrenda Liburuxka Prentsarako irudiak
Oroi. Queda mucho pasado por delante. Colección Artium
Komisarioa: Enrique Martínez Goikoetxea
Artistak: Ignasi Aballí, Elena Aitzkoa, Vicente Ameztoy, José Ramón Amondarain, Guido Anderloni, Cecilia Andersson, Ibon Aranberri, Judas Arrieta, Txomin Badiola, Jordi Bernadó, Ramón Bilbao, Elena Blasco, Bleda y Rosa, Jacobo Castellano, Colectivo Cambalache, José Dávila, Jiri Georg Dokoupil, Pep Durán, Mirari Echávarri, Joan Fontcuberta, Susy Gómez, Abian González Francés, Eduardo Hurtado, Aldo Iacobelli, Carlos Irijalba, Iñaki Larrimbe, Abigail Lazkoz, Miki Leal, Mateo López, Isidro López Aparicio, Rogelio López Cuenca, Cristina Lucas, Mateo Maté, Asier Mendizabal, Elena Mendizabal, Haroon Mirza, Pedro Mora, Juan Luis Moraza, Moris, Antoni Muntadas, Jorge Oteiza, Benjamín Palencia, Alberto Peral, Javier Pérez, Txuspo Poyo, Concha Prada, Sergio Prego, Gonzalo Puch, Miguel Ángel Ríos, Pedro G. Romero, Francisco Ruiz de Infante, Ixone Sádaba, Ignacio Sáez, Avelino Sala, Fernando Sánchez Castillo, Olve Sande, Richard Serra, Adolfo Schlosser, José María Sicilia, Fernando Sinaga, Antoni Tàpies, Francesc Torres, Darío Urzay, Javier Vallhonrat, Joana Vasconcelos, Azucena Vieites, Darío Villalba, Robert Waters,B. Wurtz
Hegoa Aretoa, 2018ko irailaren 21etik 2019ko abuztuaren 25era
Inaugurazioa: ostirala, irailak 21
18:00etan: inaugurazioaren aurreko bisitaldi gidatua, komisarioarekin. Artiumen adiskideentzat bakarrik. Erreserba nahitaezkoa da
19:00etan: performancea. Qué hacer de aquí para atrás_in situ. 12. Proklamaren laborategia. Doako jarduera
20:00etan: erakusketaren inaugurazioa. Sarrera librea
«Bilduma guztiak dira denbora baten oroitzapena, zibilizazio batek baliotsutzat jotzen duen guztiaren irudikapena: bere kultura, artea, teknika, materialak, nortasunak eta kontzeptuak… Queda mucho pasado por delante. Oroi erakusketak orainaren memoria askotariko eta konplexuaren irudi gisa jartzen gaitu aurrez aurre Artium Bidumarekin. Memoria horrek eratzen gaitu persona gisa, hark ematen dio gorputz mintzairari eta irudikapenari, denborari eta dokumentuari, igarkizunari eta aieruari.».
Enrique Martínez Goikoetxea