Vitoria-Gasteizko Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak berreskuratu egingo ditu urritik aurrera familientzako lantegi eta jarduerak: Artium txikia, Good Morning Artium! eta FamiliArtium. Modu atseginean arte eta kultura garaikidearekiko harreman goiztiar bat izateko pentsatuak, Museoaren Hezkuntza Sailak diseinatzen ditu lantegi horiek eta hezitzaile espezializatu batek gidatzen. Asteroko lantegiak, Artium txikia eta Good Morning..., datorren igandean hasiko dira, urriak 7, eta hilean behingoa, FamiliArtium, hilaren 27an izango da, larunbata.
Udako oporren atsedenaldiaren ondoren, urriak eta udazkenak familientzako lantegiak berriz hastea dakarte Artiumen, nahiz igandeetako Artium txikia eta Good morning Artium! Nahiz hilean behingo FamiliArtium. Arte eta kultura garaikidera modu atseginean hurbiltzea helburu duten lantegi horietan burutzen diren jarduerak Artiumen Hezkuntza Sailak diseinatzen ditu. Hezitzaile bat gidari dutela, aldatu egiten dira aldi orok eta, beraz, lantegi guztietan parte hartu daiteke jarduera errepikatu gabe. Interesatuek argibide gehiago lor dezakete 945 20 90 20 telefono zenbakian eta Museoaren webean.
Zehatzago esanda, datorren igandean, hilak 7, tranpantojoak egitea proposatuko zaie parte-hartzaileei —3-5 urte bitarteko haurrei— Artium Txikia programan, begiei egiten zaizkien amarru sinpleak, espazioa nola hautematen dugun aldatzen dutenak. Iruzurra begiei! da Garazi Celayak gidatutako lantegi honen izena eta 12:15ean hasiko da.
Bestalde, Azucena Monge hezitzaileak 6-11 urte bitarteko neska-mutilentzako pentsatutako Good morning Artium! programan Good Morning October izeneko jarduera bat gidatuko du. Parte-hartzaileak Artiumen lorategira joango dira, eta Museoaren barruko plazan oraindik ere bizirik dirauten landare eta loreei buruzko oharrak hartu eta gero postal birakari bat marraztuko dute, udazkenaren etorrera iragarriko duena. Good morning Artium! 12:00etan hasten da eta ingelesez egiten da erabat, beraz aukera bikaina da hizkuntza hori erabiltzeko ere.
Igande horretan bertan, urriak 7, eta Mugako jaialdiaren esparruan, Mugako Kids lantegia egingo da Artiumen. Familiek musika elektronikoaren inguruan sortu eta esperimentatzeko gune bat.
FamiliArtium
Bestalde, Artiumek familientzako hilean behingo FamiliArtium lantegiak egiteari ekingo dio berriz ere urrian. Kultura garaikidearekin lotutako askotariko gaiak lantzen dira programa honetan, eta haurrek eta haien familiako helduek jolastuz eta sortuz ongi pasatzeko pentsatuta dago. Esate baterako, hilaren 27an, larunbata, Sara Berasalucek argazkiak errebelatzeko lantegi bat egingo du, parte-hartzaileek Artiumen lorategian bilduko dituzten naturako gaiak erabiliz. Huntza, lore-hostoak, perrexila…horra eguzki-izpien bidez inprimatzeko oinarri gisa erabili ahal izango diren landareetako batzuk.
FamiliArtium doako jarduera da, Museoaren sarrera izanez gero; gogoan izan 14 urtez azpikoek ez dutela sarrerarik ordaintzen eta, beraz, haiekin doazen helduek baizik ez dutela txartela erosi behar. Lantegia 17:00etan hasten da. Komeni da erreserba egitea ondoko telefonora deituz: 945 20 90 20.
Familientzako lantegiak Artium Museoan
Artium txikia, 3 urtetik 5 urtera. Igandero
Good Morning Artium!, 6 urtetik 11 urtera. Igandero; ingelesez
FamiliArtium, 6 urtetik 12 urtera. Hilean behin
Argibideak : 945 20 90 20