Artiumek, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak, Jacobo Castellanoren riflepistolacañon erakusketa aurkeztu du (Iparra aretoan, 2019ko otsailaren 9tik maiatzaren 19ra). Andaluziar artistaren atzera begirako erakusketa bat da, eta bertan bilakaera bat sumatzen da, berreskuratutako objektuen mihiztadura hauskorretan oinarritutako lehen lanetatik egungo ekoizpenetara, homogeneoagoak eta kontzentratuagoak. Haurtzaroko oroitzapenak, familiarenak, eta bizitako esperientziak erreferentzia izan dira haren ibilbide osoan, eta baita gauzetan gordetako istorioak berreskuratzeko ideia ere. riflepistolacañon Javier Hontoria-ren komisariotzapean egin da eta Artium Museoaren (Vitoria-Gasteiz) eta Centro Andaluz de Arte Contemporáneo-ren (Sevilla) ekoizpena da.
Ikusgai dagoen piezetako batetik hartu du izena riflepistolacañon-ek, duela urte asko Jacobo Castellanok (Jaén, 1976) kalean aurkitu eta halako arma-inbentario bat erakusten duen haur-marrazki batetik; haur horrek, gramatika-kontuen axolarik gabe, katalogo txiki horrentzat asmatutako izena litzateke riflepistolacañon. Haurtzaroko oroitzapenak, irudiak eta objektuak eta, oro har, pertsonen bizitza lagun egiten diguten gauzak dira, hain zuzen ere, Castellanoren lanaren zati garrantzitsu baten jatorria. Javier Hontoria komisarioaren esanetan «gure herriko eskultura-lanen gorputz berezienetako bat» sortu du artistak, eta «jardun artistikoetan ikerketa funtsezko metodo gisa inposatzen den garai hauetan, Jacobo Castellanok esperientziaren betikotzean eta norberaren memorian jarri du enfasia ikonografia gisa».
Erakusketan berrogeita hamar artelan baino gehiago bildu dira, 1999an hasi eta gaur arte egindako eskultura, argazki, margolan eta instalazioak; badu, beraz, halako atzera begirako kutsu bat. Gainera, artelanak kronologikoki ez baina kontzeptu, narrazio zein formazko asoziazioen arabera aurkeztu badira ere, erakusketan haren lanaren bilakaera hauteman daiteke, hasierako berreskuratze-prozesuetatik eta txatal eta hondakinen mihiztaduratik hasi eta berariazko historia duten aurkitutako objektuak berriz testuinguruan kokatzeraino.
Ibilbide hori eta haren lanean haurtzaroko oroimenek duen garrantzia erakusketaren zati handi bat giltzatzen duten bi artelanetan ikus daiteke: 2006ko Casa I-en eta 2018ko (Proyector con olivo) izenik gabean. Lehendabizikoa egitura ezegonkor eta arin bat da, familiak uda ematen zuen Villargordo herriko etxearen zatiekin egina: ate, leiho, argazki eta etxeko beste gauza batzuekin. Hontoriak dioenez «oroimena irudi eta formen metaketa hauskor gisa ikusten zen artistaren ibilbidearen une batekin lotuta dago pieza».
Izenik gabeko (Proyector con olivo) artelanak oso bestelako era batean heltzen dio oroimenaren kontuari: Villargordoko zinemaz arduratzen zen aitonaren proiektore zaharra herri bereko olibondo-enbor handi bati lotu zaio eta, hala, beste kontatzeko aukrea batzuei zabaltzen die bidea. Argiztatze, gogora ekartze, irudimen eta narrazio ideiak elkartzen dira pieza honetan, zeinak bai baitu «halako faro itxura bat, erakusketaren hasieratik bizitako oroitzapenetan zehar bisitariari lagun egiten dion gidari itxura bat».
riflepistolacañon-en erdigunean ate birakari bat dago (Torno de clausura, 2019), aretoko hormetako batean integratua. Komentuetan halako komunikazio bat ahalbidetzen duen baina kontenplaziozko bizimodua eta egunerokoa bereizten dituen ate birakariak espirituzkoaren eta mundukoaren arteko elkarbizitza sinbolizatzen du hemen, errituaren eta jolasaren artekoa, Castellanoren lanean aurkitzen diren elementuak, guztiak. Badira erakusketan beste elementu esanguratsu batzuk ere, hala nola Peleles izenekoak, Goyaren margolan ezagunean inspiratutako zurezko piezak; «pertsonaiak», giza-irudiak gogora dakartzaten instalazio handiak; Piñatas (2018) direlakoak, artistaren eguneroko errituekiko interesetik sortuak eta, zehazki, kolono jesuitek Latinoamerikan utzitako ondaretik; eta Paso de Semana Santa (2018), erlijiozko ospakizun batzuen inguruan elkartzen diren herrikoa eta sakratua, debozioa eta sineskeria biltzen dituena.
Granadako Unibertsitatean ikasketak amaitu ondoren gailendu zen Jacobo Castellano mende berriko espainiar eskultura gaztearen panoraman. Hasiera hasieratik adierazten zuen bere lanak —Madrilgo Fúcares galeriako lehen erakusketan ikusi ahal izan zenez— haurtzaroko eta familiaren oroitzapenekiko interes bat, Andaluzia jaioterriko herri-iruditeriari lotutako formetan gauzatzen zena. Artistaren ibilbide hori guztia pertsonen bizitzan zehar lagun egiten duten gauzen oroimenaren ebaluazioan laburbildu daiteke: objektu eta irudi gutxi edo asko osatu gabeak, onirikoak eta egiazkoak neurri berean, ukigarriak edo etereoak, izaera atsegin edo doilorrekoak, afektibitate maila desberdinak —eta sarritan kontraesankorrak— sortzeko joera dutenak. 2010ean Jacobo Castelanok El mantel y el telón proiektua garatu zuen Praxis programaren barruan.
Erakusketari buruz Prentsarako irudiak
Jacobo Castellano. riflepistolacañon
Komisarioa: Javier Hontoria
Iparra aretoan,2019ko otsailaren 9tik maiatzaren 19ra
Erakusketaren katalogoa. Testauren egileak: Javier Hontoria eta Luis Caballero Martínez. Turner-ekin batera argitaratua (aurki kalean).
Jarduerak:
Otsailaren 8an, ostirala
18:00etan: Inaugurazio aurreko bisita gidatua Jacobo Castellano-rekin eta Javier Hontoria-rekin. Artiumen Adiskideentzat (beharrezkoa da erreserba egitea)
19:00etan:artistaren eta komisarioaren arteko solasaldia. Sarrera doan.
20:00etan: erakusketaren irekiera. Sarrera doan
Hurrengo doako bisita gidatuak (Museoaren sarrera-txartelarekin):
Otsailaren 10ean, igandea, 12:00etan. Gaztelaniaz
Otsailaren 13an, asteazkena, 16:30ean. Euskaraz. Zuk nahi duzuna tarifa
Otsailaren 24an, igandea, 12:00etan. Gaztelaniaz
Otsailaren 27an, asteazkena, 16:30ean. Euskaraz. Zuk nahi duzuna tarifa
riflepistolacañon elkarrekin ekoitzi dute Artiumek (Vitoria-Gasteiz) eta Centro Andaluz de Arte Contemporáneo-k (Sevilla)
«riflepistolacañon-ek esperientziaren izaera etxetiarra finkatu eta gordetzeko ahaleginean sakontzen du. Jardun artistikoetan ikerketa funtsezko metodo gisa inposatzen den garai hauetan, Jacobo Castellanok esperientziaren betikotzean eta norberaren memorian jarri du enfasia ikonografia gisa. Zuraren presentzia saihetsezinak —motibo horiek berreskuratzen beti gogotsu dabilen niaren enblema gisa, sortzen dituenen arrastoa nekez ikusten dugun lan garaikide multzoaren aurka— gure garaiko espainiar eskultura gailenaren buruan kokatzen du artista». Javier Hontoria
Ondokoarekin ekoitzia

Sarrerak Online
Denda Online