Fernando Sinaga eskultoreak Artistak gurean programaren beste hitzordu batean parte hartuko du maiatzaren 16an. Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak antolatzen duen hitzaldi-programa horretan Bilduman artelanen bat duten sortzaileekiko harreman zuzena izateko aukera eskaintzen da. Museoaren Hegoa aretoan ikusgai dagoen Oroi. Queda mucho pasado por delante erakusketaren barruan kokatuta dagoen La estructura de la memoria eskulturaren egilea da Sinaga. Arte garaikidearen ezagutza bultzatzeko xedea duen programa honek EDPren babesa du. Fernando Sinagaren hitzaldia 19:00etan hasiko da eta Emanaldi aretoan eta erakusketa-aretoan egingo da. Sarrera doakoa da.
Fernando Sinaga (Zaragoza, 1951) azken hiru hamarkadetako espainiar eskulturako irudi utziezinezkoenetako bat da. Salamancako Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakasle honek ibilbide konplexu bat garatu du, ezaugarri nagusienak askatasuna eta ekoizpen konplexu eta kontzeptuetan aberatsa dituela. Eskultorearentzat espazioa ez da gauzen edukiontzi bat, artelanaren beraren parte bat baizik. Argia, kolorearen azterketa, efektu optikoak eta ikusten denaren eta ez denaren arteko harremana ere izan dira Fernando Sinagaren interesaren eta analisiaren xede.
Artelan bat dauka une honetan aragoiar artistak Oroi. Queda mucho pasado por delante erakusketan, 1987ko La estructura de la memoria, artista espainiar minimalismoaren ondoko giroan agertu zen unekoa. Hodi tankerako egitura polikromatu bat da, kono-enbor formakoa, eta hamarraldi horretako beste artelan batzuk bezala ez dauka masarik, itxiturak kendu zaizkion edukiontzi bat balitz bezala. Artistak gurean programan izango duen esku-hartzean, bere lan-prozesuak eta arte-sorkuntzari hurbiltzeko bere modua azaldu ondoren, Museoaren Hegoa aretoan ikusgai dagoen artelan honen inguruan arituko da.
Fernando Sinagak lotura berezia du Vitoria-Gasteiz hiriarekin, 1999an aldi berean Amárica aretoan (Esculturas 1991-1999) eta Trayecto Galerian (Piel de hiena) egon zenetik. Azken horretan bakarkako erakusketa bat egin zuen Sinagak 2010ean, Synesthesie, eta bai Trayecto Galeriak eta bai Artium Museoak taldeko erakusketa batzuetan eta besteetan sartu izan dituzte haren lanak. La estructura de la memoria-z gainera, egile beraren beste bi eskultura daude Artium Bilduman, Furor melancholicus, 1996koa, eta Rebis, 1999koa, eta baita 1996ko Alma del mundo argazkia ere.
Artistak gurean Artiumen eta EDP Fundazioaren programa bat da, Atium Bilduman dauden artistak aurrez aurre ezagutzeko aukera ematen duena. Sortzailearekiko harreman zuzen horrek haren lanaren eta lan-prozesuen ezagutza sakonagoa izateko aukera ematen du eta, horrekin batera, baita arte garaikidea egungo gizartean garrantzitsua egiten duten mekanismoak ere.

Artistak gurean
Fernando Sinaga, La estructura de la memoria artelanaren egilea
Maiatzaren 16an, osteguna, 19:00etan. Doako jarduera
EDP Fundazioaren babesarekin
Artistak gurean. Fernando Sinaga
Lanaren fitxa (katalogoa) Lanaren irudia
Sarrerak Online
Denda Online