Ostirala, 27 Iraila 2019 14:27

Musika, ornitologia eta dantza: mahai ingurua Izkiko Interpretazio Zentroan

Ekimena Miriam Isasiren Carpinteros proiektuaren parte da, Leyre Goikoetxeak komisariaturiko eta Eskualdea 2019 deialdian aukeratutako Un triángulo, tres vértices_Ser rizoma proiektuan parte hartzen duten artistetako batena. Mahai-ingurua datorren igandean, irailak 29 (12:00etan) izango da, eta Izkiko Parke Naturalean dagoen arotz txorien koloniaren inguruan artistak egindako ikerketa prozesutik abiatuta sortutako ikus-entzunezko pieza bat ere aurkeztuko da bertan

Musika/ornitologia/dantza (txoriak eta performancea) izenburupean, datorren igandean, irailak 29, 12: 00etan, Izkiko Parke Naturaleko Interpretazio Zentroan hegaztien iruditeriari buruzko mahai-ingurua egingo da, eta baita haren interpretazioari eta mugimendua eta soinua ekintza performatiborako ardatz gisa lotzen dituzten diziplina sortzaileetan aplikatzeari buruzkoa ere. Miriam Isasi artista gasteiztarraren Carpinteros proiektuaren parte da topaketa, eta honako hauek hartuko dute parte: Rosario Granell dantzari eta koreografoak, Luca Rincon, Soinuen Mapa (Euskal Herriko soinu-mapa) proiektuaren kideak, Jonathan Rubines biologo eta Izki Parke Naturaleko zerbitzu teknikoaren kideak eta artistak berak. Jarduera hau Arabako Foru Aldundiaren Kultura Sailak eta Artium Museoak sustatutako lurraldean esku-hartze artistikoak egiteko Eskualdea 2019 programaren barruan dago.

Mahai-inguruaz gain, Isasik Laura G. Del Amo zuzendariarekin batera sortutako Carpinteros bideo-grabazioa aurkeztuko da jendaurrean, abuztuan zehar Parke Naturalean eta Zuhatzu Kuartangon grabatua. Izkin aurkitutako okil-koloniari buruzko ikerketa batetik abiatu da artista, txori horien deien, basoaren plastikotasunaren eta DUGA-3 antenak igorritako soinuen arteko loturak finkatzeko. Ikus-entzunezko lan hori datorren igandetik aurrera eta urriaren 31ra arte ikusi ahal izango da Korres herrian dagoen Interpretazio Zentroan (Afuera kalea z/g), zentroaren ohiko irekiera ordutegietan.

Sarbide libreko ekimen hau, Leyre Goikoetxeak, Belén Cerezo, Miriam Isasi eta Anabel Quincoces artista arabarrekin batera komisariatu duen Un triángulo, tres vértices_Ser rizoma proiektuko jarduera multzoaren parte da. Un triángulo, tres vértices_Ser rizoma aukeratu da Eskualdea 2019ko komisariotza-deialdian. Arabako Foru Aldundiak eta Artium Museoak sustatutako programa da, eta asmoa da Arabako Lurralde Historikoan esku hartzea, arte garaikidearen eta lurraldearen arteko gurutzaketa eremuak sustatzeko. Arreta berezia jarriko zaio artek landa-ingurunearekin, natura-gunearekin eta gizarte-testuinguruarekin duen elkarrizketari.

Sortzeko egonaldia eta talde-erakusketa
Leyre Goikoetxea komisarioak eta proiektua osatzen duten artistek —Belén Cerezo, Miriam Isasi eta Anabel Quincoces— elkarrekin sortzeko egonaldi bat egingo dute urriaren 5etik 13ra Zuhatzu Kuartangon. Eskualdea 2019ren esparruan artistek beren jarduerak garatzen dituzten lanen eta kokaguneen bat egitearen sinbolo izango da egonaldi hori —Artziniega (Belén Cerezo), Añanako Gatz Harana (Anabel Quincoces) Izkiko Parke Naturala (Miriam Isasi). Lan-prozesu hori jendaurrean egingo da urriaren 7tik 11ra, eta urriaren 12tik azaroaren 10era bitartean Kuartangoko Bainuetxean ikusgai egongo den talde-erakusketa batean erakutsiko da emaitza.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand