Ostirala, 2019(e)ko Azaroaren 22a 09:56

FamiliArtium: datorren asteburuan, paperarekin, urarekin eta pigmentuekin jolastera

Igandean, gorpu guztiz finaren jolasari eskainiko zaio Artium txikia, eta Good Morning Artium!, berriz, ukimena eta usaimena bakarrik erabiliz gauzak hautematera

Datorren larunbaterako, azaroak 23, familientzako lantegi berezi bat antolatu du Artiumek, paper marmolatuaren edo tantotuaren antzinako arteari eskainia, ukitu garaikide eta berritzailearekin. Parte hartzaileek obra bakar eta harrigarriak sortuz gozatuko dute, paperezko xaflak eta bestelako materialak uraren gainean dauden pigmentuak harremanetan jarriz. Asteburuko familientzako egitaraua igandean amaituko da, hilak 24, txikienentzako Artium txikia-rekin eta ingelesa praktikatzeko ezin hobea den Good Morning Artium!-ekin

Uraren gainean dauden pigmentuekin paper orri bat kontaktuan jarriz hura koloreztatzean datzan arte grafiko hau, X. mendetik ezagutzen da gutxienez Asian, Turkiatik eta Ekialde Ertainetik etorritako bidaiariek Europan XVII. mendera arte sartu ez zuten arren. Hainbat aldaera dituen teknika da; Turkian egiten dena, ebru izenekoa, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu du. Mendebaldean, adibidez, artisau koadernaketan erabili izan da, liburuen barruko babes-orriak inprimatzeko.

Hileroko FamiliArtium lantegian—heldu batek lagundurik doazen 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendua— parte hartuko dutenek uraren eta tinten laguntzaz irudi eta agertoki liluragarriak sortzeko teknika hau erabiltzen ikasiko dute. Horretarako, paperezko formak eta marrazkiak harrapatu beharko dituzte, desagertu aurretik. Horixe da, hain zuzen ere, teknika horren erakargarritasunaren zati bat: irudi bakarrak eta errepikaezinak direla emaitza.

Teknika honen sekretuak eta prozesuak gordeta eta aldatu gabe egon dira luzaroan, baina oraingo honetan, Museoaren izaera garaikide eta berritzailearekin bat etorriz, neska-mutilek irudi harrigarriak eta, garrantzitsuena dena, bakarrak sortzeko material eta tresna sorta zabalarekin probatu eta esperimentatuko dute.

Paper marmolatuaren artea lantegia azaroaren 23an, larunbata, izango da 17:00etatik 19:00etara. Sarrera doan da Zentro-Museoko txartelarekin eta tokia mugatua da, beraz, komenigarria da 945 20 90 20 telefonora deitu eta erreserba egitea.

Igandean, hilak 24, Artium txikia eta Good Morning Artium!
Igandeetan Artiumen ohikoak diren lantegiekin osatuko da asteburua. Artium txikia, 3 eta 5 urte bitarteko haurrentzat pentsatua, sorkuntza modu dibertigarri eta kolaboratzaileenetako baten eszenatokia izango da, jatorri surrealistako «gorpu guztiz fina» jolasarekin. Marrazkiari aplikatuz eta Museoan ikusgai dauden Elena Mendizabalen lanetatik abiatuta, pertsonaia eta izaki fantastikoak diseinatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.

Good Morning Artium! lantegiaren kasuan —6 eta 12 urte bitarteko neska-mutilentzat da eta, gainera, ingelesa praktikatu daiteke—, parte-hartzaileek objektu desberdinak haztatuko dituzte ilunpean, eta ehundurak, usainak eta sentsazioak deskribatuko dituzte, ikusmena erabili gabe betiere. Forma, egitura eta usainetatik abiatuta atmosferak sortzea da helburua.

Good Morning Artium! Igande eguerdiko 12: 00etan hasten da, eta Artium txikia, berriz, handik ordu laurdenera. FamiliArtium-en bezala, edukiera mugatua da eta 945 20 90 20 telefonoan izena ematea komeni da. Arropa egokia janztea ere komeni da, zikintzea axola ez duena.

FamiliArtium
Paper marmolatuaren artea
Azaroaren 23an, larunbata, 17:00etan

Familientzako lantegiak
Artium txikia / Good Morning Artium!
Igande goizero
Izen-ematea: 945 20 90 20

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand