Azteazkena, 2019(e)ko Abenduaren 11a 11:03

Euskarazko irakurle taldeak Harkaitz Cano eta Mikel Ayerbe bilduko ditu Artiumen

Twist eleberria, Canoren arrakasta literarioa, izango da solasaldiaren ardatza. Idazlea bertan dela, klubak, besteak beste, liburuaren bilbeak artearen munduarekin dituen loturei helduko die

Bihar osteguna, abenduak 12, euskarazko irakurle taldearen beste saio bat egingo da Artium Museoan, Harkaitz Cano idazlea bertan dela eta Mikel Ayerbe irakaslearen koordinaziopean. Lasarteko idazlearen Twist eleberria, 2011. urtean argitaratu zena, izango da taldeko partaideen solasaldiaren ardatza, eta istorioaren nondik norakoen eta artearen munduaren arteko loturak aztertuko dira. Saioa arratsaldeko 19: 30tan hasiko da eta sarrera librea izango da, komeni bada ere eleberria lehendik irakurria izatea.

Harkaitz Canok (Lasarte-Oria, 1975) 2011n argitaratu zuen Twist, erruari, maitasunari, traizioari eta adiskidetasunari buruzko istorio bizi-bizia, Kritikaren Sariaren eta Euskadi Literatura Sariaren aitorpena merezi izan zituena. 2013an gaztelaniaz argitaratu zen, Gerardo Markuletaren itzulpenean, eta era horretan eleberriak hedapen handiagoa eskuratu zuen.

Twist eleberriaz gainera, Canok argitaratu ditu, beste obren artean, Beti oporretan kontakizun-bilduma (2015; El turista perpetuo, 2017), Fakirraren ahotsa eleberria (2018; La voz del Faquir, 2019),  Belarraren ahoa ukronia (2005; El filo de la hierba, 2007), baita Piano gainean gosaltzen ere (2000; El puente desafinado, 2003), autofiziozko kroniken liburu bat, 11-Sren aurreko New Yorkeko hiriarekin egileak izan zuen erlazioaren emaitza, zeinetarik berebat sortu baitzen Norbait dabil sute-eskaileran poema-bilduma (2001; Alguien anda en la escalera de incendios, 2008).

Harkaitz Canori hiru bider eman diote Literaturako Euskadi Saria, eta beste horrenbestetan Kritikaren Saria, eta bi bider eskuratu du 111 Akademiaren Saria, irakurleek ematen dutena.

Itzulpen-lanei dagokienez, euskarara ekarri ditu, besteak beste, Sylvia Plath, Anne Sexton, Hanif Kureishi eta Allen Ginsberg autoreak. Horrez gainera, zinemako eta komikiko gidoilari gisa ere jarduna da, eta elkarlanean aritzen da euskal eszenako musikariekin.

Euskal Literatura eta artea euskarazko irakurle taldea Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketen Saileko irakasle Mikel Ayerbek koordinatzen du. Parte-hartzaileek beren gogoetak partekatu eta liburuak artearekin dituen loturak aztertu eta argitu ahal izango dituzte. Saioek ordu eta erdiko iraupena izango dute, eta saioaren bigarren zatian liburuen egileek parte hartuko dutela dute berezitasun nagusia.

Irakurle taldea euskaraz
Euskal literatura eta artea: Twist, Harkaitz Canoren eleberria
Mikel Ayerberen eta Harkaitz Canoren eskutik
Abenduaren 12an, osteguna, 19:30ean. Doako jarduera

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand