Ostirala, 2020(e)ko Urtarrilaren 17a 11:47

Artiumek 91.547 bisitari izan zituen 2019an

Gasteizko Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak 91.547 bisitari jaso zituen 2019an. Museoaren programa desberdinetako erabiltzaileei dagokienez, oro har, gora egin zuen museoaren berezko programetako partaide kopuruak, eta behera, berriz, kanpotik ekarritako ekitaldietako partaideenak. Hala, berezko programetan % 5 handitu zen kopuru hori; ildo horretan, nabarmentzekoa da % 6ko gorakada izan zela erakusketa aretoetako bisitetan eta % 16koa, berriz, hezkuntza programetan. Aitzitik, museoaren kultura jardunetik kanpo egindako ekitaldietan % 29 gutxitu zen erabiltzaileen kopurua. Oro har, 45 urtetik beherako emakumea izan zen Artiumeko bisitaria. Museoaren Interneteko ikustaldi kopurua % 25 handitu zen: 431.000 ikustaldi izan ziren.

Datu zehatzagoak ematen baditugu, kultura jardueretan –hitzaldiak, zinema zikloak, ikastaroak eta arte eszenikoak, besteak beste– parte hartu zuten pertsonak museoak jasotako guztien % 24 izan ziren. Hezkuntza programen baitan eskoletatik jasotako bisitak, berriz, % 17. Bestalde, arte nahiz kultura garaikidean espezializatutako Liburutegi eta Dokumentazio Zentroaren erabiltzaileak Artiumera etorritako pertsona guztien % 12 izan ziren. Ehuneko horiek erakusketetako bisitarien ehunekoari gehituz gero, ikus daiteke museoak izan zituen bisitarien % 87k jarduera kultural eta artistikoren batean parte hartu zutela Artiumen. Museoaren programaziotik kanpoko jardueretan parte hartu zuten erabiltzaileen kopurua % 13koa izan zen 2019an.

Bisitarien jatorriari dagokionez, 2019an bisitarien % 56 izan ziren Euskal Autonomia Erkidegotik kanpokoak. Beraz, berretsi egin zen azken ekitaldietako joera, hots, turismoak gero eta protagonismo handiagoa duela museoko bisitetan. Dena dela, Artiumek bertako eta kanpoko erabiltzaileen banaketa orekatuari eutsi zion. Zehazki, erabiltzaileen % 34 arabarrak izan ziren; % 10, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak; % 30, beste autonomia erkidego batzuetakoak, eta % 26, atzerritarrak. Espainiarren artean, madrildarrak, katalanak eta gaztelauak izan ziren ugarienak Artiumen, eta atzerritarren artean, berriz, frantsesak, britainiarrak, italiarrak eta alemanak, hurrenkera horretan.

Adinaren eta generoaren arabera aztertuz gero, Artiumeko bisitari gehienak emakumeak izan ziren (% 54 emakumeak eta % 46 gizonak), eta 44 urte baino gutxiagoak (% 55, zehazki, eta % 45 adin horretatik gorakoak). Bisitari multzo nagusia 25 eta 65 urte bitarteko helduek osatu zuten, bisitari guztien % 63 izan baitziren; bisitarien % 13 izan ziren 65 urtetik gorakoak, eta % 24, berriz, 25 urtetik beherakoak.

Interneteko eremuari dagokionez, Artiumen webguneek 431.000 bisita izan zituzten 2019an, eta milioi bat orri ikusi ziren; horrek esan nahi du erabilera % 25 handitu zela 2018ko estatistikekin alderatuta. Sare sozialetan, Artiumek Facebooken duen jarraitzaile kopurua 28.600era igo da (% 3), eta Twitteren, berriz, 17.870 jarraitzaile lortu ditu (gorakada txiki bat izan du, 0,2koa). Museoa 2018an hasi zen Instagram erabiltzen, eta jada 2.290 jarraitzaile ditu (aurreko ekitaldian baino % 50 gehiago). Aipatzekoa da Museoak YouTubeko eta Vimeoko bere kanaletan argitaratutako bideoek 32.000 erreprodukziotik gora izan zituztela 2019an, eta 6.000 bisualizazio ordu baino gehiago izan zituzten orotara.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand