Hamaika proposamen biltzen ditu erakusketak, argazkiz, instalazioz eta hainbat serietako objektuz osatuak, baina espazio logika bera dutenak. Salaberriak lehen planoan jartzen ditu espazioa eta honek portaera eta begiratzeko eta sentitzeko modua baldintzatzeko duen gaitasuna.
Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Xabier Salaberriaren Arkitekturarik gabeko erakusketa bat erakusketa aurkeztu du (A1 aretoan, 2021eko urriaren 3ra arte). Erakusketak hamaika lan multzo aurkezten ditu, argazkiak, instalazioak eta objektuak barne, arkitekturaren eginkizunari, paisaiaren eta lurraldearen irudikapenari eta museografiaren alderdi teknikoei lotuak. Lan horietako bakoitzak bere izaerari eusten dio, baina, aldi berean, logika espazial beraren arabera erlazionatzen dira elkarren artean. Artistaren azken ekoizpenei lan zaharragoak eta aurreko proposamenen memoria gehitu zaizkie. Erakusketa honen harira, argitalpen bat plazaratu du museoak Lars Bang Larsen idazle eta arte historialariaren testuarekin. Beatriz Herráez eta Enrique Martínez Goikoetxea izan dira Arkitekturarik gabeko erakusketa bat erakusketaren komisarioak.
Xabier Salaberriaren (Donostia, 1969) lana eskulturaren, diseinuaren eta espazioen antolaketaren eta arkitekturaren esparruetan kokatzen da eta haren praktika tekniken, materialen eta objektuen historiaren azterketan oinarritzen. Argazkia, marrazkia eta instalazioa dira artistak Artium Museoan egindako erakusketaren testuinguruan egindako proposamenetan darabiltzan bitartekoak. Espazio hori interpretatzen du eta bertan parte hartzen du hainbat erakusketa-displayren azterketatik abiatuta, aretoetan ibilbide-sistema bat marraztuz museografiaren alderdi teknikoen, arkitekturaren funtzioen eta historiaren eta paisaiaren eta lurraldearen irudikapenaren artean proposatutako gurutzaketetan barneratzeko.
Izenburuko ukazio esplizituaren bidez —Arkitekturarik gabeko erakusketa bat—, egileak lehen plano esanguratsu batera dakartza espazioa, haren hormak, altuerak, ibilbideak… eta haiek gure jokabidea eta proposamenak ikusteko eta sentitzeko modua nola baldintzatzen dituzten. Izenburutik bertatik hasita, Salaberriak espekulaziorako espazio bat sortzen du, arkitekturaren, erakusketaren eta displayaren boterean pentsatzeko, eta horiek narratiban eta gure irakurketan nola eragiten duten ikusteko.
Erakusketak hamaika proposamen aurkezten ditu, argazkiak, instalazioak eta objektuak barne. Hainbat serietan oinarrituta, lanek beren izaerari eusten diote, eta, aldi berean, logika espazial beraren bidez osatzen dute elkar. Horrela, proiektuari izenburua ematen dion instalazioa, Arkitekturarik gabeko erakusketa bat, aurtengoa, panel modularren bidezko konstelazio batez osatuta dago, non diseinatzaile gisa egindako lanen irudiak, planoak eta erakusketen eta espazioen proiektuak zintzilikatzen diren (museorako egindakoa barne). Kokaera, kolorea eta eginkizuna aldatuta, aplikazio funtzionalaren eta sinbolikoaren arteko lurralde bat sortzen dute, beren praktika artistikoan ohikoa. Erakusketak beste lan batzuk ere biltzen ditu, hala nola r de radio, 2020an egindako instalazio bat, non 4 erakusmahai metaliko bertikalek kristal hautsien bilduma bat erakusten duten, edota Bézier (2020), 8 aluminiozko xafla, beira-zatien siluetak euskarri lau batera testu gisa eramaten dituztenak.
Bere ibilbidearen aurreko garaietako argazki batzuekin batera, Agiñan ateratako 5 irudiko friso bat ere badago (Serie friso Oteiza, 2021). Jorge Oteizak Aita Donostiaren oroimenez egin zuen monumentuaren gainazaleko eta ertzeko gorabeherak uzten dituzte argazkiek agerian, ustekabekoak izan ala ez. Badirudi oteizar cromlech mikrolitikoaren espazio sakratuari Aiako haitzetako gandor profanoarekin hitz eginarazten diola, monumentuaren oroimenari bere siluetaren ustekabeko, halabeharrezko edo bortxazko formekin.
Argazkiek, era berean, ohiko konbentzioak eta azalpen-arauak iraultzen dituzte. Aldaketa horien bidez, espazioari, arkitekturari eta gailuei erreparatzen die Salaberriak, instalatzen diren lekuan esanahia sortzen duten elementu gisa.
Xabier Salaberria Donostian bizi da eta bertan lan egiten du. Bere prestakuntza-aldia Arteleku Arte Zentroari lotuta dago. Bertan, Txomin Badiolak eta Ángel Badosek 1998an emandako lantegietan edo Peio Irazuk urte berean egindakoetan parte hartu zuen. Topaleku eta eztabaidarako gune hori, denboran zehar lantoki eta erreferentzia gisa mantendu du. Parte hartu duen egoitza-programa ugariak direla-eta, denboraldi luzeak eman ditu atzerrian —horrek ikusgarritasun handia eman dio bere lanari—, eta, besteak beste, Peio Agirre, Chus Martínez, Lars Bang Larsen eta Catalina Lozanok komisariatutako proiektuetan parte hartu du. Bere azken erakusketen artean ondokoak aipa daitezke: r de radio, Carreras Múgica, Bilbo (2020); Ganar Perdiendo, Centro Centro, Madril (2019); Restos materiales, obstáculos y herramientas, Sao Pauloko 32. Biurtekoa (2016); Can-ni-faire, Carreras Mugica (2016); Proceso y Método. (A.T.M.O.T.W.) Xabier Salaberria, Bilboko Guggenheim Museoa (2013); The Society Without Qualities, Tensta Konsthall. Stockholm (2013) eta Inkontziente-Kontziente (Scenario1 about Europe), GFZK, Leipzig 2011.
2008an Gure Artea saria jaso zuen, 2009an Marcelino Botin Fundazioaren Sormen Beka eman zioten eta 2011n, Gasteizko Montehermoso Arte Zentroaren Arte eta Ikerketa Beka. Artium Bildumaz gainera, haren lana bilduma publiko eta museoetan dago ikusgai, besteak beste, Bartzelonako MACBAn, Santanderko Marcelino Botin Fundazioan, Tenerifeko Santa Cruzeko TEAren Bilduman, Sabadell Bilduman, eta Bilboko Arte Ederren Museoan eta Guggenheim Museoan.
Prentsa oharra (pdf) Lan zerrenda (pdf) Irudi-eskaera Arkitekturarik gabeko erakusketa bat
Xabier Salaberria. Arkitekturarik gabeko erakusketa bat
A1 aretoan, 2021eko maiatzaren 21etik urriaren 3ra
Komisarioak: Beatriz Herráez, Enrique Martínez Goikoetxea
Argitalpena, Lars Bang Larsen-en testuarekin
Lotutako jarduera:Xabier Salaberriaren, Beatriz Herráezen eta Enrique Martínez Goikoetxearen arteko solasaldia. Maiatzaren 21ean, ostirala, 18etan
Lotutako jarduera
Xabier Salaberriaren, Beatriz Herráezen eta Enrique Martínez Goikoetxearen arteko solasaldia.
Maiatzaren 21ean, ostirala, 18:00etan
Sarrera doan. Toki mugatua
Argibideak eta erreserbak: 945 20 90 20