Osteguna, 2021(e)ko Ekainaren 24a 13:00

Artium Museoak Antonio Ballester Morenoren 'Norberak eraikitzea. Pieza solteak. Jolasa eta esperientzia' erakusketa aurkeztu du

Erakusketak norberak eraikitzean eta jolasean oinarritutako pedagogiako praktika historiko batzuk berrikusi eta elkartzeko eta ikasteko espazio bat sortu du. Carme Nogueira, Raphael Escobar eta Abraham Cruzvillegas artisten lanak ere izango dira bertan ikusgai

Artiumek, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak Norberak eraikitzea. Pieza solteak. Jolasa eta esperientzia. Antonio Ballester Moreno (A3 aretoa, 2021eko azaroaren 1era arte) erakusketa aurkeztu du. Proiektu hau Museoak bere hiri-testuinguruarekin eta testuinguru sozialarekin duen harremanari buruz eta, zehazki, bere barruko plazak inguruko elkargune gisa duen potentzialari buruz hausnartzeko prozesutik sortu da. Ballesterrek, Museoak gai honi buruz hitz egin duen artistetako batek, norberak eraikitzean eta jolasean oinarritutako pedagogiako praktika historiko batzuk berrikusi ditu, eta elkartzeko eta ikasteko espazio bat eratu du, ohiko erakusketa ez izateko pentsatutako proiektu honetan. Carme Nogueira, Raphael Escobar eta Abraham Cruzvillegas artisten lanak ere biltzen dituen erakusketa Ángel Calvo Ulloak komisariatu du, eta Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunearen eta Vitoria-Gasteizko Barrutia Ikastolako ikasle eta irakasleen laguntzarekin egin da.

Antonio Ballester Morenoren Norberak eraikitzea. Pieza solteak. Jolasa eta esperientzia erakusketa Plazaraturen esparruan abian jarritako hainbat lankidetza-prozesuren emaitza da, hau da, Museoak erakunde gisa eta egitura arkitektoniko gisa bere ingurunearekin duen loturari eta elkargune eta gizarte-harremanen gune izateko duen gaitasunari buruzko hausnarketa-prozesuaren emaitza.

Ballester Morenok pedagogiarekin lotutako metodoak erabiltzen ditu bere praktika artistikoan; zenbait proiektutan ikasle taldeak sartzen ditu tartean hasierako ideia bati forma emateko eta noizean behin baita helduak ere. Artium Museoan egindako proposamenean, artistak XX. mendean garatutako praktika pedagogiko batzuk hartu ditu erreferentziatzat, norberak jolas gisa eraikitzean eta ekintza —eraikitzea, berreraikitzea, konpontzea, birmoldatzea— ikasteko, prestatzeko eta bizitzeko modu bihurtzean oinarrituta. Lady Allen of Hurtwood arkitekto ingelesa, Palle Nielsen ekintzaile danimarkarra, Enzo Mari arkitekto italiarra edo Simon Nicholson artista ingelesa dira esperientzia horiek inspiratzen dituzten irudietako batzuk, Ángel Calvo Ulloa komisarioak erakusketari lagun egiten dioen argitalpenean azaltzen duen bezala.

Horrela, Antonio Ballester Morenok Gasteizko Barrutia Ikastolan eta Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunean udaberrian egindako lantegietan ekoitzitako lanak instalatu ditu museoko A3 aretoan. Barrutia Ikastolaren kasuan, ikasleak, familiak eta irakasleak deitu zituen artistak Enzo Mariren praktikari eta haren autoprogettazione? eskuliburuari eta Simon Nicholsonen «pieza solteen» teoriari jarraituz altzariak eraikitzeko lantegi batean parte hartzera. Oinarrizko pieza eta tresnak erabiliz eta berariazko plano eta jarraibideen arabera sorturik, objektu horiek —mahaiak, aulkiak, plataformak, kabinak— plaza edo haur-parke bihurtu dute A3 aretoa, museoaren kanpoaldera hiri-baratzera irekia.

Bestalde, erakusketan 30 metroko luzeko eta 4 metro gorako mural handi bat ere badago, Ballester Morenok Dinamoa Sormen Gunean proposatutako diseinuetatik abiatuta zuzendu zuen lantegian ekoitzitako 164 serigrafia-piezak osatua.

Ballester Morenok «taldean urtzen diren proiektuetan lan egiteko» duen joera hori, komisarioak adierazten duen bezala, areagotu egiten da beste artista batzuk Norberak eraikitzea… proiektuan parte hartzera gonbidatuta: Carme Nogueira eta hark Buñuelen Las Hurdes, tierra sin pan dokumentaletik eta Extremadurako eskualde horretan 30eko hamarkadan garatutako esperientzia pedagogiko berritzaileetatik abiatuta egin zituen lantegiak, Raphael Escobar eta Os Cupins das Artes, São Paulon etxerik gabeko pertsonekin egindako lantegiak, eta Abraham Cruzvillegas eta Mexiko Hiriko auzo herrikoietan errotutako autoeraikuntza prozesuak, haren praktika artistikoan suma daitezkeenak.

Ballester Morenok bakarkako erakusketak egin ditu Valladolideko Patio Herreriano Museoan, Madrilgo La Casa Encendida museoan, Mexikoko Guadalajarako MAZ museoan, Leongo MUSAC museoan, Madrilgo MaisterraValbuena galerian, Lisboako Pedro Cera galerian, Santa Monicako Christopher Grimes museoan eta Berlingo zein Los Angeleseko Peres Projects museoetan. Talde-erakusketetan ere parte hartu du, hala nola Sao Pauloko 33. biurtekoan, artista eta komisario gisa, Michigango MSU Broad Museum-en, Madrilgo CA2Men, eta New York, Berlin eta Los Angeleseko galerietan, besteak beste. Bere lana bilduma hauetan dago: Reina Sofía Arte Zentro Nazionalean, MUSACen (Leon), CA2Men, Iberdrola Bilduman eta Fundación Helga de Alvear-en.

Prentsa oharra (pdf)  Irudi-eskaera  Lan-zerrenda Erakusketa 

Norberak eraikitzea. Pieza solteak. Jolasa eta esperientzia. Antonio Ballester Moreno
A3 aretoan, 2021eko ekainaren 25etik azaroaren 1era
Komisarioa: Ángel Calvo Ulloa
Argitalpena. Testuaren egilea Ángel Calvo Ulloa
Solasaldia artistarekin: ostiralean, ekainak 25, 18:00etan
Irekiera dela-eta, ordutegi berezia: 11:00etatik 20:00etara, etenik gabe.
Erakusketa hau Vitoria-Gasteizko Barrutia Ikastolaren eta Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunearen lankidetzari esker egin ahal izan da.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand