Ostirala, 2021(e)ko Urriaren 29a 10:30

Artium Museoak Txaro Arrazolaren 'Ustiaketa bikaina' erakusketa aurkeztu du.

Artium Museoak Txaro Arrazolaren 'Ustiaketa bikaina' erakusketa aurkeztu du. Irudia: 'Bushwick'. Txaro Arrazola 1995

Artistak 90eko hamarkadan hasitako Paisajes sociales saileko margolan sorta zabala bildu da erakusketa honetan. Txaro Arrazolak paisaia garaikide kezkagarriak sortzen ditu, giza ekintzak planetan eta pertsonengan dituen ondorio suntsitzaileak erakusten dituztenak

Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Txaro Arrazola. Ustiaketa bikaina erakusketa (A1 aretoan, 2022ko martxoaren 13ra arte) aurkeztu du. Erakusketan, artistak 90eko hamarkadaz geroztik garatu dituen Paisajes sociales saileko margolanen sorta zabala bildu da. Bertan, giza ekintzak zuzenean ala zeharka planetan eta pertsonengan dituen ondorio suntsitzaileak irudikatzen dituzten eszenatokiak margotzen ditu. Xabier Arakistainek komisariatu duen Ustiaketa bikaina erakusketak, hasierako garai hartako beste pieza batzuk, marrazkiak, argazkiak eta Salbaziorako Armadaren dendetan erositako arropekin egindako patchwork-ak ere aurkezten ditu. Erakusketa dela-eta, Artium Museoak liburu bat argitaratu du Arakistainen eta Rocio de la Villaren testuekin.

Paradoxikoa da zinez gaztelaniaz «explotar» hitzak hiru adiera izatea: «lurreko aberastasunak erauztea», «norberaren onurarako beste pertsona baten lana edo ezaugarriak gehiegikeriaz erabiltzea» eta «lehertzea, eztanda egitea». Erakusketa honen izenburuak aditzaren hiru adiera horiekin jolasten du, eta haien arteko loturak proposatzen ditu, haietatik abiatuta Txaro Arrazolaren (Vitoria-Gasteiz 1963) lanetako paisaia garaikidearen ideiara hurbiltzeko.

Txaro Arrazolak 1993an New Yorkeko Bushwick auzo hondatuko fabrika zahar batean zuen estudioko leiho handitik ikusten zuen paisaiaren lehen marrazkiak egin zituenetik ekoitziz joan den Paisajes sociales saileko margolan sorta zabala biltzen du Una magnífica explotación erakusketak. Gero, zuzeneko marrazkien ordez, egunkari eta aldizkarietatik hartutako irudiak erabiliko ditu bere margolanen erreferente gisa. Irudiak eta kazetaritza-argazkiak euskarriak ematen dien gaurkotasun laburretik ateratzeak, egunkarien egunerokotasuna gainditu eta tresna artistiko bihurtzeak, haien denbora zabaltzen du, baina, batez ere, izugarri hedatzen du haien funtzionaltasuna.

Lekualdaketa horren bidez, Arrazolak munduko hainbat gunetako paisaia garaikide gogoetagarriak sortuko ditu, gizakiaren zuzeneko edo zeharkako ekintzak eragindako era guztietako kalteak erakusten dituztenak. Muturreko pobrezia-egoerak erakusten dituzten paisaiak, favelak, gerrako errefuxiatuen kanpamenduak edo arrazoi klimatiko edo ekonomikoengatik emigratu dutenenak. Oso kolore gutxiko margolanak dira, ilunak edo beltz-beltzak, zorigaiztoko mundu bat deskribatzen dutenak, non inoiz ez baita pertsonarik agertzen.

Hurbiltasunaren ideia azpimarratzeko eta lanak mihisearen mugetatik harago hedatzen diren sentipena ez eteteko, margolanei ez zaie markorik jarri. Lehen ere ez zitzaien jartzen. Tamalez, gaur egun, duela 30 urte bezala, lanek erabateko gaurkotasun dute. Txaro Arrazolaren «paisaia sozialek» eguneroko paisaia ezagunegiak izaten jarraitzen dute.

Txaro Arrazola
Txaro Arrazola Arte Ederretan lizentziatu zen EHUn 1988an. Fulbright beka (1996-1997) eta MFA izan zituen Purchase College izeneko New Yorkeko Estatu Unibertsitatean (1996-1998). Arte ederretan doktorea (2012). Haren lanaren ezaugarri nagusiak konpromiso soziala, ordezkaritzaren kritika feminista eta elkarlaneko metodologien ikerketa dira.

Margolaritzan oinarritutako bere bakarkako praktika artistikoa diziplinaz gaindiko proiektuekin eta talde-proiektuekin uztartzen du, besteak beste, Plataforma A kolektiboarekin espazio publikoko ekintzetan egindakoekin. Haren lanak ondokoetan egon dira, besteak beste, ikusgai: Vanguardia galerian (Bilbo, 2019, 2014, 2011, 2007), Pedro Modesto Campos Fundazioan (Tenerife 2007), Montehermoso Kulturunean (Vitoria-Gasteiz, 2008, 2005) eta Kunstarkaden Der Stadt-en (Munich 2008).

Prentsa oharra (pdf)  Lan zerrenda  Irudi eskaera  Erakusketa

Txaro Arrazola. Ustiaketa bikaina

A1 aretoa, 2021eko urriaren 29tik 2022ko martxoaren 13ra
Komisariotza: Xabier Arakistain
Argitalpena, Xabier Arakistain-en eta Rocío de la Villaren testuekin

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand