Ostirala, 04 Otsaila 2022 12:35

Artium Museoak Ion Munduateren 'Cuerpos por un momento' erakusketa aurkeztu du, 'Testuinguruak bilduma batetik abiatuta' programaren barruan

Erakusketaren pieza nagusia Lucía con zeta da, museoaren fondoei dagokien 1998ko bideo bat, Munduateren beste bi lanen testuinguruan erakusten dena. Testuinguruak bilduma batetik abiatuta programaren, azterketa-kasuen eta Zeru bat, hamaika bide erakusketaren barruan egiten diren txandaketen helburua, museoko funts garaikide bikainaren ikusgaitasuna areagotzea da.

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Ion Munduateren Cuerpos por un momento erakusketa aurkeztu du, Testuinguruak bilduma batetik abiatuta programaren barruan (A02 aretoa, 2022ko maiatzaren 29ra arte). Erakusketaren pieza nagusia Lucía con zeta da, 1998an datatutako bideoa, 2020an erosi zena Bilduma partekatua ekimenaren esparruan. Erakusketa hau dela eta, Artium Museoak Sergio Pregok idatzitako argitalpen bat argitaratu du. Testuinguruak bilduma batetik abiatuta bere helburuen artean ditu, beste ekimen batzuekin batera, Artium Bilduma Museoaren ezagutza sustatzea, artista beraren beste pieza batzuekin batera erosi berri diren lanak aurkeztuz.

Marrazkia eta oharra daude Cuerpos por un momento-n jasotako lanaren jatorrian (Caja Roja, 1998, Lucia con zeta, 1998 eta Traduciendo Locus, Cuaderno 1, 2016, azken hau Blanca Calvorekin egina); artistaren ibilbideko hainbat unetan egindako bideoak dira.

Mugimenduan dagoelako bihurtzen da zerbait beste zerbait, aurreko une baten eta ondorengo une bitartegabe baten artean kokatzen delako. Mugimendu bakoitza kontramugimendu batean oinarritzen da, edo mugimendua berreskuratzean konpentsazio edo «arnasa hartze» bat gertatzen da, eta horrek sortzen du haren bolumena. Dantzaren ikaskuntzak eragindako gelditasun-egoera batetik, artistak mugimendua eta bere haren berriz pentsatzen hasi behar izan zuen, gorputz galduarekin berriz elkartzeko.

Prozesu, performance edo bideo bakoitza marraztuz hasten zen. Marraztutako lehen izakiak, Personne (Inor ez) izenekoak, Lucía con zeta (1998) lanean, oinez ibiltzen ikasten zuen.

Marrazki-sailak mugitzera bultzatzen zuen, mugimendu-esaldiak sortzera. Idatzohar eta idazketaren nozioak eragiten du pieza hau mugi dadin. Hauxe izango litzateke bere lehen mugimendu-partitura, denbora, izateko denbora harrapatzeko ahaleginean. Marrazkiak irakurtzean, marrazki izatea lehenesten da, ez subjektu, mugimenduan dagoen gorputza marra bat bezala pentsatzea. Zerbaiten urruntze-mugimenduan pentsatzea, eta zerbaitetara hurbiltzea, tartearen nozioa. Ashkan Sepahvand idazle eta itzultzaileak bezala, tartea «[…] hibridazio- eta mutazio-prozesu gisa ulertzen da, banantze-prozesu gisa baino gehiago, berritze-ekintza gisa, eta ez transferentzia-ekintza gisa».

Ion Munduate (Donostia 1969), dantza-performancean eta zen tekniketan trebatu da Donostian, Madrilen eta Parisen. Bere lanean bideoa, instalazioak eta performancea erabiltzen ditu. Mugatxoan (1998-2012) proiektuaren zuzendaria izan da, Blanca Calvorekin batera. Proiektu horrek Gure Artea saria jaso zuen 2015ean, ikusizko arteen arloan egindako lanarengatik.

Testuinguruak bilduma batetik abiatuta
Testuinguruak bilduma batetik abiatuta, Ion Munduateren erakusketa hau barne hartzen duen programa, Artium Museoaren Bilduma —funts garaikide paregabea, izaera publikokoa, eta ia 2.400 artelanek osatua— ezagutzera ematea helburu duten beste ekimen batzuei gehitu zaie 2021ean. Horrela, Zeru bat, hamaika bide Bildumaren erakusketa iraunkorraz gain, A01 aretoak 1977-2002 aldiaren kronologiari eta haren inguruko ikerketa-lanei lotutako azterketa-kasuak eta erakusketak hartzen ditu. Zeru bat, hamaika bide erakusketari ere aldaketak egiten zaizkio tarteka eta barne-ibilbide berriak sotzen dira. Museoaren argitalpen-programaren barruan #Bilduma sailaren sorrera helburu horren beraren barruan kokatzen da.

Museoaren erosketa-programak artearen arloan gaur egun garatzen ari diren eztabaidak eta praktikak esploratzen eta horien berri ematen laguntzen du, eta, gainera, ezinbesteko tresna da bere dinamismoa eta konplexutasuna ezaugarri dituen une bati pultsua hartzeko. Hori da Museoaren funtsezko eginkizunetako bat: ondare garaikidearen ekoizpena sustatzea eta artistak eta haien ekoizpenak bultzatzea.

Artium Museoak Ion Munduateren Lucía con zeta artelana gehitu zion bere bildumari 2020an, Eusko Jaurlaritzak sustatutako Bilduma partekatua izeneko erosketa-programaren barruan. Munduatek abiaraziko du 2022an Testuinguruak bilduma batetik abiatuta izeneko programa. Daniel Llaría, Nadia Barkate eta Lorea Alfaro artistek parte hartu zuten 2021ean ziklo horretan.

Prentsa oharra (pdf)  Irudi eskaera  Erakusketa 

Ion Munduate. Cuerpos por un momento

Testuinguruak bilduma batetik abiatuta
A02 aretoa, 2022ko otsailaren 4tik maiatzaren 29ra
Argitalpena, Sergio Pregoren testuarekin

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand