Ostirala, 2023(e)ko Martxoaren 03a 08:19

Naomi Kawaseren 'Tarachime'. igande honetan Artium Museoan, Zinema Feministaren Historiak zikloan

Japoniar zinemagile ospetsuaren filma gaixotasunari, absentziari eta familiaren historiari buruzko gogoeta bat da

Irati Gorostidi zinemagileak egingo du filmaren aurkezpena

Zinema feministaren historiak Euskal Herriko Arte Garaikideko Museoak eta Tabakalerak antolatutako zikloa da

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa-Artium Museoak Naomi Kawase zuzendari japoniarraren Tarachime filma proiektatuko du datorren igandean, martxoak 5, Hasieratik. Zinema feministaren historiak zikloaren barruan. Haurdunaldiari eta semearen jaiotzari buruzko dokumentu gisa hasi zuen filma, baina, azkenean, denboraren, absentziaren eta familia nortasunaren inguruko gogoeta sakonagoa egin zuen. Zinema feministaren historiak zikloa Artium Museoak eta Tabakalerak antolatu dute, eta Lur Olaizolak koordinatu du.

Naomi Kawase (Nara, Japonia, 1969) zinemagileak dokumentalistaren begiradarekin heltzen dio fikzioari, eta kutsu autobiografikoarekin askotan; begirada horretatik abiatuta erakusten ditu japoniar gizarte garaikidearen zenbait distortsio, jaiotza tasaren beherakadari, alienazioari eta familia egitura tradizionalen kolapsoari buruzko bere gogoeta pertsonaletatik abiatuta. Bere lanak eremu pertsonala, intimoa eta etxekoa islatzen ditu, ikuspegi feministatik betiere.

Tarachime (2006) filma, hasiera batean, lehen semearen haurdunaldia eta haren bizitzako lehen urteak dokumentatzeko saiakera izan zen; baina, azkenik, gaixotasunari, absentziari eta familiaren historiari buruzko gogoeta zabalago bat osatu zuen. Nara landa eremuko herrian, etxe zahar batean, bizi diren semearen eta 90 urteko izeba zaharraren egunerokoan oinarri hartuta, bizitzaren zikloari buruzko hausnarketa bat egiten du, gorputzaren bidez. Filmak ez ditu saihesten kontu korapilatsuak eta pertsonalak, esaterako adineko emakumearen dementzia gero eta handiagoa; emakume hura arduratu zen beraz gurasoek abandonatu zutenean, eta harreman zaila izan bazuten ere, maitasunezkoa izan zen inondik ere.

Naomi Kawase izan zen Cannesko Zinemaldiko Camera d'Or saria lortu zuen zinegilerik gazteena 1997an, fikziozko bere lehen film luzearekin: Suzaku. Lehiaketaren Sail Ofizialean, halaber, haren beste film batzuk estreinatu ziren, hala nola Shara (2003), Doluaren basoa (2007) –Epaimahaiaren Saria–, Hanezu (2011) eta Ur bareak (2014). 2015ean, Gozo-denda bat Tokyon filma izan zen Un Certain Regard sailaren inaugurazio-filma, eta Vision (2018) eta Benetako amak (2020), fikziozko azken bi lanak, Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu ziren. 2009an Carrosse d´Or ohorezko saria jaso zuen Cannesko Zinemaldiko Errealizadoreen Hamabostaldian. Tokyoko Olinpiar Jokoetako dokumental ofiziala izan du azken lana.

Zinema feministaren historiak zikloaren helburua da zinemaren historiaren hasieratik emakumeek ekoizpen zinematografikoan izan duten protagonismoa agerian uztea eta zinemagile horiek eta haien filmak ezagutaraztea. Gehienetan, emakume horien lanak zinemaren historia kanonikotik kanpo geratu dira, eta gaur egun ezinbestekoa da haien presentzia aldarrikatzea. Hainbat adituk aurkezten dituzte emanaldiak, eta hilean behin zuzendari bakoitzaren unibertso zinematografikoa azaltzen dute.

Hasieratik. Zinema feministaren historiak
Martxoaren 5ean, igandea
Tarachime, Naomi Kawase, Japonia, Frantzia, 2006, 39 min., JB japonieraz gaztelaniazko azpitituluekin
Aurkezpena: Irati Gorostidi, zinema-zuzendaria
Museoko Emanaldi aretoan. Aurkezpena 18:00etan. Proiekzioak 18:30ean
Sarrera: 2 € / Museoaren Adiskideak: 1 €
Toki mugatua. Erreserbak: 945 20 90 20
Artium Museoaren eta Tabakaleraren arteko lankidetza

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand