Ostirala, 02 Ekaina 2023 09:17

Artium Museoak 'Lotura mekanikoak. Praktika performatiboak museoan' erakusketa eta nazioarteko performance zikloa aurkezten du

Lazos mecánicos-ek museoaren espazioa eta bertan eraikitzen diren harremanak pentsatu nahi ditu, hainbat praktikaren bidez eraikinaren barrualdearen eta kanpoaldearen arteko porositate uneak sortuz

Zikloan ondoko artistek parte hartuko dute: Erick Beltránek, Jeremiah Dayk, Jon Mikel Eubak, Garazi Navasek, Naomi Rincón Gallardok, Tripak taldeak, Amaia Urrak eta Sus Zwick & Muda Mathisek

Yael Davidsek Feldenkrais metodoaren lantegi bat egingo du, eta Les Reines Prochainesek kontzertu bat emango dute

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Lotura mekanikoak. Praktika performatiboak museoan performanceen nazioarteko zikloa eta erakusketa aurkeztuko ditu (2023ko ekainaren 10etik uztailaren 30era). Bere espazio publikoa bizitzeko modu berriak sortzeko hainbat ekintza aktibatzen dituen Plazaratu zeharkako proiektuaren barruan dago proposamen hori. Itziar Okarizek eta Catalina Lozanok komisariatu duten Lotura mekanikoak-en hainbat performance eta lantegi bilduko dira, Jon Mikel Euba, Naomi Rincón Gallardo, Sus Zwick eta Muda Mathis, Tripak (taldea), Yael Davids, Amaia Urra eta Jeremiah Day artisten eskutik. Horrez gainera, Erick Beltranek proiektu bat garatuko du, geografikoki edota afektiboki museotik gertu dauden pertsonekin lankidetzan, eta Garazi Navasek eta Les Reines Prochainesek kontzertu bat emango dute. Jarduera guztiak doakoak dira. Bestalde, komisarioek Yael Davidsekin lankidetzan hautatutako museoko bildumako obrak nahiz zikloan eta dokumentazioan parte hartzen duten artisten piezak biltzen ditu erakusketak. Uztailaren 30era arte egongo da zabalik Artium Museoko A3 aretoan.

Lotura mekanikoak museoaren espazioa pentsatzeko eta bertan bizi diren gorputzetatik abiatuta eraikitzen diren harremanak pentsatzeko nahitik sortu da, artista eta kolektibo batzuen askotariko praktiken bitartez eraikinaren barruko aldearen eta kanpokoaren artean porositate guneak sortzeko asmoz. Praktika horiek bilduko dituen tesi bateratzaile bat aldarrikatu beharrean, Lotura mekanikoak-en irizpide nagusiak aniztasuna eta desberdintasuna dira, programan parte hartzen duten artistak hautatzerakoan. Praktika artistikoa espazioarekin eta espazioan sortzen diren harremanekin —eta hura nahastu, irauli eta birpentsatzeko duen potentzialarekin— giltzatzeko modu desberdinak dira, eta lau une zehatzetan egingo dira, ekainaren 10ean eta 24an, eta uztailaren 1ean, 7an, 8an, 13an eta 14an.

Proiektuaren izenburua ustekabearen emaitza da. María Paz Jiménezen (Valladolid, 1909 — Donostia, 1975) margolan baten izenburua da, duela gutxi aurkitutakoa. Orain arte, Bildumari lotutako museoaren datu-baseetan «izenbururik gabe» (1968) agertzen zen. Margolana ia monokromoa da. Oihalean, forma abstraktu batzuk pilatzen dira zientzia fikziozko paisaia batean bezala. Bilduma Hau Colección. Oinarrizko mugimenduak erakusketarako margolanaren markoa aldatzea erabaki zen, eta, marko zaharra kentzean, «Lazos mecánicos» (Lotura mekanikoak) idazkuna agertu zen, zurezko bastidoreari grapatutako zinta zati batean.

Plazaratu proiektuaren inguruan egiten ari diren ahaleginen barruan kokatzen da Lotura mekanikoak. Zeharkako proiektu horrek hainbat ekintza aktibatzen ditu museoaren programaren barruan, eta espazio publikoa bizitzeko modu berriak sortu nahi ditu.

Programa

Ekainaren 10ean
17:00etan. 29 Condiciones para una imposición. Para la organización de un cuerpo que se pone a disposición de la escritura, Jon Mikel Euba. A3 aretoa.
18:30ean. Viaje de formol, Naomi Rincón Gallardo. A3 aretoa

Ekainaren 24an
18:30ean. Pulfiki pulkiki, Amaia Urra. A3 aretoa
19:30ean. "…abesten saiatu nintzen…" "…baina ez zizuten entzuten…", Garazi Navas. A3 aretoa

Uztailaren 1ean
17:00etan. Performance, Sus Zwick & Muda Mathis. A3 aretoa
18:30ean. Tripak pasiaran II, Tripak. Simón Bolibar plazatik Artium Museorako ibilbidea; A3 aretoa
19:30ean. Kontzertua, Les Reines Prochaines. Plaza aretoa

Uztailaren 7an
10:00etan. Jeremiah Dayren lantegia. A3 aretoa

Uztailaren 8an
17:00 h. Nueva performance en el elizate, Jeremiah Day. San Bizente elizaren elizatean
18:30ean. Hor dago, Erick Beltrán. A3 aretoa

Uztailaren 13an eta 14an
Feldenkrais metodoaren lantegia. A Daily Practice with Works from The Collection, Yael Davids. A3 aretoa

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand