Astelehena, 05 Ekaina 2023 11:48

'Landare-museo bati buruzko oharrak', Michael Marder Ikerbasqueko ikertzailearen hitzaldia 'Museoaren etorkizunak' zikloan

Filosofoak ikusleei gonbidapena luzatu die berak landare museo esaten diona erakundearen etorkizuneko biziraupenaren modu dinamiko gisa irudikatzea

Michael Marder IKERBASQUEko Ikerketa katedradunak, Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia Sailean, Landare-museo bati buruzko oharrak hitzaldia emango du bihar, ekainak 6, asteartea, 18:30etik aurrera, Artium Museoak antolatutako Museoaren etorkizunak hitzaldi-zikloaren barruan. Marderrek jendeari proposatuko dio landare-museo bat irudika dezala erakundearen etorkizuneko biziraupenaren modu dinamikoa gisa. Arte garaikidearen alorreko bi aditu ezagunek museoen funtzioari eta etorkizuneko proiekzioei buruz hitz egingo dute beren lan-esparruetatik. Hitzaldi-programa honekin, Artium Museoak museoen etorkizuneko ikuspegiei buruzko hausnarketa-foro bat ireki du, arte garaikidearen esparruko eragile nabarmenen parte-hartzearekin. Sarrera librea da, eta edukiera mugatua.

Michael Marderrek dioen bezala, «hitzaldi honetan, gonbidapen bat luzatzen diet entzuleei: nik landare-museo esaten diodana erakundearen etorkizuneko biziraupenaren modu dinamiko gisa irudikatzea. Landare-museo diodanean, ez naiz ari museoko eraikinen edukiaz, ez konfigurazio arkitektonikoaz eta materialaz, ezta eraikin horien eta (beste landare-ingurune batzuez gainera) lorategiaren arteko harremanaz ere. Aitzitik, helburuak aztertzea proposatzen dut, denborarekin erlazionatzeko moduak, bai eta museoa landareen izaerari dagokionez definitzen duten harreman sozial eta politikoak ere».

«Zer itxura izango ote luke bildumak —bai bilduma egiteko prozesuak, bai bildumak berak— landare bat bezala hazi, gainbehera etorri eta eraldatuko litzatekeen museo batean? Nola aldatuko litzateke kontserbazioaren eredua horrelako erakunde batean? Zer zentzu izango lukete erakusketek, edo erakutsitako artelanek, landareek beren organoen esposizioa lurrazalean maximizatzeko duten joera kontuan hartuta, sustraiak iluntasunean eta lurraren hezetasun-erreserbetan mantentzen dituzten bitartean? Hona museoaren etorkizuna begetalizatzeko prozesuan zehar bide-erakusle izango ditugun galdera batzuk».

Michael Marder IKERBASQUEko Ikerketa katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Filosofia Sailean, Vitoria-Gasteizen. Bere testuetan hainbat alor jorratzen ditu, hala nola teoria ekologikoa, fenomenologia eta pentsamendu politikoa, besteak beste. Artikulu zientifiko eta monografia askoren egilea da, besteren artean: Plant-Thinking (2013); Phenomena—Critique—Logos (2014); The Philosopher’s Plant (2014); Dust (2016), Energy Dreams (2017), Heidegger (2018), Political Categories (2019), Pyropolitics (2015, 2020); Dump Philosophy (2020); Hegel's Energy (2021); Green Mass (2021), Philosophy for Passengers (2022) eta The Phoenix Complex (2023). Informazioa zabaltzeko, ikus haren web orria: michaelmarder.org.

Museoaren etorkizunak izenburupean, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, artearen arloko eragileekin topaketa batzuk programatu ditu, museoen etorkizuneko ikuspegiei, haien gizarte- eta ondare-erantzukizunari eta ezagutzaren sorkuntzari buruzko hainbat ikuspegi emateko. Michael Marderren hitzaldia zazpigarrena izango da, Juan Luis Moraza artista, komisario eta Vigoko Unibertsitateko irakaslearen, Clémentine Deliss Cambridgeko Unibertsitateko irakaslearen, Nuria Enguita Valentziako IVAMeko zuzendariaren, Asier Mendizabal artista eta ikaslearen, Filipa Ramos idazle eta komisarioaren, eta Elvira Dyangani Ose MACBAko zuzendariaren eta Yaiza Hernández filosofoaren arteko solasaldiaren ondoren.


Museoaren etorkizunak zikloa
Michael Marder: Landare-museo bati buruzko oharrak
Ekainaren 6an, asteartea, 18:30ean
Erreserbak 945 20 90 20. Sarrera doan, toki mugatua

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand