Azteazkena, 2023(e)ko Irailaren 06a 08:10

Artium Museoak udazkeneko programazioa aurkeztu du

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, hiru erakusketa berri aurkeztuko ditu udazkenean, Nerea Lekuona, Naomi Rincón Gallardo eta Carolina Caycedori eskainiak. Azken hau Erresuma Batuko Baltic Centre for Contemporary Art-ekin eta Valentziako IVAMekin batera ekoitzia da. Lekuonarena Testuinguruak bilduma batetik abiatuta programaren barruan dago, eta Rincón Gallardorena, aldiz, Z aretoko programan.

Museoaren eta bere programen nazioartekotze-ildoetan lan egiteko helburuarekin jarraituz, Alejandro Cesarcoren Beste adibide berri batzuk erakusketa, urrian, Lisboako Maumaus/Lumiar Cité-ra joango da.
Era berean, Julia Spínola artistari eskainitako erakusketa, abenduaren 10ean itxiko dena, CRAC Alsaceko aretoetan ikusi ahal izango da 2024ko udan.

Reina Sofía museoak, berriz, Ibon Aranberriren erakusketa bat inauguratuko du, Artium Museoarekin batera ekoitzia eta 2024ko udaberrian gurean inauguratuko dena.

Era berean, 2023an, Artium Museoak hainbat lan-saretan hartuko du parte, hala nola Imaginar Nuevas Europas (Europa berriak irudikatu), Europar Batasuneko Kontseiluko Espainiaren Lehendakaritzak sustatutako programa, zeinak artisten, herritarren eta erakundeen arteko lankidetzaren berri ematen duen, elkarrekin bizitzeko modu berriak sortzeko; edo España Negra (Espainia beltza) diziplina anitzeko ikerketa-taldean, esklabotzaren, kolonizazioaren eta immigrazioaren ondarearen bidez iberiar penintsulan dagoen presentzia eta esperientzia beltzari buruz hausnartzen duena, eta Valentziako IVAM, Bartzelonako MACBA eta CCCB eta Madrilgo MNCARS erakundeek parte hartzen dutena.

Programa publikoen esparruan, museoak UPV/EHUri eta UNEDi lotutako unibertsitate-ikastaroak hartuko ditu lehen aldiz. Alde batetik, ondare dokumentalaren kudeaketari buruzko udako ikastaroa egingo dugu irailaren 28an eta 29an, UPV/EHUrekin batera. Bertan izango dira, besteak beste, Prado Museotik, Reina Sofia Museotik, MACBAtik eta Liburutegi Nazionaletik etorritako hizlariak. Bestetik, urrian, praktika artistiko garaikideen hastapenei buruzko unibertsitate-ikastaro bat hasiko da, UNEDen Gasteizko Zentro Elkartuarekin batera antolatuta.

Azkenik, datozen hilabeteetan Esther Ferrerren Zenbaki lehenak Artium Museoaren barruko plazako kokapen berrian bisitatu ahal izango da. Museoak ondare publikoa berreskuratzeko sustatutako programaren barruan dago pieza.

Prentsa-oharra (pdf)

Irudiak

Erakusketak

Nerea Lekuona. Idealak / Ideales. Testuinguruak bilduma batetik abiatuta
Irekiera: 2023ko irailaren 22an
A3 aretoa, 2023ko abenduaren 10era arte

Nere Lekuonak (Vitoria-Gasteiz, 1976) Idealak/Ideales erakusketan bere azken aldiko bi lanen arteko elkarrizketa aurkezten du. Bi mural handi dira, elementuak eta kontzeptuak elkartuz osatuak, eta Trantsizio politikoaren inguruan gatazkan dauden kontakizunen arteko espazioan kokatzen dira.

Arabako Gobernu Zibilaren artxiboan egindako ikerketa baten ondorioz, Lekuonak Laboratorio en Transición izeneko lan bat burutu zuen. Ehundik gora objektu ditu, memoria duten materialak, hala nola penintsulako argazkiak, dokumentuak, planoak eta mapak, artistak froga-eremu gisa esku hartutako objektu multzo bat, Trantsizioko urteetan boteretik zabaldutako irudimen politikoarekin eta mezuekin jolasten dutenak.

Consignas lanean, Lekuonak eskuz diseinatu eta formalizatu ditu Euskal Herriko kaleetan egindako aldarrikapen eta protestetatik ateratako hitzak. Une baten memoria, artistak —emantzipazioko proiektu kolektiboei eta haien baliabideei buruzko bere azterketan— orainaldian kokatzen duena.

Erakusketa Testuinguruak bilduma batetik abiatuta programaren barruan dago. Erakusketa ziklo horrek berriki museoaren funtsetan sartu diren artisten ekoizpena ezagutarazten du.

Carolina Caycedo. Adiskideen lurraldea
Irekiera: 2023ko urriaren 6an
A1 aretoa, 2024ko apirilaren 7ra arte

Carolina Caycedo (Londres, 1978) artista kolonbiarraren erakusketa honek lan zabal bat biltzen du, egileak berak, munduko hainbat lekutan, baina bereziki Kolonbian, proiektu hidroelektriko handien aurka dauden mugimendu sozialen eta erakunde komunitarioen inguruan egindako ikerketaren emaitza. Antolakuntza-prozesu horiek ekonomia kapitalistaren eta haien aldeko gobernuen erauzketa-politikekin kontraesanean dauden ezagutza-moduak sortzen dituzte, eta haietatik elikatzen dira.

Arnas luzeko ibilbide hau 2012an hasi zen, Represa-Represión proiektuarekin, eta hainbat obra sortu ditu, formatu desberdinetan plazaratuak: bideoa, eskultura, instalazioak, marrazkia, argazkigintza eta performancea.

Caycedok ingurumen-justiziaren aldeko borrokaren hainbat alderdi aztertu ditu bere lanean, eta irudi-ekoizpenaren inguruko logika hegemonikoen eta ura gizateriaren zerbitzurako baliabide gisa definitzen duten diskurtsoen berrikuspen kritikoa egin du haien bidez. Aitzitik, haren lanak planetan bizi diren giza eta ez-giza izakien eta entitateen arteko harremanen elkar ulertze mutualista baten alde egiten du (jatorrizko herri askok dute pentsamolde hori bera), baina Mendebaldeko zibilizazio-hierarkiek desoreka sakona sortu dute haientzat, gaur egun klima-aldaketa deritzoguna, hain zuzen.

Adiskideen lurraldea Carolina Caycedoren lanaren lehen berrikusketa da Europan.

Erakunde hauen arteko lankidetzaren emaitza: Baltic Centre for Contemporary Art, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa-Artium Museoa eta Institut Valencià d’Art Modern (IVAM). Irene Aristizabalek erakusketa hau bera komisariatu zuen Baltic Centre for Contemporary Art museoan.

Artium Museoko erakusketaren komisarioa: Catalina Lozano.

Naomi Rincón Gallardo. Soneto de alimañas. Z aretoa
Irekiera: 2023ko urriaren 6an
Z aretoa, urtarrilaren 7ra arte

Bere lanean, Naomi Rincón Gallardok (Raleigh, 1979) antzinako mito mesoamerikarrak berreskuratu eta eguneratzen ditu —edo «sasikotzen» ditu, artistaren beraren hitzetan— estraktibismoak eta indarkeria neokolonialak erasandako Mexikoko egungo errealitateei buruz hitz egiteko, baina baita mendebaldeko aurrerabide-paradigmek eraikitako imajinarioetatik ihes egiten duten beste etorkizun posible batzuei buruz espekulatzeko ere.

Rincón Gallardo ikerketetan oinarritzen da, non feminismo kolonialak, teoria queer-ek eta zientzia fikzioak pentsamendu moderno kolonial kapitalistaren logika bitarrak asaldatzen dituzten kontakizunak animatzen dituzten. Materialki eta afektiboki hainbat pertsonarekiko lankidetzan oinarritzen diren bideoetan DIY estetika bat sortzen da, jai herrikoiek eta protesta feministek elikatzen dutena.

Soneto de alimañas (2022) lanean pertsonaia multzo bat aurkezten du, azpimundutik eta ertzetatik «eldarniozko birexistentzia korapilatuak» ospatzeko elkar hartzen dutenak, ustiategiaren logiken mende dagoen mundu baten erdian. Bertan, uhin erradialen bidez komunikatzen diren izaki baztertuen elkartasuna sortzen da, eta izaki horiek existentzia eta alteritateak indarkeriari eta eraispenari aurre egiteko dakarren potentziala aldarrikatzen dute.

Erakusketa hau MONDRAGONen laguntzarekin egin da.

Alejandro Cesarco. Beste adibide berri batzuk
A1 aretoa, 2023ko irailaren 24ra arte
Maumaus/Lumiar Cité, Lisboa, 2023ko urriaren 14tik 2024ko urtarrilaren 14ra

Alejandro Cesarcoren (Montevideo, Uruguai, 1975) lanei eskainitako erakusketa honek zenbait euskarritan egindako lanak biltzen ditu —argazkiak, bideoak eta testuetan oinarritutako piezak—. Obra horiek ikaskuntzaren esperientziari eta eraikuntzari buruzko gogoeta proposatzen dute, baita memoriari, pertzepzioari eta hizkuntzari lotutako prozesuei buruzkoa ere.

Beste adibide berri batzuk martxoaren 24an inauguratu zen gure museoan, eta irailaren 24ra arte egongo da zabalik. Urriaren 14an Lisboako Maumaus/Lumiar Cité erakusketa-gunean irekiko da.

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak eta Maumaus/Lumiar Citék (Lisboa) elkarrekin ekoitzitako erakusketa (Lisboa)

Ibon Aranberri
MNCARS, Sabatini eraikina, 2023ko azaroaren 2tik 2024ko martxoaren 11ra
Artium Museoa, A3 aretoa, 2024ko udaberria

Erakusketa monografiko honetan, Ibon Aranberriren (Itziar, Deba, 1969) lanak ez ezik, artistaren hainbat proiektu ere berrikusiko dira, artistaren egungo begiradatik erreparatuta. Ibon Aranberriren lanek unean uneko egoera zehatzak dokumentatzen dituzte «informazio sentimentalaren» bitartez. Era berean, erakusketa honetan Ibon Aranberrik bere iraganeko proiektuei begiratzen die, haiekin lotutako sentimenduei, ez amaitu ziren bezala erakusteko, utzi duten aztarnarekin lotuta baizik. Erakusketa Reina Sofia Museoan aurkeztuko da, Artium Museoan ireki aurretik.

Euskal Herriko Arte Garaikideko Museoak, Artium Museoak eta Madrilgo Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofíarekin elkarrekin ekoitzitako erakusketa

Bilduma Hau Colección. Oinarrizko mugimenduak (1950-2000)
A0 aretoa. Euskal Herriko Arte Garaikidearen Bilduma

Erakusketa hau berrogeita hamarreko hamarkadan hasi eta gaur egunera arte iristen den bildumaren funtsen berrantolaketa bat da. Ehun artelan, dokumentu eta artxiboko material baino gehiago biltzen ditu, eta tentsioak eta topaketak eragiten ditu erakusketak hartzen dituen bost hamarkadetan sortutako adierazpen artistikoen artean.

Jakinik edozein irakurketa orainean artikulatzen den eta iraganari begiratzen dion adierazpena dela, baina etorkizunean ere proiektatzen dela, kronologiak hausturak eta denbora-gainjartzeak aurkezten ditu. Era berean, proposatutako ibilbideetan testuinguru hurbileneko eztabaidak eta praktikak nazioarteko esparruetan gertatu zirenekin lotzeko balio duten lanak eta artistak ere biltzen dira.

Mari Paz Jiménezek 1945ean, Jorge Oteizak 1948an eta Nestor Basterretxeak 1952an Latinoamerikako herrialdeetan egindako bidaia eta egonaldietatik itzuli ziren unea hartu zen abiapuntu. Genealogia horrek Arantzazuko basilikaren proiektuaren inguruan bildutako komunitateari forma ematen dio. Funtsezkoa da Francoren diktaduraren aurka zeuden artista eta idazleen konpromisoa ere, hirurogeiko hamarkadako langile errepresaliatuen egoerarekiko (Estampa Popularreko María Franciska Dapena eta Agustín Ibarrola), eta funtsezkoak, orobat, Gabriel Aresti eta Gabriel Celaya poeten ahotsak, besteren artean, izan ere, azken idazle honek 1947an idatzitako Movimiento elementales poema-liburutik hartu du izena erakusketak.

Julia Spínola. Persona, foto, copia
A2 aretoa, 2023ko abenduaren 10era arte
Centre rhénan d’art contemporain (CRAC Alsace), 2024ko ekainetik aurrera

Julia Spínola-ren (Madril, 1979) erakusketaren izenburua osatzen duten hiru hitzak erakusketako piezak zeharkatzen dituzten —edo, hobeto esanda, mamitzen dituzten, espazio baten barruan eta haien parte den leku batean sortarazten dituzten— kezka eta desioen adierazgarri dira. Pieza horiek, gutxi gorabehera eta atzera begirako asmorik gabe, hamarkada bat hartzen dute artistaren lanean. Egindako aukerak lehendik dauden lanak eta erakusketa honetarako ekoitzitakoak artikulatzen ditu, eta horrek jarraitutasunak eta denborazkotasun berriak sortzen ditu, haiek eragindako harremanen bidez.

Erakusketa hau Centre rhénan d’art contemporain (CRAC Alsace) erakundearekin lankidetzan antolatu da eta hara joango da hurrengo urtean.

Laida Lertxundi eta Ren Ebel. Everything Near Me
Z aretoa, 2023ko irailaren 24ra arte
Everything Near Me [Nigandik hurbileko guztia] bi kapitulu dituen zinema-instalazio bat da. Lehenengoan, Euskal Herriko eta Kaliforniako testuinguru soziopolitikoekin zerikusia duten paisaia afektiboak aztertzen dira. Bigarrenean —Euskal Herrian bi urtez filmatua— eguneroko eszenak eta paisaia oparoak uztartzen dira, bizitza osatzen duten eta eta hari eusten dioten une iheskorrak.

Laida Lertxundik (Bilbo, 1981) landscape plus (paisaia eta zerbait gehiago) izeneko metodologia batekin lan egiten du, talde-ariketak, behaketa-argazkiak, musika, ekintza eta ausazko ekitaldiak konbinatuz; lurraren eta gorputzaren artean paralelismoak ezartzen ditu, berarentzat atsegin eta esperientzia guneak, biak.

Erakusketa hau MONDRAGONen laguntzarekin egin da.

Programa publikoak

UPV/EHUko Udako ikastaroa-Artium Museoa
Ondare dokumental artistikoa kudeatzeko estrategiak: ondare-erakundeetan informazio-baliabideak eta eduki digitalak eskuratzea Irailaren 28an eta 29an
Antolatzaileak: Artium Museoa eta UPV/EHU Udako Ikastaroen Fundazioa

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak-Artium Museoak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroen Fundazioak dokumentu-ondarearen kudeaketari buruzko ikastaro bat antolatu dute, eta horrek artisten ezagutzan, artelanen testuinguruan eta ikerketa eta lan artistikoetan duen garrantziari buruzkoa. Artium Museoaren zuzendaritzapean, arloko hainbat profesional adituk parte hartuko du ikastaroan, besteak beste, Prado Museoko, Reina Sofía Museoko, MACBAko eta Liburutegi Nazionaleko erakundeetako profesionalek. Ikastaroa irailaren 28an eta 29an egingo da eta matrikula zabalik dago Udako Ikastaroen webgunean, gazteentzako prezio bereziekin.

Programazio honen bidez, informazio-profesionalek eta parte-hartzaileek esperientziak trukatu, kudeaketa-estrategia berriei buruz hausnartu, eztabaida sortu eta ikerketa bultzatzen eta herritarren premiekin bat datozen kalitatezko produktuak eta zerbitzuak eskaintzen lagunduko duten lankidetza-ekintzak sustatu nahi dira. Ikastaroan alderdi horiek landuko dira, ikuspegi teoriko eta metodologikotik zein ikuspuntu tekniko, legal, etiko eta praktikotik.

Unibertsitate-hedapeneko ikastaroa. UNED - Artium Museoa
Praktika artistiko garaikideen hastapenak
2023ko urriaren 4tik azaroaren 29ra

Gasteizko UNED eta Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak antolatu dute ikastaro hau ikasleei arte garaikidea ulertzeko eta museoetako ondare-kudeaketaren funtsak ezagutzeko oinarri teoriko eta praktiko bat emateko xedez. Hain zuzen ere, bere helburuen eta ildo didaktikoen bidez, ikastaroan honako gaitasun hauek sustatu nahi dira: arte garaikidearen gaineko ulermen kritikoa, analisirako eta hausnarketarako trebetasunen garapena, eta ingurune artistiko eta kultural bateko kudeaketa museografikoko praktiken ezagutza.

Ikastaroa urriko eta azaroko 8 asteazkenetan egingo da, goizeko 10: 00etatik 12: 30era, eta guztira 20 eskola-ordu izango dira. UNEDeko irakasle-tutoreek, Artium Museoko profesionalek eta hizlari adituek parte hartuko dute.

España Negra

Artium Museoak España Negra proiektuan parte hartuko du udazken honetan. Ikerketa kolektibo horrek belztasunaren errizoma marraztu nahi du Espainian, mendeetatik hona sortu den subjektu beltzaren imajinarioa zalantzan jarriz eta hautsiz. Iruditeria asaldagarria eta probokatzailea ere bada, askoren bizitzan benetako atsekabea eragin duena, eta luzaro zalantzan jarri ez dena, edo ezkutatzen edo ezabatzen saiatu dena.

Parte-hartzaileak: Museo Reina Sofía, MACBA, CCCB, MNAC, Casa África, IVAM eta Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa, Artium Museoa

Imaginar Nuevas Europas

Imaginar Nuevas Europas proiektuak artisten, herritarren eta erakundeen arteko lankidetzaren berri ematen du, elkarrekin bizitzeko modu berriak sortzeko. Artearen eta kulturaren tresnak erabiltzen dituzten zortzi proiektutan oinarritzen da, gizarte garaikidearen erronka garrantzitsuei aurre egiteko

Parte-hartzaileak: TEA · Santa Cruz de Tenerife| La Madraza · Granada| MACBA · Barcelona| Es Baluard Museu · Palma I IVAM, Valencia | Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa, Artium Museoa

Hasieratik. Zinema feministaren historiak
Hileroko lehen igandean

Artium Museoak zinema feministaren zikloari ekingo dio berriro udazken honetan. Zinema-ziklo honen helburua da emakume zinemagileak eta haien filmak ezagutaraztea. Errealitate horiek zinema kanonikoaren historiatik kanpo geratu dira, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu aldarrikatzea. Hasiera batean ibilbide kronologiko bat proposatu genuen, eta gero filmen arteko harremana eraiki genuen zinemaren bidez. Edizio berri honek berrikuntza bat dakar: zinemagileek beraiek proposatuko dituzte emakumeek zuzendutako filmak zinemaren historian zehar, eta zinema-zuzendariek beraiek aurkeztuko dituzte saioak.

Hilean behin, zuzendari bakoitzaren unibertso zinematografikora hurbilduko gara. Ibilbide posible bat, pixkanaka, gure zinemaren historia berridazten jarraitzeko. Hiruhileko honetan Marina Palaciok, Clara Rusek eta Tamara Lucarinik hartuko dute parte.

Tabakalerarekin batera ekoitzia

Filmategiko zikloak. Euskal emakume zinemagileak III
Ostegunero, urritik abendura

Euskadiko Filmategiak Euskal emakume zinemagileak zikloaren hirugarren edizioa antolatu du urteko azken hiruhileko honetan, bere ibilbideetan gutxienez film luze bat grabatu duten euskal emakume zinemagileen talentua agerian jartzea helburu duen programa. Aurreko edizioetan bezala, zinemagile bakoitzak askatasun osoz hautatu du bere film guztien artean zein erakutsi nahi duen, eta jendaurreko aurpezpena ere berak egingodu.

Artium Museoa da, Donostiako Tabakalerarekin, Bilboko Arte Ederren Museoarekin eta Iruñeko Golem Baiona Zinemekin batera, Euskadiko Filmategiak antolatutako zikloen egoitza.

Hezkuntza proiektua

Eskola programak 2023-2024
Artium Museoaren 2023-2024 ikasturteko eskola-programetan izena emateko epea zabalik dago, maila guztietara egokitutako proposamenekin, haur hezkuntzatik hasi eta unibertsitateraino. Programa horien helburua da, artearen bidez, elkarrizketa-gune bat sortzea eragile guztientzat: museoko ikasleentzat, irakasleentzat eta hezitzaileentzat, eskolako eta museoko curriculumeko edukiak integratuz, talde bakoitzari eta haien beharrei egokitutako prozesu batean.

Artium Museoaren eskola-programen eskaintza zabala artium.eus webgunean argitaratuta dago, baita horietan izena emateko modua ere. Programa guztiak doakoak dira.

LORATEGItik. Bisita gidatuen programa
Asteazkenero, 18:00etan eta igandero 12:30ean

LORATEGItik doako bisita gidatuen programa bat da, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren erakusketa-eskaintza, bilduma eta aretoetako erakusketa monografikoak ezagutzeko hainbat ibilbide proposatzen duena. Bisita guztiak museoaren lorategitik abiatzen dira, boluntarioen zaintzapean dagoen eta auzoari espazio berdea eman dion proiektu kolektibotik.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand