Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, eta Gasteizko UNED Ikastetxe Elkartuak Praktika artistiko garaikideen hastapenak unibertsitate-hedapeneko ikastaroa antolatu dute. Ikastaroak 20 eskola-ordu izango ditu, zortzi saiotan banatuta; unibertsitate-ikastegiko irakasleak eta museoko eta AFAko profesionalak arituko dira irakasle, eta AFAn izango du ikastaroak egoitza. Proposamenaren helburua da ikasleei oinarri teoriko eta praktikoak eskaintzea arte garaikidearen hastapenak ezagutzeko eta museo bateko ondare artistikoa kudeatzeko. Izen-ematea zabalik dago UNEDen webgunean; ikastaroa doakoa da, eta publiko guztiei irekia.
Praktika artistiko garaikideen hastapenak unibertsitate-hedapeneko ikastaroak bi ildo didaktiko ditu ardatz: batetik, arte garaikiderako hurbilpen historiko eta teorikoa, eta, bestetik, kudeaketa museografikoaren oinarriak. Programak saio praktiko bat ere badu, Bilduma Hau Colección. Oinarrizko mugimenduak (1950-2000) erakusketara eta Artium Museoko arte-lanen gordailuetara bisita.
Ikastaroaren zuzendaria Gorka López de Munain da, Gasteizko UNEDeko irakasle-tutorea, eta xedetzat du arte garaikidearen interpretazio kritikoa sustatzea, analisi eta gogoetarako trebetasunak garatzea eta kudeaketa museografikoko praktikak ezagutzea ingurune artistiko eta kulturalean. Horretarako, gaur egungo arte-ekoizpenean eragina duten hainbat diziplina aztergai dituzten unitate didaktikoak prestatu dira, hala nola antropologia eta eta filosofia, eta kontuan hartu da arte garaikidearen testuinguru historikoa, euskal artea ardatz harturik.
Era berean, ikastaroak ikasleei tresnak eskaini nahi dizkie bilduma museografikoaren analisirako, arte garaikidearen arloko kontserbazio eta zaharberritzearen oinarri teorikoak eta praktikoak ulertzeko eta praktika artistiko garaikideak aztertzeko eta ikertzeko dokumentazioak eta artxiboek duten garrantzia aztertzeko.
Ikastaro hau da UNEDen eta Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren arteko lankidetzaren lehen emaitza. Bi erakundeen xedea da elkarlan horri eustea, prestakuntza-jarduerak eta kultura-hedapenekoak antolatzen jarraitzeko arte eta kultura garaikidearen esparruan.
Gasteizko UNED Ikastegi Elkartua 1975ean sortu zen; haren sorreran, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak parte hartu zuten, baita herrialdeko bi aurrezki-kutxek ere, Probintziakoak eta Udalekoak. Graduko eta graduondoko prestakuntza-eskaintzaz gainera, ikastegiak prestakuntza iraunkorreko eta unibertsitate-hedapeneko jarduerak proposatzen ditu, Gasteizko Apaizgaitegiko Latindarren Pabiloian duen egoitzan.
Bestalde, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak arlo akademiko eta unibertsitarioarekiko lankidetza-sareak sendotzen eta garatzen jarraitzen du, erakundearen lan-ildo estrategikoa izaki. Ildo horri jarraituz, museoan Ondare artistiko dokumentala kudeatzeko estrategiak ikastaroa egingo da irailaren 28an eta 29an, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen barruan; ikastaro horretan erakunde ospetsuetako adituek parte hartuko dute, hala nola Prado Museoko, Reina Sofía Museoko, MACBAko edo Liburutegi Nazionalekoek.