Azteazkena, 03 Urtarrila 2024 08:58

Arte garaikidearen eta arkitekturaren arteko loturari buruzko ikastaroa antolatu du Artium Museoak

Arte Garaikidearen, arkitekturaren eta espazioaren arteko topaketak. Elkarrizketak eta aukerak Ula Iruretagoiena arkitektoak eta Miren Vadillo Artearen Historian doktoreak zuzentzen dute

Ikastaroko hizlariak izango dira, gainera, Virginia López de Maturana, Ion Arregi eta Martín Ferrán, Garazi Ansa, Onintza Etxebeste, Iskandar Rementeria eta Estibaliz Sádaba

Zortzi saio izango ditu guztira, urtarrilaren 16an hasi eta martxoaren 19ra arte, eta izena emateko epea zabalik dago

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museo-Artium Museoak Arte Garaikidearen, arkitekturaren eta espazioaren arteko topaketak. Elkarrizketak eta aukerak ikastaroa antolatu du, gaur egungo arteari buruzko ikastaroen edizio berri bat, gai horri buruzko ezagutzak sakontzeko interesa duen edonori zuzendua eta unibertsitate-esparruko espezialista gailenek emana. Miren Vadillo Artearen Historiako doktorearen eta Ula Iruretagoiena arkitektoaren zuzendaritzapean, oraingo honetan, arte garaikidea eta arkitektura erlazionatzeko eta espazioa ulertzen laguntzeko moduetan murgiltzea proposatzen du ikastaroak. 2024ko urtarrilaren 16tik aurrera, asteartero izango dira zortzi saioak. Izena emateko epea zabalik dago —online eta museoko leihatilan— eta programa osoa Artium Museoaren webgunean kontsulta daiteke.

Arte Garaikidearen, arkitekturaren eta espazioaren arteko topaketak. Elkarrizketak eta aukerak ikastaroak proposatzen du aztertzea nola ulertzen duten itxuraz elkarrengandik urrun dauden bi praktikek —arteak eta arkitekturak— espazioa zoruek, hormek eta sabaiek mugatutako edukiontzi bat baino zerbait gehiago dela. Tenperaturak, testurak, tonalitateak, izaerak, historia-geruzek, funtzionaltasunak, politikak, gatazkak… bihurtzen dute espazioa intentzio eta sentsibilitateen transmisore. Bai arkitektoa eta bai artista espazio baten inguruabarrak eta ezaugarriak irakurtzen eta atzematen trebatzen dira, eta beren proposamenekin, entitate materialak eta sentsorialak eraikitzen dituzte. Ikastaroaren helburua da espazioan eta hura osatzen duten objektu eta materialtasunetan inprimatuta geratzen den irakurketa hori argitzea.

Ikastaroak zortzi saio izango ditu, eta asteartero egingo dira, urtarrilaren 16tik martxoaren 19ra bitartean, urtarrilaren 30ean eta otsailaren 27an izan ezik. Bi egun horiek, izan ere, CinémArtium programari dagozkio. Saio monografiko bakoitzak bi orduko iraupena izango du, eta ikastaroko gaietan espezialistak izango dira hizlariak. Programa osoa Artium Museoaren webgunean kontsulta daiteke.

Ikastaroaren zuzendariak Miren Vadillo, Artearen Historian doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultateko irakaslea, eta Ula Iruretagoiena, arkitektoa eta UPV/EHUko Arkitektura Proiektuen irakaslea dira. Irakasleen artean, zuzendariez gain, honako hauek daude: Virginia López de Maturana, UPV/EHUko Historia Garaikideko doktorea eta irakasle agregatua; Ion Arregi artista eta Martín Ferrán arkitektoa, Haiek kooperatibakoak; Garazi Ansa doktore eta EHUko Artearen Historiako irakasle laguntzailea; Onintza Etxebeste, irakasle, ikertzaile eta artista; Iskandar Rementeria musikaria; eta Estibaliz Sádaba artista eta Arte eta Ikerketako doktorea.

Ikastaroaren zortzigarren eta azken saioan, martxoaren 19an, ibilaldi bat egingo da Artium Museoaren barruko eta kanpoko espazioetan, Miren Vadillorekin eta Ula Iruretagoienarekin elkarrizketa irekian. Biek ibilbidean aurkituko diren artelanei buruzko begirada artistiko eta arkitektonikoak kontrastatuko dituzte. Ikastaroaren zuzendariek obra artistikoaren, kokatzen den lekuaren eta bi esferen arteko oihartzunen arteko irakurketak ikusarazten ahaleginduko dira.

Arte garaikideari buruzko ikastaroa Artium Museoan
Arte Garaikidearen, arkitekturaren eta espazioaren arteko topaketak. Elkarrizketak eta aukerak
Zuzendariak: Miren Vadillo eta Ula Iruretagoiena
2024ko urtarrilaren 16tik martxoaren 19ra. Saioak, asteartero, 18:00etatik 20:00etara (urtarrilaren 30ean eta otsailaren 27an izan ezik)

Prezioak

  • Artium Museoaren Adiskideak eta Arte Ederren eta Artearen Historiaren Fakultateetako ikasleak: doan
  • Ikasketa homologatuetako ikasleak: 25 €
  • Gainerakoak: 60 €

Izena emateko epea zabalik dago www.artium.eus gunean, 945209020 zenbakian eta museoko txartel-leihatilan
Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa, Artium Museoa
Frantzia kalea, 24. 01002 Vitoria-Gasteiz

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand