Azteazkena, 2024(e)ko Urtarrilaren 10a 08:06

Zinema eta zientzia zikloaren zazpigarren edizioa dilema zientifiko sakonenetan barneratzeko proposamena egingo du hamar filmeren bitartez

Zikloa ostegun honetan hasiko da, 18:00etan, Christopher Nolanen Oppenheimer filmaren proiekzioaren bitartez. Euskampus Fundazioaren zuzendari Igor Campillo doktoreak egingo du filmaren aurkezpena

Hogei zientzialari inguruk eztabaidan jardungo dute, Gasteizen, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Donibane Lohizunen urtarrila eta martxoa bitartean izango diren emanaldietan

Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Euskal Filmategiak antolatutako Zinema eta zientzia zikloaren edizio berri bati ekingo dio urtarrilaren 11n. Zikloa hamar filmek osatuko dute, eta, horrez gainera, nazioartean ospea duten zientzialariekin hitz egiteko aukera izango da. Era horretara, Zinema eta zientzia zikloak gaur egungo hainbat gai eta dilemari buruzko eztabaidak proposatzen ditu, besteak beste arma nuklearrak, adimen artifiziala edo biztanleriaren zahartzea gaiei buruzkoak. Gasteizko Artium Museora ez ezik, beste hiri hauetara ere iritsiko da zikloa: Donostia (Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa), Bilbo (UPV/EHU Bizkaia Aretoa - Sala Mitxelena), Iruñea (Golem Baiona Zinemak) eta Donibane Lohizune (Cinéma Le Sélect). Artium Museoko proiekzio guztiak ostegunetan izango dira, 19:00etan, lehena izan ezik, urtarrilaren 11kakoa, zeina hasiko baiten 18:00etan, Oppenheimer filmaren iraupena dela-eta. Sarrerak (3'5 euro tiket orokorrak, 2 euro Artium Museoaren Lagunentzat, doakoak 25 urtetik beherakoentzat) museoaren leihatilan eta artium.eus webgunean egongo dira salgai. 

Euskal Filmategiak, Donostia International Physics Center-ek (DIPC) eta Donostiako Zinemaldiak antolatuta, Zinema eta zientzia zikloaren asmoa da kultura zinematografikoa eta zientifikoa transmititzea. Filmategiko zuzendari Joxean Fernándezen hitzetan, zazpigarren edizio honetan askotan entzungo dira komunitate zientifikoei sortzen zaizkien «dilemak eta borrokak», zeinak sortzen baitiren «testuinguru historiko eta geografiko oso zehatzetan. Besteak beste, protagonismoa izango dute ziklo honetan Robert Oppenheimer, Hedy Lamarr edo Ignaz Semmelweisek. Zinema klasikoa, garaikidea, fikziozkoa, fikziozkoa ez dena eta animaziozkoa uztartuko dira. Kalitate zinematografikoa izan da horiek hautatzeko irizpidea, eta orobat kontuan hartu da zientziaren ikuspegiarekin ikusteko aukera ematen duten filmak izatea». Bestalde, DIPC zentroaren zuzendari Ricardo Díez Muiñoren ustez, «ziklo honek agerian jartzen du zein konplexua eta ederra den zinemaren eta zientziaren arteko harremana, jarduera sortzaileak izanik biak».

Egitaraua

Zikloa urtarrilaren 11n, osteguna, hasiko da, Oppenheimer (Christopher Nolan, 2023) filmaren proiekzioarekin, Artium Museoan. Film horrek aukera ematen du bonba atomikoaren sorkuntzaren istorioa eta haren garapenak eragin zituen dilemak ezagutzeko. Igor Campillok (Zientzia Fisikoetako doktorea eta Euskampus Fundazioaren zuzendaria) egingo du filmaren aurkezpena.

Semmelweis (André de Toth, 1940) filmak Ignaz Semmelweis medikuaren irudia nabarmentzen du. Aitzindaria izan zen prozedura antiseptikoei dagokienez, eta mediku komunitateari aurre egin zion XIX. mendearen erdialdean; emakume askoren bizitza salbatu zuen, asko hiltzen baitziren erditu ondoren. Plan 75 (Chie Hayakawa, 2022) filmak gizartearen zahartzearen gaia lantzen du, eta orain dela bi urte proiektatu zen Cannesen. Bombshell: la historia de Hedy Lamarr (Alexandra Dean, 2017) filmak, berriz, Hollywood klasikoko aktore horren istorioa berreskuratzen du: haren ikertzaile alderdia itzalean gelditu zen, nahiz eta urruneko haririk gabeko komunikazioen aitzindaria izan.

Bestalde, bi film klasiko proiektatuko dira, protagonista dituztelarik zinemaren historiako izen garrantzitsuenetako batzuk: Memorias de África (Sydney Pollack, 1985), bertan Meryl Streep eta Robert Redfordek bizitza basatiaren handitasuna erakusten digute; eta La fiera de mi niña (Howard Hawks, 1938), Katharine Hepburn eta Cary Grant protagonista dituen film zoragarria.

Vicente Aranda zinemagileak 1986an Luis Martín-Santos idazle eta medikuaren Tiempo de silencio eraman zuen zinemara; 2024an betetzen dira, hain zuzen ere, 100 urte medikua jaio zela. La tormenta perfecta (Wolfgang Petersen, 2000) filmak meteorologiari buruz jarduteko aukera emango du, eta Mars Express (Jérémie Périn, 2023) animaziozko filmari esker, adimen artifizialari buruz jardun ahal izango da. Gai hori bera lantzen da Zinema eta Zientzia zikloaren edizio honi amaiera emango dion Werner Herzog zinemagile alemanaren Theater of Thought (2022) filmean.

Honako hauek egingo dituzte, hurrenez hurren, Artium Museoan proiektatuko diren filmen aurkezpenak: Igor Campillo (Euskampus eta DIPCeko fisikaria), Miguel Ángel Goenaga (Donostiako Unibertsitate Ospitaleko medikua), Juan Ignacio Pérez Iglesias (UPV/EHUko eta DIPCeko biologoa), Onintze Salazar (Euskalmet/Tecnaliako fisikaria), Maia Garcia-Vergniory (DIPC eta Max Planck Institute for Chemical Physics of Solidseko fisikaria), Itziar Alkorta (UPV/EHUko biokimikaria), Itziar Vergara (IIS Biogipuzkoako medikua), Javier Aizpurua (DIPCeko eta Ikerbasqueko fisikaria), Amaia Bernaras (Euskadi Parke Teknologikoko ingeniari informatikoa), Aitzol García Etxarri (DIPCeko eta Ikerbasqueko fisikaria).

Sarrerak Artium Museoaren webgunean eta museoko leihatilan daude salgai.

Artium Museoko programa osoa www.artium.eus webgunean kontsultatu daiteke. Zinema eta Zientzia egoitzei buruzko informazio gehiago www.filmoteka.eus webgunean.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand