Osteguna, 2024(e)ko Martxoaren 07a 12:06

Juncal Ballestínen lanak Artium Museoan Martxoaren 8a ospatzeko

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak artistaren hiru artelan goiztiar instalatu ditu eraikin nagusian

Ballestinek Anesvad Fundazioari utzi eta museoan gordailuan dauden ondarearen zati dira piezak

Bihar, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Artium Museoak Juncal Ballestín (Vitoria-Gasteiz 1953-2015) artistaren hiru lan jarri ditu erakusketa-aretoetara sartzeko eraikinean. Oholaren gainean egindako hiru margolan dira, 70eko hamarkadaren amaiera eta 80ko hamarkadaren hasierakoak. Horiekin ekin zion artistak bere bizitza osoan mantenduko zuen praktika artistikoa aztertzeko prozesuari. Margolanak Juncal Ballestínen ondare artistikoaren zati dira, Anesvad Fundazioa GKEak oinordetzan jaso eta Artium Museoan gordailuan utzia. Ballestinen bizi-ibilbidea Euskal Herriko mugimendu feministen jaiotzarekiko eta garapenarekiko konpromisoak markatu zuen eta Artium Museoak historiografia feminista ikertzeko nazioarteko beka sortu zuen 2022an haren oroimenez.

Irudiak eskatu

Martxoaren 8rako Artium Museoak erakusgai jarri dituen hiru margolanak Juncal Ballestínek Bilboko Arte Ederretako Goi Eskolan egin zituen formatu handiko piezak dira. Horietan, artistak praktika artistikoa aztertzeko ariketa bat egiten du, irudia, atzealdea eta euskarria zalantzan jartzen dituzten hiru dimentsioko objektuak, pinturaren osagaiak, «zikintzen duen gauza hori», txertatuz. Ikerketa hau bere belaunaldiko beste artista batzuekin partekatu zuen Ballestinek, besteak beste María Luisa Fernandez, Juan Luis Moraza, Morquillas, Txomin Badiola eta Inés Medinarekin.

Juncal Ballestínen praktika hau objektuak memoriaren edukiontzi gisa erabiltzearen aurrekoa da. Bigarren modu hori haren ondorengo lanaren zati garrantzitsu baten protagonista izango dira, Artium Museoak 2021eko neguan eskaini zion Bizitza ariketa gisa erakusketan ikusi ahal izan zen bezala.

Juncal Ballestínek hiru lan horietako lehena (izenbururik gabea, 1978) beka batekin egin zuen. Beka horri esker, 1978an, ikasketak amaitu ondoren, Horizontes saila osatu zuen Segovian, eta sail horretakoa da. Bigarrena, hau ere izenbururik gabea, 1979ko diptiko bat da, Azul y rosa sailekoa. Bertan, bi kolore horien nagusitasunetik abiatuta, hainbat formatako euskarriekin jolastu zuen (zikuluak, obaloak, laukizuzenak). Plano desberdinetan jar zitzakeen eta hiru dimentsioko elementuak ere gehitu ohi zizkien, hagaxkak edo makilak kasu.

Hirugarren piezak, 1981ekoak, zurean ebakitako «keinu» bat du, pintura-marra bat edo idazkera gogora ekar dezakeena. Koloreak protagonista izaten jarraitzen du, baina gero eta gehiago nabari zaio pinturatik kanpoko objektuak, kolorea mugatzeko zur-ebakinak, hagaxkak edo sokak erabiltzeko joera.

Margolanak museoaren sarrera-eraikinean jarri dira, bisitariaren ibilbidean, Frantzia kaleko sarrera nagusiaren eta Juncal Ballestín plazaren artean, eta barruko plazarako eta erakusketa-aretoetarako bidean. Juncal Ballestínek (Vitoria-Gasteiz, 1953-2015) bizitzan eta artean izan zuen ibilbidea —konpromiso feministak markatua— kontuan hartuta aukeratu da martxoaren 8ko egun hau hiru margolanak erakusteko.

2021ean, Anesvad GKEak, artistaren ondarearen oinordekoak, haren obra eta artxiboa eman zizkion museoari. Urte horretan bertan, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak haren oroimenean sortu zuen arte feministaren historiografiari buruzko eta museoko bildumari lotutako artstei buruzko ikerketa-beka. Duela gutxi eman da argitara hirugarren deialdia.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand