Klasikoak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Zinemaldiak antolatutako zinema ziklo berriko filmen proiekzioak egingo dira apirilaren 11tik aurrera, osteguna, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoan, Artium Museoan -Emanaldi aretoan, 19:00etan-. Zikloak zinemaren historian klasikotzat jotzen diren hamabi film izango ditu, guztiak berriki zaharberrituak, sortu zireneko ezaugarri guztiak berreskuratzeko. Klasikoak ostegun honetan hasiko da, apirilak 11, Charles Chaplinen maisulanetako bati (Garai modernoak, Cineteca di Bolognak zaharberritua) eskainitako saioarekin. Programa Gasteizko Artium Museora ez ezik, Donostiara (Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa), Bilbora (Bizkaia Aretoa-UPV/EHUko Mitxelena aretoa), Iruñera (Golem Baiona zinemak) eta Donibane Lohizunera (Cinéma Le Sélect) ere iritsiko da. Artium Museoko emanaldi guztiak ostegunetan izango dira, 19:00etan. Sarrerak (3,5 euro txartel orokorra, 2 euro Artium Museoaren Adiskideentzat, doan 25 urtetik beherakoentzat) museoko txartel-leihatilan eta artium.eus webgunean eros daitezke.
Euskadiko Filmategiak eta Donostiako Zinemaldiak antolatuta, Klasikoak zikloak duela gutxi zaharberritutako hamabi film eskainiko ditu, zinemaren historiaren parte direnak. Filmategiaren zuzendari Josean Fernándezek adierazi duen bezala, «Zinema beste arte batzuk baino gazteagoa da, baina klasikoak ere baditu, eta sortu zireneko baldintzetan (zinema-aretoa, kopia onak, jatorrizko bertsioak, etab.) eskuratu ahal izatea funtsezkoa da gure erakundeen kultura zinematografikoa transmititzeko».
Klasikoak ostegun honetan hasiko da Artium Museoan Garai modernoak (Modern Times, 1936) pelikularekin, Charles Chaplinen azken film mutua eta haren maisulanetako bat. Cineteca di Bolognaren zaharberritzeari esker, jatorrizko soinu-banda musikala berreskuratu ahal izan da, eta, horri esker, zuzendari eta aktore britainiar bikainak sortu zuen bezala ikusi eta entzun ahal izango da obra. Bere lan mekanikoak leher eginda, metalurgiako langile bat erotu egiten da. Harrapatu ondoren atxilotu egiten dute —nahi gabe— manifestazio batean parte hartzeagatik, eta —hori ere nahi gabe— kartzelan matxinada bat kontrolatzen laguntzen du, eta horri esker aske uzten dute. Azkenean, kalean ezagutu duen umezurtz bati eskua eman eta harekin alde egiten du.