Azteazkena, 17 Apirila 2024 12:18

Artium Museoak ostiral honetan Fermin Muguruzaren ‘Bidasoa 2018-2023’ dokumentala proiektatuko du, Randa Maroufiren ‘Bab Sebta’ erakusketa amaitzearekin batera

Artista frantziar-marokoarraren filma Z aretoan egon da ikusgai joan den urtarriletik hona

Bai Bidasoak 2018-2023, bai Bab Sebtak [Ceutako atea], mugak igarotzearen eta horrek pertsonen bizitzetan duen eraginaren gaia planteatzen dute, hainbat ikuspuntutatik

Klasikoak zikloak Martha Coolidgeren Not a Pretty Picture pelikula zaharberritua aurkeztuko du ostegun honetan

Datorren ostiralean, apirilak 19, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museo-Artium Museoan Bidasoa 2018-2023 dokumentala proiektatuko da. Emanaldia bat dator Randa Maroufik Z aretoan egin duen erakusketaren azken egunekin, eta saio berean Maroufiren Bab Sebta [Ceutako artea] filma ere proiektatuko da. Fermin Muguruzak zuzendutako Bidasoa 2018-2023 filmaren helburua da Europako beste herrialde batzuetara bidean hildako pertsonen kopuru hotzetan ezkutatzen den tragedia gizatiartzea. Bi pelikulak proiektatu ondoren, solasaldi bat izango da, eta bertan, Bidasoa 2018-2023 pelikulan zuzendariaren laguntzaile eta Irungo Harrera Sarea elkartean boluntarioa den Alaine Aranburuk hartuko du parte. Saioa arratsaldeko 18:30tan hasiko da, doakoa da eta tokia, mugatua. Bestalde, Euskadiko Filmategiaren Klasikoak zikloak Martha Coolidgeren Not a Pretty Picture aurkeztuko du ostegun honetan, apirilak 18, 19:00etan. Academy Film Archivek eta The Film Foundationek zaharberritu dute filma.

Frantziak 2018ko udan Bidasoa ibaiaren berezko muga piriniar-atlantikoan igarobide batzuk itxi zituen, Europako gainerako herrialdeetara zihoazeh etorkinei sarrera eragozteko. Kontrol horren ondorioz, 10 pertsona hil ziren 2021ean: zazpi, Irun eta Hendaia arteko Bidasoa ibaian itota, eta beste hiru, Ziburun, tren batek harrapatuta.

Bidasoa 2018-2023 (2023) dokumentalak, ibaiaren alde batean eta bestean dauden ekintzaileei —Harrera Sarea eta Bidasoa Etorkinekin elkarteen ordezkariak— ahotsa emateaz eta aurpegia jartzeaz gain, bizitza galdu zutenak ere gogoratzen ditu, izena, adina, ibilbidea eta ametsak gogoraraziz, eta hildakoen kopuru hotzen atzean ezkutatzen den historia eta pertsonak ezagutaraziz eta era horretan tragedia humanizatuz. Filmak 2023ko Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean parte hartu zuen.

Bestalde, Randa Maroufi (Casablanca, 1987) artista frantziar-marokoarraren Bab Sebta [Ceutako atea] (2019) Artium Museoko Z aretoaren programakoa, apirilaren 21era arte (igandea) egongo da ikusgai. Maroko eta Espainiaren (eta, beraz, Afrika eta Europar Batasunaren) artean dagoen lurreko hiru mugetako batean, Ceutan, gertatzen diren egoerak irudikatzen ditu filmak. Milaka pertsonak zeharkatu behar du muga hori egunero, eta Marokoko iparraldean prezio abantailatsuan saltzen den kontrabandoko salgaien trafiko handia dago.

Muguruza eta Maroufi

Fermin Muguruza (Irun, Gipuzkoa. 1963) Kortatu eta Negu Gorriak taldeen sortzailea, zine-zuzendari gisa egin zuen lehen lana Bass-que Culture (2006) filma izan zen. 2009an, Checkpoint Rock: Canciones desde Palestina filmak eman zion amaiera Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiari, eta Donostiako Zinemaldian euskal zinemari eskainitako Zinemira sailean aurkeztu zen. Next Music Station (2011) filmarekin Zinemirara itzuli zen, eta hurrengo urtean Zabaltegin Zuloak aurkeztu zuen. 2013an Daniel Gómezekon batera, No More Tour, bere birari buruzko dokumentala zuzendu zuen, eta 2016an Nola? estreinatu zuen Zinemiran, New Orleans hiriaren inguruan, Katrinarena gertatu eta hamar urtera. 2018an Zinemirara itzuli zen Black is Beltza animazioko film luzearekin eta Gure Oroitzapenak taldeko filmaren zati batekin. 2022an Black is Beltza II: Ainhoa aurkeztu zuen Belodromoan.

Randa Maroufi Casablancan jaio zen eta gaur egun Parisen bizi da. Tetuango Arte Ederren Institutu Nazionalean eta Angersko Arte Ederren Eskolan graduatu zen, eta Tourcoing hiriko Le Fresnoy-Studio National des Arts Contemporains-en diplomatua da. Irudiak nagusi diren garai batean hazitako belaunaldikoa da, eta Maroufik gogo biziz eta susmo txarrez biltzen ditu, bere egiazkotasuna zalantzan jartzeari utzi gabe. Haren lana Belgikako Musée de la Photographie Charleroi-n (2023), Lyongo Biennalean (Frantzia, 2022), Madrilgo Reina Sofía Museoan (2021) eta New Yorkeko New Museum-en (2020) erakutsi da, besteak beste.

Klasikoak zikloa

Euskadiko Filmategiaren Klasikoak zikloak aste honetan (apirilaren 18an, osteguna, 19:00etan, Artium Museoaren Emanaldi aretoan) Not a Pretty Picture aurkeztuko du, 1976an Martha Coolidgek zuzendua. Dokumentalaren eta narrazioaren arteko eremu hibrido batean mugitzen da filma. Zuzendariak berak jasan zuen bortxaketa baten berreraikuntza autobiografikoa da. Bertan, kamerak galderak egiten ditu eta, beteak beste, egoerak, sentimenduak eta arrazoiak deskribatzen ditu. Orain arte aurkitzen zaila izan den harribitxi hau Academy Film Archivek eta The Film Foundationek zaharberritu dute azkenik, 4K-n.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand