Astelehena, 2024(e)ko Ekainaren 03a 10:35

Adania Shibli idazle palestinarra eta Michael Marder filosofoa solasean arituko dira asteazkenean Artium Museoan

Idazle palestinarraren azken liburua, Detaile xume bat, dozena bat hizkuntzatara baino gehiagotara itzulia, laster argitaratuko du euskaraz Erein Argitaletxeak

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak Adania Shibli idazle eta ikertzaile palestinarra eta Michael Marder Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioko filosofo eta Ikerketa katedraduna bilduko ditu datorren asteazkenean, ekainak 5, Shibliren literaturari eta Palestinan praktika artistikoari buruzko elkarrizketa batean. Hitzaldia museoko Emanaldi aretoan izango da, 18:30ean, ingelesez eta aldi berean euskarara eta gaztelaniara itzulita. Jarduera doakoa da, baina aurretik erreserba egin behar da 945 20 90 20 telefonoan, leihatilan eta artium.eus webgunean.

Adania Shiblik (Palestina, 1974) eleberriak, antzezlanak, kontakizun laburrak eta saiakera narratiboak idatzi ditu. Birritan jaso du AM Quattan Fundazioaren Idazle Gazte Palestinarrentzako Saria, 2001ean Masaas eleberriagatik (Al-Adab, 2002; ingelesezko itzulpena: Touch, Clockroot, 2009), eta 2003an Kulluna Ba 'id bethat al Miqdar aan el-Hub eleberriagatik (Al-Adab, 2004; ingelesezko itzulpena: We Are All Equally Far from Love, Clockroot, 2012). Bere azken lana Tafsil Thanawi eleberria da (Al-Adab, 2017; ingelesez Minor Detail, Fitzcarraldo Edition/Erresuma Batua, eta New Directions/Estatu Batuak, 2020). Liburu hori 2020an National Book Award sarirako hautatuen artean egon zen, eta 2021ean International Booker Prizerako izendatu zuten.

Liburua gaztelaniaz argitaratu du Hoja de Lata argitaletxeak, Un detalle menor izenarekin, eta katalanez Navona argitaletxeak, Un detall menor izenarekin. Erein Argitaletxeak laster aurkeztuko du eleberriaren euskarazko itzulpena, Detaile xume bat izenburupean. Shibli ikerketa akademikoan eta irakaskuntzan ere aritzen da Europako hainbat unibertsitatetan, eta baita Birzeiteko Unibertsitatean ere, Palestinan (2012-2018).

Michael Marder IKERBASQUEko Ikerketa katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Filosofia Sailean, Vitoria-Gasteizen. Bere testuetan hainbat alor jorratzen ditu, hala nola teoria ekologikoa, fenomenologia eta pentsamendu politikoa, besteak beste. Artikulu zientifiko eta monografia askoren egilea da, besteren artean: Plant-Thinking (2013); Phenomena—Critique—Logos (2014); The Philosopher’s Plant (2014); Dust (2016), Energy Dreams (2017), Heidegger (2018), Political Categories (2019), Pyropolitics (2015, 2020); Dump Philosophy (2020); Hegel's Energy (2021); Green Mass (2021), Philosophy for Passengers (2022) eta The Phoenix Complex (2023).

AMAonline museoaren argitalpen-plataformak Marderren argitaratu gabeko testu berri bat zabaldu du duela gutxi, «Okupazioaren sumendia» berriro lehertu da: Gazako bonbardaketei erantzunez izenburuarekin.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand