Azteazkena, 2024(e)ko Ekainaren 12a 09:37

Artium Museoak UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatearen lehen urteko espiritua berreskuratuko du 'Udaberri Festa' jardunarekin

Artium Museoak UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatearen lehen urteko espiritua berreskuratuko du 'Udaberri Festa' jardunarekin [NIZE. Argazkia: Irantzu Yaldebere]

Arte Ederren Fakultateko ikasle eta irakasle ohiak elkartuko dira museoan ekainaren 15ean, larunbatarekin, 80ko hamarkadako unibertsitate-bizitzari buruz hitz egiteko

Fakultatean jaiotako Nize musika taldearen kontzertu batek itxiko du Udaberri Festa, edonor denok inor ez erakusketaren esparruan 

Artium Museoa, gainera, New Wave Art kolektiboarekin lankidetzan arituko da performance eta musika elektronikoko ekitaldi batean, ekainaren 14an, ostirala

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak Udaberri festa programa antolatu du ekainaren 15erako, larunbata, 11:00etatik aurrera, Euskal Herriko Arte Ederren Fakultatearen 80ko hamarkadako lehen garaiko espiritua berreskuratzeko. edonor denok inor ez erakusketaren esparruan eta Sergio Rubira, Mikel Onandia eta Leire Vergara komisarioen eskutik, Udaberri festaren inguruan erakusketaren hainbat protagonista bilduko dira eta kanpusetik igaro diren azken belaunaldiei bat egiteko gonbita luzatuko zaie. Programa fakultatearen inguruan sortutako Nize taldearen kontzertu batekin amaituko da. Sarrera librea da, eta edukiera, mugatua.

Ikus programa osoa eta biografiak

edonor denok inor ez erakusketak 1978tik 1991ra Euskal Herrian arte-hezkuntza instituzionalizatzeko prozesuen inguruko azterketa-kasuak jorratzen ditu, bereziki UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatearen sorrera. Erakusketa abiapuntu harturik, Artium Museoak fakultatearen espiritua berreskuratu eta Udaberri Festa jardunaldia aurkeztuko du. Programari hasiera emateko, mahai inguru bat egingo da, Susan Talayeroren, Julia Irazustabarrenaren eta Miguel Ángel Gaüecaren parte-hartzearekin —1980ko hamarkadan fakultatean ikasle—, Ismael Manterola Artearen Historiako irakasle eta fakultateko egungo dekanoarekin batera. AAEEetako Goi Eskola Fakultate bihurtu ondoren arte ikasketak nola sendotu ziren edo artearen irakaskuntza eta horiek unean uneko errealitate sozial eta artistikoarekin dituzten loturak izango dira mintzagai.

Bestalde, 1982-1983 ikasturtean sortutako Ikus-Entzunezkoen Saileko ikasle eta irakasle ohi Josu Rekalde ere egongo da Udaberri festan. Arte-ikasketetan mugimendudun irudia sartzeak izan zuen eragina gogoratuko du Rekaldek, UPV/EHUkoa izan baitzen Espainian diziplina horretan sortu zen lehen saila. Sarrera horren ondoren, Arte Ederren Fakultatean graduatu berri diren artisten bideo proiekzio saio bat egongo da. Jon Otamendi eta Natalia Vegas izan dira hautatzaileak, eta hautatuak, Imanol Abad Martinez, Ander Amuriza, Maria Cascon, Jone Erzilla, Koba Gomez, John Mark Hill eta GIULIA TESTA kolektiboa (Leire Aranberri & Maialen Olite).

Udaberri festa jardunaldia Nizeren kontzertuarekin amaituko da. Rock alternatibotik gertu dagoen baina estilo nahasketa batean mugitzen den talde hau fakultatean sortu zen. Nize urrian kaleratuko duen disko berria prestatzen ari da.

New Wave Art

Bestalde, New Wave Art taldeak, Artium Museoaren laguntzarekin eta Vitoria-Gasteizko Udalaren babesarekin, performancea eta musika elektronikoa elkartuko ditu ekainaren 14an, ostiralarekin, museoan. UPV/EHUren Gasteizko Letren Fakultatean elkar ezagutu zuten Artearen Historiako lau ikaslek, Garazi Barquinek, Patricia Gonzálezek, Leyre Aranak eta Nerea Portillok osatzen dute New Wave Art. Arte garaikidea, performanceak eta zuzeneko musika uztartzen dituen proiektu hori hautatuetako bat izan zen Gasteizko Udalaren Haziak lehiaketan. Gainera, 2022an Erronka Globalen Aurrean Gazteak Martxan saria jaso zuten Emakume Artisten Sarea proiektuarekin —emakumeen praktika artistikoa sustatu nahi zuen erakusketa—.

Programa 17:30ean hasiko da Artium Museoa Bildumaren erakusketaren bisita dinamizatu batekin. Jarraian Bambik performance bat egingo du, eta Lorea Burgek soinudun performace bat. Elena Barkerren musikak eta Jorge Lightingen argi-instalazio batek emango diote amaiera saioari.

New Wave Art-en programa osoaNew Wave Art-en programa osoa

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand