Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Euskal Herriko Arte Garaikideko Museo-Artium Museoak, Jorge Oteiza Fundazio Museoaren lankidetzarekin, abian jarri dute JAI Jardun Artistikoen Institutua prestakuntza-programaren seigarren edizioa, izena emateko eskariak egiteko deialdiaren bidez. Programa 2020an sortu zen, eta 2025eko uztailean eta abuztuan egingo da haren seigarren edizioa, hiru erakundeen programetan parte hartzen duten artistek beste artista batzuei eta arte garaikidearen sektoreko eragileei jakintzak transmititzea ardatz harturik, ohi bezala. Orain arte berretsitako izenei dagokienez, honako artista hauek parte hartuko dute JAI 2025 edizioan irakasle gisa: Marwa Arsanios, Claire Atherton, Josu Bilbao, Fermín Jiménez Landa, Maider López eta Éric Lacasa. Baita Itziar Okariz, Alejandro Cesarco, Ibon Aranberri eta Olatz Otalora artistek ere, tutore gisa. Eskariak aurkezteko epea otsailaren 14ra arte egongo da zabalik.
JAI Jardun Artistikoen Institutuaren 2025eko deialdia artearen metodologietan sakontzeko interesa duten artistei eta sektoreko eragileei begira antolatu da, eta ez da beste baldintzarik eskatzen parte hartzeko. Gehienez ere 16 ikasle onartuko dira, ordea, eta, hautaketa-prozesuan sartzeko, Artium Museoaren eta Tabakalareraren webguneetan topatuko duten inprimakia bete behar dute hautagaiek –hantxe dituzte deialdiaren oinarriak ere–; inprimakiarekin batera igorri behar dituzte curriculum vitae eta biografia, baita motibazio-gutuna eta aurretik eginda dituzten lanen irudien dosier digitala ere.
JAIren ikasketa-batzordea arduratuko da 16 parte-hartzaileak aukeratzeaz, eta martxoaren 14an jakinaraziko da hautaketaren emaitza. Ibon Aranberri (artista), Itziar Okariz (artista), Alejandro Cesarco (artista), Olatz Otalora (artista), Catalina Lozano (Artium Museoko komisarioburua) eta Oier Etxeberria (Tabakalerako Programa Publikoen arduraduna) dira ikasketa-batzordeko kide.
JAIk zortzi asteko iraupena izango du, artistek artistentzat diseinatutako proposamen pedagogikoetan oinarritzen da eta jarduera artistikoa ulertzeko modu desberdinen arteko elkarrizketa zabaltzeko bitartekoa izan nahi du. Sortu zenetik, mekanika hau planteatzen du programak: irakasleak beren lan-prozesuak definitzen dituzten jakintza praktikoak transmititzen saiatzea ikasleei.
Prestakuntza-saioak 2025eko uztailaren 2tik abuztuaren 22ra bitartean egingo dira, Artium Museoan hasita; hain zuzen ere, museoak elkarlanerako espazio bat eskainiko die parte-hartzaileei, baita artxiborako eta liburutegirako sarbidea ere, ikerketa-lanetarako. Eskolak Tabakalerara lekualdatuko dira uztailaren amaieran, Artistentzako Guneko lantegira, nagusiki. Gune komunetarako sarbidea ez ezik, parte-hartzaileek estudio bana izango dute prestakuntzaren fase horretan. Horrez gain, ikasleek egun batzuk igaroko dituzte Alzuzan, Jorge Oteiza Fundazio Museoaren lankidetzari esker.
Matrikulak 400 euroko prezioa du. Hautatutako pertsonei orientazioa emango zaie Gasteizen eta Donostian ostatua bilatzeko; ostatua, dena den, ez dago ikastaroko matrikularen prezioan sartuta. JAIren ikasketa-batzordeak 4 beka eman ahal izango ditu, matrikularen prezioa osorik eta mantenuaren 900 euro estaltzeko.
JAI Jardun Artistikoen Institutua, 2025
Antolatzaileak: Tabakalera, Arte Garaikidearen Nazioarteko Zentroa, eta Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa, Artium Museoa
Lankidea: Jorge Oteiza Fundazio Museoa
Deialdia 2024ko abenduaren 23tik 2025eko otsailaren 14ra egongo da zabalik
Programa egoitza hauetan egingo da:
Artium Museoa
Museo Oteiza
Tabakalera
Informazio gehiago, deialdiaren oinarriak eta izena emateko inprimakia, hemen:
www.artium.eus