Osteguna, 20 Otsaila 2025 10:45

Juncal Ballestínen dokumentu-ondarea, Artium Museoaren 'Lagunartean' programaren otsaileko edizioaren protagonista

Juncal Ballestínen dokumentu-ondarea, Artium Museoaren 'Lagunartean' programaren otsaileko edizioaren protagonista [Argazkia | Foto: Alberto Areta Martínez de Marañón]

Elena Roserasek eta Fernando Illanak artistaren dokumentu-funts zabalaren inguruan hitz egingo dute

Juncal Ballestín. Artxiboa argitalpena aurkezteko esparrua izango da topaketa

Artista hil zela hamar urte betetzen direnean ekarriko du gogora Museoak haren irudia

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Lagunartean programaren saio berezi bat antolatu du datorren astelehenerako, otsailak 24, 18:30ean, Juncal Ballestínen (Vitoria-Gasteiz, 1953-2015) irudia ardatz harturik, maiatzean 10 urte izango baitira hil zela. Topaketan Elena Roserasek (Artium Museoko Dokumentazio Zentroaren arduradunak) eta Fernando Illanak (artista, komisario eta Ballestínen galeristak) hartuko dute parte. Topaketa Juncal Ballestín. Artxiboa aurkezteko abagunea izango da, gainera. Argitalpen horretan biek hartu dute parte, eta Dokumentazio Zentroak artistaren artxibo pertsonalaren inguruan egin duen antolaketa-, digitalizazio- eta katalogazio-lanaren emaitza da. Sarrera librea da, baina tokia mugatua, eta beraz erreserba egitea gomendatzen da 945 20 90 20 telefonoan, museoaren webgunean edo leihatilan bertan.

Juncal Ballestín artistak (Vitoria-Gasteiz, 1953-2015) material, bitarteko eta teknika ugari erabili zituen: margolaritza, marrazketa, instalazioa, bideoa, obra grafikoa... guztiak sailetan egituratuta. Ekoizpen horretako sorta nabarmen bat, behar bezala ordenatuta eta sailkatuta, Otazuko estudio-etxean gordetzen zen zirriborro, gutun, argazki, kartel, prentsa-zati eta bestelako dokumentuekin batera. 2021ean, artistaren ondarearen oinordekoa den Anesvad Fundazioak 40 artelan baino gehiagoko funtsa eta arabar artistaren dokumentu multzo zabala eman zizkion Artium Museoari, eta bertako Dokumentazio Zentroa material horrekin lanean aritu da azken urteotan.

Artistaren heriotzaren hamargarren urteurrenerako, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak Lagunartean programaren saio berezia antolatu du. Ekimen hau 2023an jarri zen abian, Museoaren Adiskideen taldeak praktika artistikoetako sorkuntza- eta pentsamendu-prozesuak ezagutzeko duen interesari erantzunez, eta hilean behin museoaren programekin eta bildumarekin zerikusia duten artistak etorrarazten dira. Saioen protagonistak jardunean dauden artistak izan ohi badira ere, otsaileko edizioan Juncal Ballestín eta museoak azken urteotan artista horren ondare zabalarekin lotuta egin duen lana izango dira hizpide. Elena Roseras, museoko Dokumentazio Zentroaren arduraduna, eta Fernando Illana, Ballestínen galerista eta 2021ean egin zen Juncal Ballestín. Bizitza ariketa gisa erakusketaren komisarioa, artistaren ekoizpenaren eta ibilbidearen inguruan arituko dira solasean.

Topaketa, gainera, Juncal Ballestín. Artxiboa liburua aurkezteko baliatuko da. Ale horrek Ballestíni buruzko eskuizkribuak eta testuak jasotzen ditu, bai eta bitxien diseinuan (Marta Gonzálezekin batera), diseinu grafikoan, espazio eszenikoan eta obra publikorako proiektuetan egindako lanei buruzko dokumentazio grafiko zabala ere. Argitalpen hau museoko Dokumentazio Zentroak arabar artistaren artxibo dokumentalaren dohaintzaren inguruan egindako lanaren emaitza da.

Lagunartean martxoan

Lagunartean programa martxoaren 24an itzuliko da Inés Medinarekin (Cáceres, 1950), museoak artistari eskainitako erakusketaren inguruan egingo den topaketa batean. Erakusketaren helburua haren ikerketa plastikoa aztertzea da, 1978an egindako lehen esperimentazio monokromoetatik 90eko hamarkadaren erdialdera arte, New Yorkera egin zuen bidaiarekin batera, non Medinak 15 urte emango baitzituen behin betiko Euskal Herrira itzuli arte.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand