Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Liburuen Nazioarteko Eguna ospatuko du datorren asteazkenean, apirilak 23, elkarrekin irakurtzeko saio berri batean parte hartzeko gonbidapenarekin, artearekin eta kulturarekin zerikusia duten testuen jendaurreko irakurraldi batean. Oraingo honetan, museoak haurrentzako liburuen bilduman jarri nahi du arreta. Hori dela eta, jarduera iaz abian jarri zen haurrentzako irakurgunean egingo da. Irakurketa saioa 10:00etan hasiko da eta 13:00ak arte iraungo du. Oporraldia aprobetxatuz, museoak ekimenean parte hartzera animatzen ditu familiak. Parte hartzeko beharrezkoa da 945 20 90 12 telefonora deitzea edo biblioteca@artium.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaltzea. Gainera, Artium Museoak bookcrossing edo «liburuak askatzeko» ekimena bultzatu eta koordinatuko du aurten ere, berrogeita hamar museo eta kultur etxe ingururekin.
Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak bat egingo du, urtero bezala, Liburuen Nazioarteko Egunarekin eta esparru horretan irakurzaletasuna sustatzeko antolatzen diren ekimenekin. Hala, Artium Museoaren Jendaurreko irakurraldiak izeneko programa bere hamazazpigarren ediziora iritsiko da 2025ean, irakurtzearen esperientzia eta arte eta kultura garaikidearen ezagutzaren hedapena partekatu nahi duten pertsona guztientzako topagune izateko. Aurten, irakurgaiak museoko haur-liburuen bilduman oinarrituko dira. Funts bibliografiko hori arte-liburuetan eta haur-ilustrazioan espezializatuta dauden inguruko liburu-dendekin lankidetzan ari da garatzen.
Artium Museoak kontsultarako gune berezi hau prestatu zuen iaz, erakusketa-aretoen sarreraren ondoan. Bertan, arteari eta ilustrazioari buruzko argitalpenak daude irakurgai, bisitan datozen gazteenei zuzenduak. Kontsulta-eremu honek etengabe hazten ari den funts bibliografiko bat eskaintzen du, haurrentzako egokitutako arte-klasikoetatik hasi eta artisten biografia-liburuetaraino, bai eta arte-adierazpenaren didaktikari eta arte plastikoetako hezkuntzari eskainitako argitalpenak ere. Haurrentzako irakurgune hau izango da 2025eko Liburuen Eguneko Jendaurreko irakurraldiak programaren eszenatokia.
Irakurketetan parte hartzeko, norberak bere liburua ekarri edo museoan daukagun haurren bildumako bat aukeratu ahal izango da. Aurretik, beharrezkoa da 945 20 90 12 telefonora deitzea edo biblioteca@artium.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaltzea, harremanetarako telefono bat eta irakurketetan parte hartzeko 10:00etatik 13:00etara bitartean aukeratutako ordua adieraziz. Jarduera giro ireki eta parte-hartzailean egingo da.
Bookcrossing
Bestalde, 41 museok eta arte-zentrok bookcrossing edo «liburuak askatzeko» kanpaina batean parte hartuko dute, beren liburutegietako ale bikoiztuen zakuko liburuekin hiriak betetzeko. Hemeretzigarren urtez jarraian Artium Museoak deitu duen ekimen honetan parte hartzen dutenen asmoa da liburuak jasotzen dituztenek irakurriz gozatu ondoren, gero munduko beste toki batean askatzea. Museoak 50 liburu inguru askatuko ditu Vitoria-Gasteiz hiriko hainbat puntutan, baina ekintzaren erdigunea museoaren barruko plazan dagoen Lorategia izango da.
Askatutako liburu bakoitzak etiketa bat eramango du eta kanpainan parte hartzeko jarraibideak izango ditu. Gainera, liburu guztiak http://www.bookcrossing.com web orrian erregistratuta egongo dira. Bertan, ale bakoitza non askatuko den adierazi ahal izango da. Ekimen honen helburua museoetako liburutegiak irakurzaletasuna sustatzeko ahaleginean elkartzea da, eta, zehazkiago, kultura-adar batzuen eta besteen ezagutza zabaltzeko ahaleginean.
Parte hartuko duten museo eta zentroak:
Asociación de Museología y Museografía AMMMA de Andalucía, Biblioteca del Museo de Zamora, Biblioteca y Centro de Documentación, Artium Museoa, Biblioteca y Centro de Documentación, Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía, Centre de documentació Centre d'Art la Panera, Centre de Documentació de Cultura Popular Direcció General de Cultura Popular, Associacionisme i Acció Culturals, Centro Atlántico de Arte Moderno-CAAM, Centro Cultural Montehermoso Kulturune, Centro de Documentación - Centro de Arte La Regenta, Centro Galego de Arte Contemporánea CGAC, Chillida Leku, CRAI Biblioteca de Belles Arts. Universitat de Barcelona, Es Baluard Museu d’Art Contemporani de Palma, Escuela de Arte y Superior de Diseño de Pamplona - Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskola, Fundación Eugenio Granell, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa / Centro de Colecciones Patrimoniales de Gipuzkoa, Instituto Andaluz del Patrimonio Histórico, IVAM Institut Valencià d'Art Modern. Centre Julio González, MACA. Museo Arte Contemporáneo de Alicante, MACVAC Museu d'Art Contemporani Vicente Aguilera Cerni (Vilafamés), MAE. Centre de Documentació i Museu de les Arts Escèniques, MARCO, Museo de Arte Contemporánea de Vigo, Museo Arqueológico de Asturias, Museo Casa de Cervantes, Museo das Peregrinacións e de Santiago. Biblioteca, Museo de Belas Artes da Coruña, Museo de Bellas Artes de Asturias, Museo de Navarra / Nafarroako Museoa, Museo de Prehistoria y Arqueología de Cantabria – MUPAC, Museo de Valladolid, Museo del Carlismo / Karlismoaren Museoa, Museo Etnográfico de Cantabria, Museo Etnológico de Navarra “Julio Caro Baroja” Nafarroako Museoa Etnologikoa, Museo Marítimo del Cantábrico, Museo Nacional de Arqueología Subacuática. ARQVA, Museo Nacional de Cerámica y Artes Suntuarias “González Martí”, Museo Nacional y Centro de Investigación de Altamira, Museo Sefardí de Toledo, Museu de Prehistòria de València, Muséu del Pueblu d'Asturies, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa.