Azteazkena, 14 Maiatza 2025 08:51

Julia Martos ikertzaileak euskal zinema feministaren historiaren inguruan egindako proiektua hautatu da Juncal Ballestin Nazioarteko bekarako

Artxiboko materialekin lan egiten duten artisten eta zinemagileek egindako berridazketa zinematografikoaren prozesuen azterketa proposatzen du Martos Ramirezek

Bekak arte feministaren historiografiari eta museoaren bildumari lotutako emakume artistei buruzko ikerketa-proiektuak babesten ditu

Juncal Ballestín Nazioarteko Ikerketa Bekaren epaimahaiak, Artium Museoak deituta, aho batez erabaki du beka hori 2025eko edizioan Julia Martos artista, programatzaile eta ikertzailearen Inscripciones feministas en el remontaje del archivo audiovisual en Euskal Herria [Inskripzio feministak Euskal Herriko ikus-entzunezko artxiboaren bermuntaketan] izeneko proiektuari ematea. Lanak euskal narratiba filmiko feminista bat eraikitzea proposatzen du, hainbat motatako artxibo-materialekin lan egiten duten artista eta zinemagileek egindako berridazketa zinematografikoaren prozesuak aztertuz. Juncal Ballestín Nazioarteko Bekaren (Artium Museoko Euskal Emakume Artisten, Praktika Artistikoen eta Arte Feministaren Teorien Ikerketa eta Dokumentazio Zentroari atxikia) helburua arte feministaren historiografiaren garapenean laguntzea da, bai Euskal Herriaren testuinguruan, bai nazioartean, eta, era berean, museoaren programei eta bildumari lotutako emakume artisten eta pentsalarien ekoizpenak aztertzea.

Julia Martos Ramirezen (Kordoba, 1989) proiektuak, Juncal Ballestín Ikerketa Bekaren 2025. deialdian hautatuak, euskal historia filmiko feminista bat eraikitzen lagundu nahi du, era bateko eta besteko artxiboko materialekin lan egiten duten artista eta zinemagileek egindako berridazketa zinematografikoaren prozesuak aztertuz. Bere interes espezifikoa ikus-entzunezko piezen analisian datza, non artxiboa gehitzeak genero-balioen erresonantzia-kutxa gisa funtzionatzen duen kultura-egitura aztertu, zalantzan jarri edo hautsi nahi duen.

Julia Martos artista, programatzailea eta ikertzailea da, eta Bilbon bizi da. Artxibo-politikek eta haren narratologia- eta erakusketa-ahalbideek interesatuta, Londresko Birkbeck Universityko Programazio eta Zinema Komisariotzako prestakuntza amaitu zuen 2021ean, Museoen Komisariotza eta Kudeaketarako Botin Fundazioaren bekari esker. Gaur egun doktore-tesia egiten ari da, zinema dokumentaleko berrinskripzio feministei buruz, familiaren film-artxiboarekin.

Edizio honetako Juncal Ballestín Nazioarteko Bekaren balorazio-batzordea honako hauek osatu dute: Agar Ledo Arias Pontevedrako Museoko ikerketa-prozesuetako teknikariak; María Rosón ikertzaile eta Madrilgo Complutense Unibertsitateko arte garaikidearen historiako irakasleak; Catalina Lozano Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoko komisario buruak eta Elena Roseras Carcedo Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoko, Artium Museoko, Artxibo eta Dokumentazio Zentroaren arduradunak.

Juncal Ballestín Nazioarteko Bekaren helburua arte feministaren historiografiari eduki esanguratsua ematen dioten ikerketa-proiektuak babestea da, Euskal Herriko zein nazioarteko testuinguruetan, eta museoaren programazioari eta bildumari lotutako emakume artista eta pentsalarien ekoizpena aztertzea.

Prentsa-oharra jaitsi (pdf)

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand