Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak bildumako lanen aurkezpen berria iragarri du Bilduma, ikusgai programaren baitan. Horren helburua da Artium Museoan gordeta dagoen ondare publikoa ikusgai jartzea eta publikoei horietara gerturatzeko aukera ematea. Txandakatze berri hori museoaren gelaurreko espazioetan dago ikusgai eta lan hauek biltzen ditu: Ángela de la Cruzen (A Coruña, 1965) Stuck [Trabatuta] lana (2004); Ángeles Marcoren (Valentzia, 1947 – 2008) Ventana (Contraventana) (1983) eta 2008an Artium Museoan antolatu zuen erakusketarekin lotuta Patti Smithek (Chicago, AEB, 1946) museoari dohaintzan eman zizkion argazkien aukeraketa. Lan horiek aurretik toki berean jarritako beste artista batzuen lanekin batera egongo dira ikusgai: Susana Solano (Bartzelona, 1946), Cristina Iglesias (Donostia, 1956), Julia Spínola (Madril, 1979), Katinka Bock (Frankfurt, 1976) edo Alberto Peral (Santurtzi, 1966). Batera egindako aurkezpen hori musoan ikusgai egongo da irailera arte.
Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, bere bildumako lanen aukeraketa berria egin du eraikineko gelaurreko espazioetan erakusketa prestatzeko han gordeta dagoen ondarea ikusgai jartzeko programaren (Bilduma, ikusgai) baitan. Funtsen aurkezpen berri honetan, Ángela de la Cruzen, Ángeles Marcoren eta Patti Smithen lanak gehituko dira. Hiru artista horien lanak egongo dira ikusgai irailera arte aurretik jarrita zeuden beste lan hauekin batera: Susana Solanoren Mort d' Isolda (1987) eta Cristina Iglesiasen [Sin título] (Hojas de eucaliptos I) -Izenbururik gabe-Eukaliptoen hostoak I- (1994). Hain zuzen ere, eskultura garaikideko bi artista esanguratsu dira eta, XX. mendearen amaieran, obraren, ingurunearen eta arkitekturaren arteko loturak arakatu zituzten eskultura bolumen gisa bakarrik aztertu beharrean, espazioarekin, ikuslearen gorputzarekin edo denborarekin lotutako gailu gisa jorratzen dituzten proposamenekin batera. Hain zuzen ere, horixe bera gertatzen da lan hauetan: Julia Spínolaren Silex Margiela (2023), Katinka Bocken Segment with unknown radius (2021) eta Albert Peralen Tubo I (2021).
Batera egindako aurkezpen hori museoan ikusgai egongo da irailera arte.
Ángela de la Cruz. Stuck [Trabatuta], 2004
Stuck da Ángela de la Cruz (A Coruña, 1965) artistaren lanean gehien errepikatzen den izenburuetako bat. Bere margolanaren gainazalak kontu handiz landu eta amaitu ondoren, artistak bihurritu eta tolestu egiten du, zuzen eta zurrun mantentzen zuen horretan esku hartuz: euskarrian, alegia. Horri esker, margolana hiru dimentsioetara eramaten du. Mihise handia beltza da, distiratsua eta, azkenean, mihisearen tamaina baino askoz formatu txikiagoa du margolanak. Izenburuen bitartez, egileak bere obra figuratibo bihurtzen du. Lan hau Mallorcako Palmako Casal Solleric-i egindako mailegu batetik itzuli berri da.
Ángeles Marco. Ventana (Contraventana), 1983
Lan hori Espacios ambiguos / Imagen y Ficción (Espazio anbiguoak / Irudia eta fikzioa) (1980-1986) seriekoa da eta, bertan, burdinan landutako eraikuntza-oinarri batetik abiatuta, egileak arkitekturari lotutako irakurketa figuratiboak ematen dizkie bere lanei.
Patti Smith. Polaroids, 2008
Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoko bildumak abeslari, konpositore, poeta eta ikusizko artista horren 17 argazki biltzen ditu. Aurkezpen honek 2008an Smithi eskainitako erakusketa zela eta Euskadira egindako bidaian zehar artistak ateratako 17 argazkietatik 11 jasotzen ditu. Smithek Gasteiz, Gernika edo Donostiako kaleak zeharkatu zituen bere ohar-koadernoa eta argazki-kamera (Polaroid Land 250 bat) alboan zituela. Harekin, hainbat tokitan argazkiak atera zituen modu zuzen eta berehalakoan, era horretako kamerek eskaintzen dituzten erabileren arabera. Hala, argazki hauek bidaia baten ohar eta memoria modukoa direla esan dezakegu. Bere musikarekin eta poesiarekin gertatzen den moduan, Patti Smithen argazkietan eremutik kanpo deitzen zaion hori etengabe erabiltzen da eta eguneroko objektu eta egoeren irudi intimistak dira. Erresistentzia dute hizpide eta deklarazio politiko bihurtzen dira.