Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Chantal Akermanen bidez pentsatzea: genealogia bat abian programa publikoa antolatu du 2025eko uztailaren 14, 15 eta 16rako, museoan urrira bitartean ikusgai egongo den Chantal Akerman. Irudiari aurre egitea erakusketari loturik. Programa horretan, Akermanek bere zinema-lanetan adierazitako kezka estetikoek eta gaiek haren filmetatik haratago zer inplikazio dituzten aztertuko da, baita geografia-eremu desberdinetako zenbait zinemagile-belaunaldirentzat abiapuntu nola diren ere. Claire Atherton Artium Museoko erakusketaren komisario eta Akermanen ohiko lankideak eta Erika Balsom ikertzaile eta Londresko King’s Collegeko zinema-ikasketetako irakasleak parte hartuko dute mintegian. Jarduera doan izango da, lekua bete arte.
Hiru saiok osatutako programa publiko honen xedea da aztertzea Chantal Akermanek bere filmetan adierazten dituen kezka estetikoek eta gaiek zer inplikazio dituzten haren filmetatik haratago eta nola diren askotariko erreferentzia bisualak eta muntaketarekiko loturak ikertzeko abiapuntu.
Hitzaldietan eta materialen proiekzioetan oinarriturik, konstelazio bat proposatzen da –lausoa batzuetan, argiagoa bestetan– zenbait zinemagile-belaunaldiren obren inguruan. Ibilian sortutako genealogia bat da, zinematografia feministak haien mugetatik kanpo pentsatzeko gonbita egiten duen ibilbide bat.
Chantal Akermanen bidez pentsatzea: genealogia bat abian programak Akermanen lan-metodoak ezagutzeko bidea eman nahi du, bai eta erakutsi ere nola lan egin duten beste zinemagile feminista batzuek haren ohiko gaien gainean beste hizkuntza eta geografia batzuetatik, zinemari buruz duen ideia baliagarri nola gerta dakiguken pentsatzeko eta historia hurbilari galderak egiteko.
Andoni Imaz komisario eta zinema-kritikaria eta Arantza Santesteban Artium Museoaren Ikerketa eta Programa publikoen komisarioa dira mintegiaren komisarioak, eta Claire Athertonek eta Erika Balsomek ere parte hartuko dute bertan.
Claire Atherton, Chantal Akermanen ohiko lankidea, zinema-muntatzailea da. San Frantziskon sortu zen 1963an, eta, filosofia taoistak eta ideograma bisualek erakarrita, hizkuntza eta zibilizazio txinatarrak ikasi zituen; gero, Parisko Louis Lumière eskolan sartu zen, arlo profesionalean. Soinua landu zuen, eta argazki-zuzendari ere izan zen, baina muntaketaren arloan egin zuen bere bidea. Centre audiovisuel Simone de Beauvoir zentroan lan egin zuen zenbait urtez, bideo-teknikari modura, Carole Roussopoulos eta Delphine Seyrigekin lankidetzan.
Erika Balsom, bestalde, Londresko King's Collegeko Zinema eta Hedabideetako irakasle da. Lau liburu eman ditu argitara, horien artean TEN SKIES (2021) eta After Uniqueness: A History of Film and Video in Circulation. Idatziak plazaratu ditu e-flux, Frieze eta New Left Review aldizkarietan, besteak beste, baita katalogoak ere, Ed Atkins, Sarah Sze eta Jeff Wall artistenak, esaterako. 2022-23an, No Master Territories: Feminist Worldmaking the Moving Image (HKW Berlin/Varsoviako Arte Modernoko Museoa) erakusketaren komisariokide izan zen; erakusketa hori Osloko Kunstneres Hus galerian ikusgai izango da 2026an.
Programan zehar, Artium Museoan ikertzaile egoiliar modura jardungo du Andoni Imaz komisario eta zinema-kritikariak (Urretxu-Zumarraga, 1996), Akermanen obraren eta hark euskal testuinguruko errealitate zinematografikoan duen eraginaren azterketan sakontzen.
Sarrerak Online
Denda Online