Astelehena, 08 Iraila 2025 07:53

Programa publikoak Artium Museoan. 2025eko udazkena

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, udazkeneko programa aurkeztu du, gorputza, ahotsa eta performatibitatea ardatz izango dituzten jarduera publikoen proposamen zabalarekin. Programak barne hartzen ditu hitzaldiak, lantegiak, proiekzioak, topaketa profesionalak eta performance ziklo bat, baita hezkuntza ekimenak eta familiei edo prestakuntza programei zuzendutakoak ere.

Iraileko azken asteburuan Trama programaren bigarren edizioa egingo da, mugimenduan dagoen irudiaren inguruko diziplinarteko programa. Oraingoan, ekofeminismoei eta ingurumen-justiziari eskainiko zaio, eta antropologia, zinema edo artea bezalako esparruetan erreferente diren adituek parte hartuko dute: Yayo Herrerok (Madril, 1965), Marc Badalek (Bartzelona, 1976), Mónica Nepotek (Guadalajara, Mexiko, 1970), Amaia Mirandak (Leioa, 1993), Lizar Begoñak (Sopela, 1996), Idoia Zabaletak (Gasteiz, 1970), Xiana do Teixeirok eta Teresa Castrok. Garbiñe Ortega eta Arantza Santesteban dira programaren komisarioak.

Urriko hirugarren asteburuan Lotura mekanikoak programaren hirugarren edizioa egingo da, museoan bizitzeko era batzuk eta besteak esploratzea helburu duen performance zikloa. Programan parte hartuko dute Clo Plasek (Xiana Arias (Fonsagrada, 1983) eta Berio Molina (Fonsagrada, 1979)), Estanis Comellak (Lleida, 1985), Patrick Hamiltonek (Lovaina, 1974), Leonor Lealek (Jerez de la Frontera, 1980), Ángela Millanok (Vitoria-Gasteiz, 1987) eta María Salgadok (Madril, 1984). Iñaki Martínez Antelok eta Catalina Lozanok komisariatuko dute performance ziklo hau.

Azaroan, Marwa Arsanios artista libanoarrari eskainitako bakarkako erakusketa inauguratuko da, Agustín Pérez Rubio komisario dela. Sortzaile honi Estatuan eskainitako lehen erakusketa da, eta Turingo Fondazione Sandretto Re Rebaudengo-rekin batera ekoitziko da.

Erakusketaren barruan, Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984), Unai Iturriaga (Durango, 1974) eta Sustrai Colina (Urruña, 1982) consonnirekin elkarlanean antolatutako bertso-saio batean arituko dira.

Udazkenero bezala, museoak familiei zuzendutako hezkuntza-programa zabal bat ere abian jartzen du, publiko guztientzat diseinatutako jarduerak eskainiz.

Udako parentesiaren ondoren, familientzat pentsatutako hileroko amarauna programari ekingo diogu berriro. Lehen hitzordua irailaren 20an izango da, larunbata, Sergi Bukaren argi-itzalen ikuskizunarekin, Magialdia jaialdiarekin elkarlanean.

Urrian Bor-bor izeneko asteburuko lantegi irekiak itzuliko dira, arte garaikidearekin familiartean esperimentatzera gonbidatzen dutenak.

Era berean, ikasturtearen hasierarekin batera, Artium Museoak hainbat prestakuntza-etapari zuzendutako 2025-2026 ikasturterako hezkuntza-programetan izena emateko epea ireki du.

Urriko lehen astean, UNEDekin elkarlanean antolatutako unibertsitate-hedapeneko ikastaroaren hirugarren edizioa inauguratuko da. Arte garaikidearen lengoaiak eta praktika museologikoak ardatz dituen ikastaro hau sei saiotan egingo da asteazken goizetan, eta, museoko taldeez gain, artearen eta museologiaren arloko profesionalek ere parte hartuko dute, hala nola Haizea Barcenillak (Lezo, 1981), Isabel Mellének (Gasteiz, 1986) edo Leire Vergarak (Bilbo, 1973).

Azkenik, Euskadiko Filmategiko zikloen proiekzioak urrian itzuliko dira Klasikoak programarekin, eta aurten asteazken arratsaldeetan izango dira. Artium Museoa Euskadiko Filmategiaren zinema-zikloen egoitza ofiziala da 2021eko urriaz geroztik. Ziklo horietan beste espazio eta erakunde batzuek ere parte hartzen dute, hala nola, Tabakalerak eta Bilboko Arte Ederren Museoak, edota Donostiako Zinemaldiak eta Donostia International Physics Center-ek.

Irudiak eskatu

Prentsa-ohar osoa (pdf)

 

PROGRAMA PUBLIKOAK

Trama
Irailaren 26an (ostirala), 27an (larunbata) eta 28an (igandea)

TRAMA programak mugimenduan dagoen irudia eta artearen eta pentsamenduaren beste diziplina batzuekin duen harremana aztertzen du. Bigarren edizio honetako programak ekofeminismoak eta ingurumen-justizia ditu ardatz nagusi, eta lurraldearekiko harremana eta hark bizi dituen gatazkak hedatzen eta aztertzen dituzten ikerketa artistiko ekokritikoen jardunbideei arreta jartzera gonbidatzen du.

TRAMA Garbiñe Ortegak eta Arantza Santestebanek komisariatutako Artium Museoaren programa bat da.

Ikus hemen programa osoa

Jarduera guztiak doakoak dira baina kontuan izan tokia mugatua dela; Yayo Herreroren lantegian berriz lagun-talde mugatu batek parte hartu ahal izango du eta horretarako motibazio gutun bat bidali beharko da (gehienez 200 hitz) irailaren 15a baino lehen, izen-emateak@artium.eus helbidera; azkenik, Idoia Zabaletaren performancean (65 min) parte hartzeko izena emandako hurrenkera izango da kontuan, hori ere izen-emateak@artium.eus helbidean.

 

Lotura mekanikoak III. Praktika performatiboak museoan
Urriaren 17an (ostirala) eta 18an (larunbata)

Lotura mekanikoak performance-zikloaren hirugarren edizioak espazioak aktibatzeko aukerak aztertzen jarraitzen du, ahots ugarirekin enuntziazio-leku berezietatik performancea jorratzen duten artisten lanaren bidez. Asteburu batean Artium Museoko espazioetan bilduta, lanak beren espezifikotasunetik artikulatzen dira, aldi berean testuinguru jakin batean bizi den eta testuinguru berri bat sortzen duen esperientzia bat eraikitzeko.

2025ean, Lotura mekanikoak urriaren 17tik 18rako asteburuan egingo da, eta ondokoak izango dira parte-hartzaileak: Ángela Millano, Leonor Leal, Patrick Hamilton, Clo Plas (Xiana Arias eta Berio Molina), María Salgado eta Estanis Comella.
Iñaki Martínez Antelok eta Catalina Lozanok komisariatutako Artium Museoaren programa bat.

Aurki aurkeztuko da programa osoa

Sarrera doan. Toki mugatua. 17tik19ra bitarteko asteburu osoan Museoko sarrera doan izango da.


Bertso-saio espekulatiboa
Azaroaren 8an, larunbata, 12:00etan

Azaroaren 7an, ostirala, museoak The Land Shall Not Be Owned erakusketa inauguratuko du, Marwa Arsaniosen (Washington. D.C., 1978) lanaren atal berri bat, lurra banatzeko eta erauzteko politikari buruzkoa, Kurdistanen, Iraken, Siriako ipar-mendebaldean, Kolonbian eta Libanon lurra erreklamatzeko borroketan oinarritua.

Erakusketa horren esparruan, Artium Museoak, consonnirekin lankidetzan, Zirroborroak eta gero proiektuan inspiratutako bertso-saio bat antolatu du. Argitaletxearen bilduma horrek kontakizun laburrak biltzen ditu, gaur egun dauden esperientzia zehatzetatik abiatuta etorkizun alternatibo eta utopikoak irudikatzen dituzten alegiak.

Testuinguru horretan, Uxue Alberdi, Unai Iturriaga eta Sustrai Colina bertsolariek bat-bateko saio bat egingo dute bi proiektuetako kezka nagusien inguruan, eta Ainhoa Urien izango dute lagun, gai-jartzaile.

Sarrera doan. Toki mugatua

 

HEZKUNTZA ETA FAMILIA-PROGRAMAK

amarauna
Hileroko programa. Hilaren hirugarren larunbatean, arratsaldez.

amarauna hilean behin egiten den familientzako programa bat da, hainbat hizkuntza artistikotara hurbiltzea proposatzen duena. Dantza, musika, arte eszenikoak, antzerkia eta narrazioa elkartzen dira, eta sortzen den giroan helduek eta txikiek arteaz batera gozatzen dute.

Ikus hemen programa osoa

6 urtetik aurrerako haurrentzat, heldu bat lagun dutela.
Doako jarduera. Toki mugatua. Komenigarria da erreserba egitea: 945 20 90 90 (erreserbak jarduera hasi biaino hamar minutu lehenagora arte gordeko dira).

 

2025-2026ko eskolako programak
Irailaren 1etik zabalik dago Artium Museoaren 2025-2026 ikasturterako eskola-programetan izena emateko epea, maila guztietara egokitutako proposamenekin, haur hezkuntzatik hasi eta unibertsitateraino. Programa horietan, artearen bidez, elkarrizketa-gune bat sortu nahi da museoko eragile guztientzat: ikasleentzat, irakasleentzat eta hezitzaileentzat, eskola-curriculumaren eta museoaren edukiak integratuz, talde bakoitzaren beharrei egokitutako prozesu batean.

Artium Museoaren eskola-programen eskaintza zabala artium.eus webgunean argitaratuta dago, baita programa horietan izena emateko modua ere. Programa guztiak doakoak dira.


PRESTAKUNTZA PROGRAMAK

Praktika museologikoak eta diskurtso kritikoak arte garaikidean
Unibertsitate Hedakuntzako Ikastaroa, Gasteizko UNED Ikastegiak eta Artium Museoak antolatua

Ikastaroak ibilbide oso bat eskaintzen du gaur egun arte garaikideko bildumen eta erakusketen kudeaketa osatzen duten praktika profesionaletan barrena, bai eta horiek zeharkatzen dituzten esparru diskurtsibo eta estetikoetan barrena ere. Sei saio espezializaturen bidez, museo garaikide batean erregistratu, dokumentatu, kontserbatu eta komisariatzeko eginkizunak sakonki ezagutuko dituzte ikasleek, eta, aldi berean, egungo praktika artistikoen berri ematen duten eztabaida filosofiko, estetiko eta politikoak aztertuko dituzte.

Proposamena Artium Museoaren esperientzian eta benetako kasuetan oinarrituta dago, eta museologia teoria kritikoarekin, estetika garaikidearekin eta antropologia kulturalarekin lotzen duten diziplinarteko ikuspegi batetik egiturata.

Ikus hemen programa osoa

Aurrez aurrekoa (doan) eta online (matrikula, 40 €)
Urriaren 1etik azaroaren 5era (astean behin, 10:00etatik 12:30era)

 

ZINEMA

Klasikoak. Euskadiko Filmategia

Urriaren 1ean hasiko da Artium Museoan Klasikoak, Euskadiko Filmategiak Donostia Zinemaldiaren laguntzarekin antolaturik museoa egoitza duen zinema-programaren edizio berri bat. Zikloak zinema unibertsalaren historiako hainbat klasiko zahar eta moderno berreskuratzera gonbidatzen du eta Notorious [Encadenados] (Alfred Hitchcock, 1946) izango da proiektatuko den lehen filma.

Nobedade gisa, emanaldiak asteazkenetan izango dira, ostegunetan izan beharrean. Zikloak abendura arte iraungo du eta 12 saio izango ditu.

 

CinémArtium
Artium Museoak, Institutu Frantsesarekin lankidetzan, zinema-saioak proposatzen ditu jatorrizko bertsioan, frantsesez, museoko Emanaldi aretoan, hileko azken astearteetan. Udazken honetako lehen filma Les goûts et les couleurs (Michel Leclerc, 2022) izango da, irailaren 30ean, asteartea.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand