Astelehena, 01 Abendua 2025 14:18

Artium Museoak 'Gabonak 2025' ekimena aurkeztu du, museoaren eguberrietarako programazio berezia

Asteburuko Bor-bor lantegi irekiek egutegi berezia izango dute abenduko zubian, hilaren 6an, 7an eta 8an egingo baitira saioak

Gabonak egitaraua abenduaren 13an hasiko da: Arene Onaindiak pantomima ikuskizun bat eskainiko du amarauna programaren barruan

Museoak gabonetako ohiko lantegiak eskainiko ditu abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2tik 4ra

Abenduaren 27an Neguan matinée hasiko da, familientzako goizeko zinema-saioen programa berri bat, eta martxora arte iraungo du

Gazteenentzako irakurketa-guneak argitalpen-sorta berri bat izango du gabon hauetan. Han, Raisa Álavaren Nomen Omen murala aurkeztu berri da

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak familientzako eguberrietako jarduera-programa aurkeztu du. Besteak beste, Arene Onaindia mimoaren emanaldia, lantegi irekiak eta ikusle guztientzako goizeko zinema-saioak eskainiko ditu museoak. Horrez gain, igandeetako Bor-bor lantegien egutegia indartu du, eta abenduaren 6an, 7an eta 8an izango dira saioak. Gainera, museoak bisitari gazteenentzako irakurketa-gune bat dauka, txikienentzako argitalpenen-sorta berezi batekin. Bestalde, Artium Museoko aretoetan hainbat erakusketa egongo dira ikusgai: Bildumakoa, Marwa Arsaniosen hainbat lan biltzen dituen Lurrak ez du jaberik izango eta ekoizpen artistikorako Arteleku zentroari buruzko Artelekun zehar. 1987-2002 aldi baterako erakusketak, hain zuzen ere.

Abenduko zubia dela eta, Artium Museoak igandeetako Bor-bor lantegien egutegia indartu du, eta abenduaren 6an, 7an eta 8an egongo dira saioak. Gabonetako jardueren proposamen berezia abenduaren 13an hasiko da, larunbatarekin. Arratsaldeko bostetan, hilean behingo amarauna saioa izango dugu. Oraingoan, Arene Onaindia mimoak bere pantomima ikuskizuna aurkeztuko du: Le nouveau menu du chef. Ikuskizun horretan, sukalde-laguntzaile batek errezeta bat prestatuko du, baina ez zaio uste bezala aterako. Trama eratzen duten hiru pertsonaiak antzeztuko ditu Onaindiak, haien gorpuztasunarekin eta izaerarekin jolastuz. Arte Eszenikoetako gradua du, eta keinuen bidezko antzezpenean eta mimoan espezializatu zen Santanderreko Nouveau Colombier nazioarteko eskolan. Le nouveau menu du chef ikuskizuna 8 urtetik gorako ikusleentzat da egokia; betiere, haurrek heldu batekin etorri behar dute. Sarrera librea da eta tokia hartzea komeni da, telefono-zenbaki honetara deituta: 945 20 90 20.

Artium Museoak lantegi irekien programa bat antolatu du eguberrietarako: Ikusezina ehuntzea. 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzako da egokia; betiere, heldu batekin etorri behar dute. Hariekin, koloreekin eta inguruko eta lorategiko materialekin jolas eginez, joskintza batzeko, konpontzeko eta eraldatzeko topagune bihurtuko dute. Partaideek hostoak, loreak, oihalak, marrak… erabiliko dituzte josteko, eta eskuei ideiak, emozioak eta kezkak moldatzen utziko diete. Lantegiak abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2tik 4ra egingo dira, goizez eta arratsaldez. Sarrera librea da eta ez dago aurrez tokia hartu beharrik.

Neguan matinée, familientzako zinema-saioak larunbat goizetan
Horrez gain, museoak Neguan matinée jarriko du martxan gabonetan, adin guztietako ikusleentzako goizeko zinema-saioen programa bat, genero eta proposamen zinematografiko zainduak biltzen dituena, istorio zoragarrietan barneratzeko. Programa abenduaren 27an inauguratuko da, larunbatean, Sagarrondoko ipuin misteriotsuak filmarekin (David Súkup, Patrik Pašš, Leon Vidmar eta Jean-Claude Rozec, 2025). Pelikulak kontatzen du nola irudimenak eta kontakizunek, sendatzeaz eta inspiratzeaz gain, gehien maite ditugun pertsonengana hurbiltzen lagun diezaguketen (5 urtetik gorakoentzat). Urtarrilaren 3an Tximinoen Izarra (Linda Hambäck, 2021. 75 min) proiektatuko da, euskaraz; eta urtarrilaren 10ean, Buenos días mundo (Anne-Lise Koehler & Éric Serre, 2019. 61 min), gaztelaniaz. Neguan matinée eguberrietan hasiko da, baina martxora bitartean eskainiko ditu saioak, larunbatero, 12:00etan. Haurrek heldu batekin etorri behar dute, eta ez dago aurrez izena eman beharrik.

Azkenik, Raisa Álava artistak museoko bisitari gazteenentzako irakurketa-gunean egindako Nomen Omen horma-irudia aurkeztu berri du museoak. Gune hori artea irakurketaren, sormenaren eta ikaskuntzaren bidez bizitzeko toki bat da. Izan ere, eskuragai dauden argitalpenek abenturak bizitzera, askotariko munduak esploratzera eta, jakina, jardunbide artistikoetara hurbiltzera bultzatzen dituzte irakurleak. Irakurketa-gunea museoaren ordutegi berean egongo da irekita, eta sarrera doakoa da.

 

Gabonak. Familientzako gabonetako egitaraua Artium Museoan

Bor-bor. Asteburuko lantegi irekiak museoan
abenduak 6, 7, 8, 14 eta 21, eta urtarrilak 11, 11:30etik 13:00etara
3 eta 12 urte bitarteko haurrak, heldu batekin. Aurrez tokia hartu gabe

amarauna: Le nouveau menu du chef. Arene Onaindia
abenduak 13, 17:00
Pantomima ikuskizuna. Testurik gabe
Tokia hartzea komeni da: 945 20 90 20

Gabonetako lantegi irekiak. Ikusezina ehuntzea
Abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2tik 4ra, 11:30-13:30 + 17:30-19:30
3 eta 12 urte bitarteko haurrak, heldu batekin. Aurrez tokia hartu gabe

Neguan matinée. Adin guztietako ikusleentzako zinema-saioak
Abenduak 27, Sagarrondoko ipuin misteriotsuak (David Súkup, Patrik Pašš, Leon Vidmar eta Jean-Claude Rozec, 2025). ES
Urtarrilaren 3an, Tximinoen Izarra (Linda Hambäck, 2021). EU

Haurrentzako irakurketa-gunea
Sarrera librea, museoa zabalik dagoen ordutegian


Museoko hezkuntza-jarduera guztiak doakoak dira, aretoa bete arte.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand